Ikastolak

Laskorain Ikastola. Tolosa

Laskorain Ikastolaren historia aipatzerakoan, ezin dugu ahaztu aurrez eta izen berarekin Tolosan egon zen Ikastola. 1922. urtean urtarrilaren 9an sortu zen Tolosako Ikastola, Felipe de Gorriti plazan. Euskal Herri mailan lehenengotakoa izan zen eta hauek bere sortzailek: Ramón Larrañaga, Doroteo Ziaurriz, Juan Antonio Irazusta, Pepe Eizagirre, Periko Laskibar, Isaac López Mendizabal, Jose María Agirre "Lizardi", Antonio María Labayen, Luis Sesé, Elosegi, Patrizio Orkaiztegi, e.a. Euskal Herriko historiara hizki handiz pasa dira hauetako batzuk.

Gerra aurreko Ikastolak gela bakarra zuen eta bertan egoten ziren adin guzietako haurrak. Irakasleak M.ª Dolores Arbilla Mendizabal eta Juanita Goikoetxea izan ziren. Erabili zituzten liburuak sortzaileetako batek, Isaac Lopez Mendizabalek, eginikoak ziren: Xabiertxo, Umearen laguna, Martin Txilibitu.. Liburu hauez gain Enciclopedia liburua erabiltzen omen zuten. Bestalde, erlijioak garrantzi handia zuela esan beharra dago eta horretarako Kristau Ikasbidea erabiltzen zuten ahaztu gabe. Gorritiko Ikastolan haur guztientzat tokirik ez zegoenez, Laskorain kalean beste gela bat ireki zen. Gutxi gora behera 1930-1931 garren urtean ireki eta Gerra Zibila etorri zenean itxi beharra izan zuen. Laskoraingo Ikastolan lau andereño ibili ziren: Ixidora Mokora, Inaxi Munita, Miren Brau eta Modesta Segurola, nahiz eta buru M.ª Dolores Arbilla izan. Gerra Zibilaren pndorioz euskalgintza guztiak errepresio gogorra jaso zuen, Ikastolak barne.

Gerraren ondorioz jarri zen Diktadurak, euskara eta euskal identitatearekin erlazionaturik zegoen guzia zanpatu eta zigortu zuen. Egoera larriak jasan arren, 1967. urtean, oraindik diktaduraren menpean, isilean berriro ere Ikastola berri bat ireki zen, gaur egungo Laskorain Ikastola. Hirukote bat izan zen Ikastolaren hazia erein zuena: Juanito Garmendia, Manolo Ugarte eta Bibiano Larramendi.

Hauen eta beste batzuen ekimenez, 1967ko urrian Laskorain Ikastola martxan jarri zen., titularraren izena Edurne Ormazabal. Paper ofizialetan Eskola partikular bezala agertzen zen eta bere helbidea Zumalakarregi kalean zegoen. Aurreneko hiru andereñoak, Mari Kruz Ugarte, Manolo Ugarteren alaba, Begoña Arrate maistra tituluduna eta Belen Karrera izan ziren. Hasierako klaseak Oria erreka ondoko txalet huts batean hasi ziren ematen, horretarako hiru pisuko etxe txiki bat egokitu behar izan zuten, atzealdean berroei metro koadroko patioa zuelarik.

Ikastola legez kanpo zegoenez, kultur elkarte bat eratu zen, horrela jaio zen Lizardi Euskal Kultur Elkartea, Labayen jauna lehendakari zuelarik. Elkarte honetako bazkideak Ikastolaren laguntzaileak ziren eta elkarte honen babesean azaldu zen Laskorain Ikastola.

1968an, Ikastola parbulario bezala irekitzeko baimena iritsi zen Zumalakarregi kalean, 14ean, Edurne Ormazabalen izenean. Aipatu behar da 1968an, Tolosako Ikastolako guraso taldeko baten izenean (Edurne Ormazabal) erregistratu zela Ikastola. Talde hori osatzen zutenetako batzuk hauek izan ziren: Bibiano Larramendi, Antonio Labaien, Mirentxu Imaz, Juanito Garmendia, Manolo Ugarte, Josetxo Uria, Asintxo Ondarzabal, Joxe Leon Iriarte, Dionisio Ormazabal...

1968-69 ikastaroan 140 haur zeuden Ikastolan eta bi andereño tolosar berri: Nekane Karera eta Ixiar Arrue. 1972an Ikastolak Sakramentinoen eraikuntza hartu zuen. Urte honetan hamahiru irakasle eta ia 400 haur zituen Laskorain Ikastolak.

1976an Ikastolaren titularitatea Guraso Elkartera pasa zen. Laskoarain Ikastolako Ikasleen Guraso Elkarte Kooperatiba (S. Cooperativa de Padres de Alumnos de Laskorain) eta bere egoitza Sacramento kalean 22an zegoen. "Txabolak" deituriko egiturak eraiki ziren hazkunderako baimenak lortzeko asmoz. Batxilergoko aurreneko ikasturtea abian jarri zen, Inmakulada ikastetxeko titularitatearen babesean eta hauen ikastetxean.

Ikastolaren sorreran azpimarratu beharrekoa da elkarlanerako arlo ezberdinetan zegoen altruismoa. Altruismo honen adibide bezala, hilero eskola kuota ordaindu beharra aipa genezake. Urte askotan guraso bakoitzak, libreki, berak aukeratutako kantitatea ordaindu izan zuen. Aipatu behar da, baita, altzariak egiteko Tolosako zenbait enpresen egindako eskaintzak.

1977an Batxilergoko ikasketak emateko baimena lortu zen da eta autonomia osoz funtzionatzen hasi. 1980tik 1986arte, OHOko bigarren etapa, gaur egun Musika Eskolaren egoitza dena eta ordura arte Eskola Publikoaren egoitza izan zen eraikuntzan ,kokatu zen. 1980an Tolosako Ikastolak, bere aurreneko Gipuzkoa Ikastolen Festa, Kilometroak, antolatzen du.

1984an titular aldaketa ematen da, berriro ere. Jabe berria Usabalgo Laskorain Ikastola S.C.L. izango da, kooperatiba eredukoa izaten jarraitu zuen eta egoitza Usabal kaleko 26 zenbakia. Aldaketaren arrazoia Estatuen egokitzapena egitea izan zen. 1986an OHOko eraikuntza inauguratu eta martxan jarri zen. 1988an Ikastolak sorreraren urtemuga, 25 urteak ospatu zituen.

1993an, Maiatzaren 24an Euskal Estola Publikoaren legeari dagokion erabakia hartzerakoan, Kooperatibaren Batzarrak sare publikoan ez integratzea erabaki zuen. Sakramentinoetako eraikuntzaren alokairu kontratu berria sinatu zuen 20 urterako eta bertan barne berritze erabatekoa gauzatzen da. 1995ean Publikoan ez dauden beste ikastolekin batera Partaide bigarren graduko Kooperatiba eratzea erabaki zen.

1998an Gipuzkoako Ikastolaren Festa, Kilometroak 98, antolatu zuen bigarren aldiz, orain Ibarra, Anoeta eta Irurako Ikastolekin batera. 2000. urtean Batxilergorako eraikuntza berria martxan jarri zen, garai bateko "txabolak" ordezkatzeko.

2004ean EFQM ereduaren araberako memoria osatu eta zilarrezko Q lortu zuen 451-500 puntuko emaitzaz. 2005ean Sakramentinotako eraikuntzan berrikuntza egin zituen: beheko gelak eta jantokia berrituaz, igogailua jarri eta sarbide berria egin zen.

2007an Kazkabarra Aisialdi taldearen 25. urteurrena eta Laskorain Ikastolaren 40.urteurrena ospatzeko ekitaldiak egin ziren. 2008-2009 ikasturtea azpimarratzekoa izan zen, Kalitateko Urrezko Q saria lortu zuen eta 0-2 urteko etapa martxan jarri. Ekarpen hauekin Ikastola 0-18 eskaintza osoa emateko prestatu zen. 2010. urtean Sakramentinoen eraikuntza erosi zuen.



  • AGIRRE, Paulo (2012): Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Gure Laskurain ikastolak, 25. Ikasturtea betetzen baitu¡ Tolosa Ikastola 25. urteurrena Tolosa
  • Laskorain Ikastola [Web]. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 23].