Ikastolak

San Frantzisko Xabier Ikastola. Arrasate

Arrasateko Ikastolaz hitz egiterakoan ezin dugu ahaztu II. Errepublika garaian Arrasaten sortu zuten Ikastola. 1931n, Errepublika ezarri zenean, eskola publikoa laikoa bihurtu zen, ondorioz irakaskuntzan zeuden ezaugarri erlijiosoa guztian desagerrarazi nahi izan ziren, bai fisikoak (irudiak, gurutzeak..) baita irakaskuntzako eduki eta orientabideetan zeudenak ere. Egoera horren kontrako jarrera bezala Arrasaten kristau-sustraiko eskola berri bat sortu zuten, eta Patxi Mendizabal eta Juan Mari Zaitegi izan ziren bertako irakasleak. 1932an sortu zen Ikastola hark mutikoak bakarrik hartzen zituen. Eskolak Abade-etxean nahiz Mahalan ematen ziren, ikasleak adinen arabera banatuz: 10-14 urte bitartekoentzat Abade-etxean, eta 7-10 urte bitartekoentzat Mahala Errebalean zegoen Batzoki zaharreko frontoian. Gerra Zibila eta Erregimen politiko berriak bukarazi zieten lehen esperientzia hura eta urte asko igaro ziren euskararen eta euskal kulturaren aldeko mugimendu berria sortzeko Arrasaten.

1960 hamarkadan Ikastolaren aldeko aurreneko mugimenduak hasi ziren Arrasaten. Urte hauetan Ikastola sortzeko zegoen lege-oinarri bakarra Parroki Eskola eratzea zenez irtenbide hau, erabili zen San Frantzisko Xabier Ikastola sortzeko. Ekimen honetan On Jose Luis Iñarraren laguntza paregabea izan zen. Iparra argi izanik, 1967ko irailean hainbat herritar bilerak egiten hasi ziren proiektua martxan jartzeko, horretarako beharrezko urratsak emanez: beste herrietatik informazioa bildu, aholkularitza jaso, irakasleak aurkitu eta hauek formazioa bideratu pedagogia ildo berrietatik ... Ikastolaren lehen titularra Arrasateko parrokia izan zen, Jose Luis Iñarra erantzule zelarik, eskola honen helbidea legala Resusta 47. zenbakia. Horrela 1968ko apirilean eskolak ematen hasi ziren, Zuzendaritza-batzordearen lehen lehendakaria Juanito Azkarate zelarik.

Hasierako Ikastola Parroki Eskola edo Katekesi bezala eratu zen. Aurreneko gela 3 eta 4 urteko 30 neska-mutikoentzat Abade-etxean prestatu zuten. Arrasateko Udalak, Francoren Diktadurapeko urte gogorrak izan arren, guztiz bat eginda egon zen herri-ekimenarekin, eta beste herri askotan pentsa ezina zena egin zuen, bera hasi Ikastolaren behar eta premien konponbide bila. Horrela Udalarenak ziren bi lokal eskaini zituen lehena Musakolako auzoan, Maisu Aranbarri kalean 1968ko abuztuko akordioari esker, eta bigarrena, beranduago, San Andres auzoan. Apustu honek izan zuen jarraipena ondorengo urteetan, Ospitale zaharreko gelak edota Gazteluondoko San Jose laga baitzituen.

Ikastola kudeatzeko eratu zen Patronatuan Udalak ere parte hartu zuen, hasieran Alkatea bera ere bertako berezko kide zelarik. Baina dena ez zen xamurra izan, mota askotako oztopoak ere sortu baitzitzaizkion: Gazteluondoko San Jose ikastetxearen erabilera lortzeko Administrazioak jarritako eragozpenak adibidez. 60 hamarkadaren azkenaldira biatoristek ikastetxe berria eraiki ondoren, 1970ean Udalak Ikastolari eskaini zizkion San Jose Ikastetxeko gelak.

Zailtasun ekonomikoei aurre egiteko, herriarengana jo zuten eta honek bikain erantzun. Ikasgelak egokitu eta moldatze lanetan gurasoek eta bazkideek parte hartu zuten, lagun askok urtean 1.000 pezetarainoko kuotak ordainduz. Erakunde mailan, Udalak andereño baten urteko kostua finantzatzen zuen, SUDCek elkarteak - hasieran lau gastronomi elkarteek osatua- irakasle baten prestakuntza beka, DANOK Euskal Kultur Elkarteak etengabeko laguntza jaialdiak antolatzen eta diru biltzen, baita Lan Kide Aurrezkiak eta beste aurrezki-etxe batzuek, kooperatibek eta zenbait enpresek ere diru-laguntzak oparoak eman zituzten.

1970eko martxoan ofizialtasunerako eskari espedientea entregatu zuten, baina bi urte baino gehiago igaro ziren behin-behineko baimena lortzeko. 1970ean ALMEN eta Elgetako Ikastolaren laguntzari esker, akordio bat medio, Ikastolako 38 haurrek bere eskola-liburua izan zuten. Urte honetan, 10 ikasgela zeuden guztira: 4 Musakolan, 3 San Andresen eta beste 3 Ospitaleko etxabean. 1970ean titular aldaketa ematen da Ikastola eta Kooperatiba Integral bezala eratu zen, San Frantzisko Xabier Irakaskuntza Kooperatiba Elkartea (bertan langile, guraso eta kolaboratzaileak zeudelarik).

1972a barne eztabaida urtean izan zen, Zuzendaritza-Batzordearen eta irakasleen artean, une latz eta tristeak. Urte horretan egindako batzarretatik, aipatzekoa maiatzak 3an egindakoa: Erlijioa eta Zuzendaritzaren autoritatea gai nagusia zelarik. 1975ean, urte horren bukaeran Musakola eta Gazteluondoko lurrak erosteko akordioa sinatzen da. 1976 Gazteluondoko Ikastola berria estreinatzen da. Urte hauetan euskaren eta elkarlanaren alde egindako apustuak eragina izan zuen bailarako beste eskoletan, horrela, San Viatorrek erantzun zuen lehenik eta Ikastolako talde bat pasa zen ikastetxe horretara euskarazko lerroa hasteko. Ikastolaren ekimenaren emaitzak nabarmenak izan ziren ondorengo urteetan: 1978rako 3 urteko haurren %70a euskaraz eskolatua zegoen.

1978an Eskola Publikoarekin bat egiteko saioa aipatu behar da nahiz eta dena hutsean gelditu, lege-eragozpenak medio. 1985ean Uribarri auzoko Jokin Zaitegi Ikastola estreinatu zen. 1992an Ferixalekuko berriztapenaren proiektua egiten da. Urte horretan egiten dira baita 25. urteurreneko ospakizunak.

Historian zehar Ikastolak erabilitako gelak

Historian zehar Ikastolak erabilitako gelak
UrteaEraikina
1968Abadetxe
1968Musakola
1969Gaztuondo
1971Santa Teresa-Espino
1975Hospitalea
1976Gazteluondo
1976Ferixalekua
1976Erguin
1977Garagartza
1978San Isidro
1978Pablo Uranga
1979Uribe auzoa-1
1979San antolin
1981San Jospe
1981-1982Santa Teresa oktogonoa
1984Uribe auzoa-2
1985Uribarri-Jokin Zaitegi
1987Olarte

1993ko otsailaren 19an Eusko Legebiltzarrak Euskal Eskola Publikoaren Legea onartu zuen. Honela, hiru hilabeteko epea zabaldu zuen, Ikastolek sare publikoan sartzea ala pribatura pasatzea erabaki zezaten. Lege honek beste Lege batek -Eskola Publikoek eta Ikastolek bat egiteko 1989ko ekainaren 28an emandakoak- zabaldutako bidea itxi nahi zuen. Ordura arte Euskal Herriko hezkuntza sisteman zeuden hiru sareak murriztu nahi ziren. Ikastolak 1993ko urte hasieratik ekin zion Legearen eztabaida prozesuari, auzoetan bilera informatzaileak eginez eta maiatzaren 24an egindako Batzar Nagusian hartu zuen azken erabakia, botoen % 56,9arekin: Ikastola sare pribatuan gelditzea izan zen gehiengoaren hitza, 834 bazkidek parte hartu zuten Ikastolaren etorkizunari buruzko erabakian.

2000. urtean hausnartze eta adoste prozesu baten ondoren, Eskoriatzako Almen Ikastola eta Arrasateko San Frantzisko Xabier Ikastolak, San Viator Ikastolak eta Umezaintzak bigarren mailako Arizmendi Kooperatiba eratu zuten, 2003.urteaz geroztik juridikoki hezkuntza-enpresa bakar moduan dihardu.2003ko otsailean lau kooperatibetako Batzar Nagusiak desegin eta Arizmendi Lehen Mailako Kooperatiba bihurtu zen. Egungo Arizmendik hartu zuen lan guztien ardura. 2003ko irailaren 1etik Arizmendi da Leintz Bailarako ikastola kooperatiba bakarra.