Kontzeptua

Museistikaren historia eta garapena

Museo terminoaren definizioa modu erregulatuan XX. mendean sortzen da eta hasieratik gaur egun arte honen esanahiak hainbat moldaketa eta hedapen jasan ditu. ICOM erakundearen arabera (Museoen Nazioarteko Kontseilua), museoa honela definitzen da: "Erakunde iraunkorra da, irabazi asmorik gabekoa, eta gizartearen esanetara dago; gizakia eta honen testuinguruarekin lotutako materialak eskuratu, kontserbatu, komunikatu eta aurkeztu egiten ditu, beroiek ikertu, irakatsi eta gozatzeko asmoarekin".

Ikuspuntu etimologiko batetik, museo hitzak mouseion hitz grekoan du jatorria, latinez museum. Berez, musen etxea esan nahi du, horiek baitziren edozein pentsamentu mota eta sormen artistikoen jainkosa inspiratzaileak.

Museoaren historia eta garapena gizakiaren bilakaerari estuki lotuta daude. Erakunde honen oinarriak kultura grekoak finkatu bazituen ere, objektuak metatu eta baliozko piezak biltzeko zaletasuna gizadiaren jatorritik existitzen da.

Prehistoria garaian, objektuak metatzeko zaletasuna horrek oso lotura zuzena eduki zuen hainbat faktoreekin, besteak beste, sentimendu erlijiosoa, misteriozko kontuen inguruko jakinmina eta edertasunarekiko liluramendua.

Antzinako zibilizazioetan, gizakiaren existentzia berak eta beste munduarekiko kezkak bildumazalearen jarduera baldintzatu zuten. Adibidez, Ejiptoko zibilizazioko zenbait hilobi monumentuetan baliozko pieza eta objektu bilduma harrigarriak gorde zituzten. Gainera, gerrako zenbait harrapakin, esaterako Babilonia konkistatu ostean eskuratutako ondasunak, jendaurrean erakutsi zituzten, herriaren testigantza soziokultura eta historikoaren adibide gisa.

Greziako zibilizazioak, terminoari jatorri etimologikoa emateaz gain, egun daukagun museoaren inguruko kontzepzioaren oinarria finkatu zuen. Grezia klasikoan adostu zen sistema demokratikoak arte objektuez gozatu eta baliozko piezak biltzeko aukera errazagoa eta irekiagoa egin zuen, ordura arte, euren izaera autokratikoaren ondorioz, aurreko zibilizazioetan elitei mugatuta baitzeuden horrelako ekimenak. Adibide gisa, zenbait tenpluetako altxorrak aipa daitezke (Atenaseko altxorra, Delfoseko santutegikoa, Olinpiako santutegiko altxorra, besteak beste). Fededunen dohaintza edo zinopariz osatu ziren eta ikusi eta bisitatu egin zitezkeen sarrera ordaintzearen truke. Garaiko artista ospetsuenek egin zituzten pieza horiek. Inbentario orokor batean katalogatuta zeuden eta tenpluko hainbat aretotan erakusten ziren. Gogora ekarri beharreko beste adibidea Atenaseko Akropoliseko Propileotan zegoen pinakoteka da. Bertan gordetzen ziren ez bakarrik margolanak, baita antzinako beste objektuak ere -zutohialak, trofeoak, eta abar-. Bi terminoek, altxorra zein pinakoteka, egungo museoaren kontzeptuarekin harreman estua gordetzen dute.

Garai Helenistikoan zehar, museo terminoak dimentsio berria hartu zuen, zientifikoagoa. Musen etxea izateaz gain, kultura eta jakintza gunea ere bilakatu baitzen. Garai honetako mouseion delakoaren adibide esanguratsuena Alejandriako Liburutegia da, edota Jakintzaren Etxea. Bertan liburuak jasotzeaz gain, Ptolomeotarren dinastiak metatutako arte lan anitz ere bilu zituzten.

Erromatar munduan, pentsamendu helenistikoak utzitako eraginean oinarrituta, museoak bere lan zientifikoa garatzen eta zabaltzen jarraitu zuen, irakatsi, sortu eta ikertzeko lekua bilakatuz. Aldi berean, espoliazio, gerrako harrapaketak, erosketak eta antzeko bitartekoen bidez eskuratutako piezak biltzeko zaletasunak garapen handia lortzen du. Jendaurreko erakusketak antolatzen dira, baina batez ere eremu pribatuetan erakusten dira (jauregi eta etxaldetan). Bildumazaletasun pribatuaren goraldi honek arte lanen komertzioa, kontserbazio lanak eta arte erreprodukziorako tailerrak bultzatu zituen.

Erdi Aroan batez ere Elizak garatuko du bildumazaletasuna. Goi Erdi Aroan zehar, garaiko erlijio eta kultura zentru esanguratsuenek, hau da, eliza eta monasterioek, baliozko objektu eta arte lan multzo asko bildu zituzten. Behe Erdi Aroan, hiriguneen garapenari esker, bildumazaletasun paganoak berriro arrakasta izatea lortu zuen. Printzeak, jauntxo feudalak eta garaiko eliteak bultzada berri horren eragile nagusiak izan ziren. Hala ere, eremu eklesiastikoan zein hirietan bertan, izaera pribatua eta ondare artistikoak ez erakusteko nahia garaiko ezaugarri nagusiak izan ziren.

Errenazimenduan zehar, berez erromatarren garaikoa zen bildumazaletasun izpiritua berreskuratu zuten. XV. mendearen erdialdean, museoa terminoak jakintzaren etxearen esanahia galdu zuen eta gaur egun daukan kontzepziotik hurbilago dagoena lortu zuen. Horrela, termino horren bidez izendatzen zituzten arte pieza eta objektu bitxiek osatutako bildumak. Era berean, garai honetan nolabaiteko sintesia gertatu zen gurtzarako objektuen eta izaera paganoa zuten objektuen artean, hau da, erlijiozko artea eta arte profanoaren artean. Arte lanak dimentsio kultural berria lortu zuen, adierazgarri berria zen. Horrela, ondare artistikoaren kontzeptua sortu zen, berau museoen jatorria bilakatu zelarik.

Errenazimenduko kulturaren hainbat ezaugarri, esaterako, humanismoa, antropozentrismoa eta mezenazgoa, museoaren kontzepzio berrian eragina izan zuten garai honetan zehar. Kultura greko-erromatarra berreskuratu nahi izateak, gizakiaren sortze-lanen balorazioa eta dirudunek artistak babesteak, bildumazaletasun berria ekarri zuten. Jabearentzat balio ekonomikoa, nabarmentze nahia eta entzute soziala garrantzi handia izan zuten garai honetako bildumazalean.

Ikuspuntu historikoari so eginez gero, Florentziako Medicitarren familiak enkargatu zuen Uffizitarren Galeria (1564), museo bezala pentsatuta zegoen lehen eraikina litzateke. Proiektu honek jarraitzaileak izan zituen Italian bertan eta baita handik kanpo ere.

XVI. mendean zehar, eta batez ere XVII. mendean, Barroko garaiko urteetan, hainbat aristokrata, printze, errege eta Aita Santuk ondare garrantzitsua metatu zuten. Horiek oinarritzat hartuz antolatu ziren Europako museo garrantzitsuenak. Bilduma garrantzitsuenen artean honako hauek nabarmendu ziren: Erromako Aita Santua, Florentziako Medicitarren familia, Habsburgotarrak Viena eta Madrilen, Wittersbachdarrak Munichen, Hohenzoller Berlinen, Borbon-Parmarena Napolesen, Valoisdarrak eta Borbonena Parisen, Romanofftarrak San Petesburgon eta Carlos I.a Ingalaterran. Ezin ditugu alde batera utzi bilduma partikularrak eta bitxikeriaz osatutako burgesiaren gabineteak. Klase sozial berri hau aktibitate komertzial trinko bati esker garai honetan aberastu zen. Berez, mendearen bigarren erdialdean, 1683. urtean alegia, Oxforden sortu zen, Ingalaterran, instituzio publikoa bezala eratutako lehen museoa, Ashmolean Museum. Museo horren hasierako bilduma Elias Ashmole-n ondare pribatuaren elementu artistiko eta arkeologikoaz osatuta zegoen.

Iraultza intelektuala (Ilustrazioa) XVIII. mendean zehar gertatu zen eta horren eraginez arrazoiaren nagusitasunak usadiozko kontzeptu zaharrak ordezkatu zituen. Museoen arloan, munduaren kontzeptzio berri honek edukien espezializazio handiagoa ekarri zuen eta objektu edo pieza artistikoaren balorazio berria ere ahalbidetu zuen. Aurreko funtzioak galdu ondoren, handikeria eta entzute nahiaren adierazgarri izatea alegia, ondare artistikoa erakutsi egin behar zela uste izan zuten, eta aldi berean, horren inguruko ikerketa historikoa, estetikoa eta soziologikoa burutzea erabaki zen. Museoak ikaskuntzarako leku aproposak bihurtu ziren eta bertan erakusten zen ondarea herrialde edo nazio bakoitzaren balio historikoak goraipatzeko erabili zen. Museotara sarrera oraindik mugatua bazen ere, bertako ondareaz gozatzeko aukera oraindik gutxi batzuen pribilegioa baitzen, museo modernoaren kontzeptua mende honetan sortzen dela esan daiteke. Londresen 1753. urtean sortutako British Museuma eta Vienan 1783an ireki zuten Belvedere Galeria garaiko bi adibide dira.

Mende honen amaieran eta Ilustrazioaren izpirituaren eta Frantziako Iraultzaren (1789) babespean bi terminoen elkartzea gertatu zen, bilduma eta historia alegia. Prozesu horrek museo terminoaren kontzepzio modernoa baldintzatu zuen. Elkartze horretatik abiatuz, honako ideia zabaltzen hasi zen: artea herri baten existentziaren testigantza dela bere historian zehar eta, horren ondorioz, ikusle guztiek arteaz gozatzeko aukera izan behar dute. Horregatik, ondare artistikoa, ordura arte pribatua, amankomunezko ondare bihurtu behar da. Teoria hori praktikan jartzerakoan desamortizazioak gauzatu ziren, erregeen eta jabego pribatuen bildumak errekisatu ziren eta espoliazio arkeologikoak gertatu ziren. Hurrengo mendeko museo publikoak guzti horren emaitza izan ziren. Parisko Louvre museoa garai honetako adibide esanguratsuenetakoa da. Bildumazaletasun monarkikoa, Ilustrazio garaiko ikerlarien lana eta Iraultzako desamortizazioak oinarri izan zituen eta 1793an ateak behin betiko ireki zituen.

Instituzio museistikoaren izaera publikoa eta didaktikoa XIX. mendean zehar finkatzen da. Garai honetan zehar, elite politikoa eta ekonomikoa eratzen zuen burgesiak boterea hartzen du eta museoen bitartez euren izaera eta boterea legezkotzat jotzeko modua tpatzen dute. Hasieran erakunde horietara sarrera mugatuko badute ere aipatutako elitetako kideei, pixkanaka izaera publikoa sendotzen joango da. Alderdi didaktikoari dagokionez, iragan hurbilenean sortutako objektuen balio soziokulturala ontzat ematen da. Horregatik gizakion ekintza gehienak, ez bakarrik artistikoak, baita industrialak ere, museotan islatuta aurkituko dira. Horren ondorioz, une horretan museoaren espezializazio handiagoa gertatzen da bertan duen bildumaren arabera alegia. Horrela sortuko dira museo arkeologikoak, antropologikoak eta etnografikoak, arte dekoratiboetakoak, antzinako artekoak, arte modernoa eta garaikidekoak, eta beste hainbat edukietako museoak.

XX. mendean zehar, erakunde museistikoa garai berrietara moldatuko da. Ez da arduratuko ondarea babestu eta berau mantentzeaz bakarrik, aitzitik horren hedapena eta balorazioa sustatuko ditu. Horren ondorioz, museoa bildumak gorde, mantendu eta erakusteko besterik balio ez zuela zioen kontzeptua gainditu egin zen. Horren lekuan, museologia kontzeptu berria sortu da eta museoa bizirik dagoen erakundetzat jotzen da, bertako edukietatik abiatuz ikasteko aukera eskaintzen duelarik eta bisitari-ikusleen parte hartze zuzena eskatzen du.

Gaur egun, museoaren kontzeptuak egoera berrietara moldatzen jarraitzen du eta horrek bertako edukien konfigurazio eta definizioa berriak ekartzen ditu. Gero eta museo espezializatuagoak sortzeko joera dago eta erakusgai dagoen ondarearen balorazioa bideratzen gizartearen ikuspuntua aintzat hartzen da, pentsamolde eta kultura zehatz baten isla eta dokumentu izanik.

Gainera, kontzepzio berri honetan, alderdi ekonomikoak garrantzi handia hartzen du. Turismoa erakarri eta bertako ekonomia sustatzeko duen gaitasuna agerikoa da, hainbat kasutan museoak benetazko enpresa kulturalak bihurtzen direlarik.

Estatu mailan, Europako beste lurraldetan bezala, ondarea bilduma pribatuetatik eremu publikora igaro zen, aurretik aipatu dugun bezala, XIX. mendean. Mende honetan sortuko dira Madrilgo Prado Museoa bezalako Estatuaren museo esanguratsuenak. Hala ere, XX. mendearen hasieran, museoen inguruan aldaketa erabakiorrak gertatu ziren legedi berri eta modernoaren eraginez. Horrela, 1900. urtean Arte Ederretako Zuzendaritza Orokorra sortu zen Instrukzio Publikoa eta Arte Ederretako Ministeriora lotuta; 1911ean Indusketa Arkeologikoaren legea onartu zen; 1915ean Monumentu Historiko-Artistikoen legea finkatu zen; 1926ean Altxor Artistiko Nazionalaren inguruko legea, eta azkenik, 1933an Ondare Artistiko Nazionalaren legea.

Arautegi horri esker ondarea babestu eta kontrolatzeko baliabidea finkatu zen. Era berean, inbentarioa eta katalogazioa burutzeko lanak erraztu zituen, biak museo baten eraketan oinarrizko euskarriak izanik.

Euskal eremuari dagokionez, erakundeen bilduma eta bilduma pribatuen inguruko lehen erreferentziak XIX. mendearen amaieran eta, batez ere, XX. mendearen hasieran aurkitzen ditugu, garaiko egoera sozioekonomikoarekin hertsiki lotuak. Ikuspuntu ekonomikoari so eginez gero, euskal lurraldeak, eta Bilbok batez ere, garapen industrial handia bizi izan zuen eta horren ondorioz Europako beste industria guneekin harreman komertzial garrantzitsuak garatu zituzten, bereziki Frantzia eta Britainia Handiarekin. Era berean, urte horietan jarduera turistikoak garrantzi handia lortu zuen, bereziki Donostia hirian, errege-erregina, aristokrazia eta burgesiaren udako bizitokia baitzen. Horrela, bilduma pribatuak, modernoak eta kalitate handikoak sortu ziren. Tokiko elite politikoaren eta aipatutako egoera sozioekonomikoaren eskutik Euskadiko lehen bi museoak sortu ziren: Donostiako Udal Museoa, 1902an inauguratua, eta Bilboko Arte Ederretako Museoa, 1914ean irekia. Bi kasutan bilduma pribatuak izan ziren ekimen museistiko horien oinarria.

Donostiako museoaren kasuan, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eta bertako elite politikoak eta ekonomikoak museo historiko, artistiko eta arkeologiko baten sorrera bultzatu zuten. Lehen egoitza Arteen eta Ofizioen Eskolako Institutoan kokatu zuten, Garibay eta Andia kaleen artean; gero, 1911ean, Urdaneta kalean zegoen eraikin berria inauguratu zuten, museoa izateaz gain liburutegia eta eskola ere izateko asmotan; ondoren, 1932an, San Telmoko domingotarren komentuan instalatu zuten behin betiko. Hainbat talde sozialetako Donostiako lagun partikularren dohaitzak, eta bertako zein kanpoko erakundeen hainbat lagapen, besteak beste Erregearen Etxea, udal museo honen garapenean lagundu egin zuten.

Bilboko Arte Ederretako Museoari dagokionez, Laureano de Jado enpresa gizon bilbotarrak ehun koadro baino gehiagoko legatua utzi zuen eta horixe izan zen erakunde honen sorrera ahalbidetu zuena, 1914ean inauguratuz. Garai horretan museoak hainbat egoitza izan zituen; lehenengoa, 1914ean, Atxuriko Ospitale Zibileko gela batzuetan; gero, bertako Arte Modernoko Museoarekin 1939an fusionatu ondoren, 1945ean egungo egoitzan finkatu zen.

Urte horietan inauguratutako beste museo batzuk izan ziren, estaerako: Nafarroako Museo Artistiko eta Arkeologikoa Iruñean, 1910ean; Eibarko Armen Museoa, 1914ean; Ignacio Zuloagaren Etxe-Museoa Zumaian, 1916ean; Bizkaiko Museo Arkeologikoa eta Bilboko Museo Etnografikoa, biak 1921ean; eta Donostiako Aquariuma edo Itsas Jauregia 1928an.

Hasierako garai horretan zehar, baina bereziki hogeita hamargarren hamarkadan, hau da, Bigarren Errepublikako garaian zehar, etnografiaren inguruko ikerlanak areagotu egiten dira eta hori ere hainbat kultur eremuetan islatzen da, bereziki museoen alorrean. Diziplina horrek, sortu berriak ziren erregenionalismoen eta boterean zegoen klase politikoaren eskutik, hau da, ezkerreko errepublikanoek lagunduta, konpromiso politikoa bere gain hartzen du eta horren ondorioz hainbat aldarrikapen luzatzen ditu: herriaren ohitura eta tradizioak ezagutzea, konzientzia historikoaren balioa onartzea eta kulturaren demokratizazioa sustatzea. Horregatik, ez da harritzekoa gure lurraldean existitzen ziren museo arkeologikoek eta beste museoetako atal etnografikoek garrantzi handia hartzea. Industrializazioaren ondorioz sortutako herrien modernizazio eta homogenizazioaren aurrean, euskal kulturaren berariazko eta tradiziozko ezaugarriak, landa eremuan oraindik begi bistakoak, museotako atal etnografikoetan gordeta eta babestuta zeuden.

Gerra Zibilak eta gerraosteak gure lurraldeko museoen sustapena, barrukoa zein kanpokoa, bere horretan utzi uzten. Garaiko kulturaren ezaugarriak inkomunikazioa, inmobilismoa eta isolamendua izan ziren.

Gerra Zibilan zehar, nahaspila administratiboaren eta aurrekontu eta euskarri materialen eskasiaren eraginez, askotan ondare artistikoaren gaineko kontrolak huts egin zuen. Gerra zibila baino lehen sortutako museoen garapenaren etetea izan zen ezaugarri nagusia garai honetan.

Erregimen frankista finkatu ostean, ondare artistikoari dagokionez, ez zuten inolako politika planifikatu eta bideratutako aurrekontua guztiz urria zen. Halere, frankismoak hainbat adierazpen artistiko ikus-entzunezko propagandaren tresna gisa erabili zituen, baita museoak ere. Era berean, Eliza, erregimenak babestuta, jendearengana hurbiltzen saiatzen da bere altxor eta bildumak erakutsiz. Irekitze prozesu horren atzean erakunde eklesiastikoaren erlijio ekimena zabaldu eta hedatzeko nahia zegoen. Berez, elizbarrutietako museo askoren oinarria ondare eklesiastikoaren erakustaldi horietan dago, Iruñeako Elizbarrutiko eta Katedraleko Museoa bezala, hirurogeita hamargarren hamarkadan inauguratuta.

Erregimen berriaren interes intelektualen arabera, kostunbrismoa, kultura herrikoia eta kolektiboa goraipatzen diren heinean, folkloreak eta arte eta tradizio herrikoiek distira garai berria bizi izan zuten. Kasu honetan helburu nagusia ez da kultura demokratizatzea, ezta konzientzia historikoa sustatzea ere, baizik eta sormen mota berriak baliogabetzea, eta aldi berean, kostunbrismoa, tipikotasuna sustatzea. Berriro ere, etnografiak interesa handia pizten du, tresna politiko bezala erabiltzen da eta horrek museotan ere islada izango du. Bermeoko Arrantzalearen Museoa 1948an inauguratuta guzti horren adibide ona da. Museo mota honek, lan pedagogikoa eta dibulgatzailea garatu beharrean, giro xumeak birsortzen zituen, ingurune naturalarekin lotura duten erritual armonikoak erakutsiz.

Testuinguru honetan, Julio Caro Baroja ikerlari ospetsua nabarmentzea beharrezkoa da. Garaiko antropologo ospetsuenekin ikasi ostean, eta entzute handiena zuten nazioarteko gune etnografikoekin harreman estua izanik, "alegiazko museoa" sortu zuen Iruñean, Pirineoko Museo Etnologikoa izenez ezaguna, baina azkenean ez zen eraiki.

Oro har, oso gutxi izan ziren ahuleziaz betetako garai luze honetan zehar aldaketa esanguratsuren bat jasan zuten museoak. Nabarmendu beharrekoa, alde batetik, Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Historia Museoaren eraikinaren handitzea eta bildumaren birmoldaketa; beste aldetik, Bilboko Arte Ederretako Museoaren kokapena egungo eraikin zaharrean, 1945ean, eta eraikin berriaren inaugurazioa, 1970ean, arte lan garaikidei harrera egiteko. Nafarroan, 1956ean, Museo Artistiko-Arkeologikoak berriro ateak zabaldu zituen lehen Errukizko Amaren Ospitalea izandako eraikinean.

Garai honetan sortu berriak ziren museoen artean Arabako Arte Ederrak, Armak eta Arkeologiako Museoa dugu, 1942an inauguratuta. Museo honen bildumak handitzen eta espezializatzen joaten ziren heinean, beste batzuk ere sortu ziren, esaterako, Arabako Heraldikaren Museoa 1963an eta Armagintza Museoa eta Arkeologia Museoa, biak 1975ean.

1978an Konstituzioa onartu ondoren, erregimen politiko berria sortzen da eta horrek boterearen gero eta deszentralizazio handiagoa ekarriko du. Oro har, laurogeigarren hamarkadako ezaugarri nagusia autonomia erkidegoen gobernuetara zerbitzu eta eskumenen transferentzia prozesuaizan zen.

Kultura arloan, eta zehazki arte ondareari dagokionez, deszentralizazioari ekiterakoan hainbat erkidegoetako gobernuei eskumena eskaini zieten lurralde bakoitzean berariazko interesa zuten museoak kudea zitzaten. Botere aldaketa prozesua 1985ean osatu zen, Espainiako Ondare Historikoaren inguruko 16/1985 Legea onetsi zutenean, eta 620/1987 Errege Dekretua, non Estatuaren Jabetza diren Museoen Araudia eta Museoen Espainiako Sistema onartzen den. Arautegi horren babespean, erreferentziazko legezko esparrua sortu zen beste hainbat erkidegoetako museoen inguruko legeak finkatu ahal izateko.

Laurogeita hamargarren hamarkadan, gure lurraldean, ondarearen eremuan beste aurrera pauso bat eman zen 1990ean Euskal Kultura Ondarearen inguruko legea onartu zenean eta hiru urteren buruan, 1993an, Lurralde Historikoen legea. Arautegi horren arabera, Euskadiko hiru lurraldetako bakoitzak kultur ondarearen inguruko gaietan eskumen osoa bere gain hartzen du, Foru Aldundi eta udalen bitartez.

Araudi berriarekin batera, laurogei eta laurogeita hamargarren hamarkadetan zehar, hainbat museo berri sortuko dira eta existitzen ziren beste hainbeste berriztatuko dituzte. Garai honetako museo esanguratsuenetakoak hauexek dira: Durangoko Artearen eta Historiaren Museoa, 1984ean irekia; Araban, Natura Zientzien Museoa, Karten "Fournier" Museoa eta La Hoyako Museoa, 1986an inauguratuak; Julio Beobide Museoa Zumaian 1987an; Ama Xantalengo Ermita Museoa Irunen eta Zumalakarregi Museoa Ormaiztegin, biak 1989an irekiak; Euskal Herria Museoa Gernikan 1991ean; Photomuseuma Zarautzen eta Euskal Buztingintzaren Museoa Legution, biak 1993an inauguratuak; Enkarterrietako Museoa Sopuertan 1994an; eta Gernikako Bakearen Fundazioa Museoa 1998an.

Hamarkada horietan ere, nazioarte mailan eta gure inguru hurbilenean ere, joera museistiko berriak antzematen dira ondarearen balorazio berrien eraginez. Aztarna industrialak (burdinolak, errotak, lantegi zaharrak, makineria, eta abar), eta aktibitate ekonomikoa bera ere (meagintza, trenbide sektorea, untziolak), eta kultura teknozientifikoa, museoetan sartu daitezken ondare bihurtzen dira. Kezka berri horiei erantzungo diete, besteak beste, Aian Agorregiko Burdinola eta Errotak Pagoetako Parkean; Zeraingo Kultura Parkea, 1992an irekia; Lenbur Museo-Lurraldea, 1999koa, Legazpin; Gallartako Meatzaritzako Museoa, 1986ko, Trapagaranen, Trenbidearen Euskal Museoa, 1992koa, Azpeitian, Museum Cementos Rezola Añorgan, eta Eureka! Zientzia Museoa Donostian, biak 2000. urtekoak.

Hala ere, museoen inguruko ekimen berri horiek ohiko tradizioarekin lotuta dauden bestelako printzipioekin bat egin behar dute, hau da, bilduma eta erakusketak gorde eta zabaltzearen aldeko printzipioekin alegia. Ildo horretatik, azken urteotan honako museo hauek inauguratu dira: Bilboko Guggenheim museoa, 1997an; Hernaniko Txillida-Leku, 2000an; Gasteizko Artium, Euskal Arte Garaikideko Zentro Museoa, 2002an; Jorge Oteiza Fundazio Museoa Alzuzan 2003an eta Cristobal Balentziaga Museoa Getarian, 2011n.

Azkenik, beharrezkoa da azpimarratzea Geroztik izeneko museo birtualaren proiektua. 2011z geroztik funtzionamenduan dago eta Gipuzkoako Foru aldundiak sustatu du. Helbidea honako hau da: www.gipuzkoamuseobirtuala.net eta webgune horretan erabiltzaileari zera eskaintzen zaion, Gipuzkoako lurraldeko historian eta ondarean barrena ibilbide birtuala burutzeko aukera. Proposamenak bi alor uztartzen ditu, batetik ondarea eta historia ezagutu eta jorratzeko betiko bitartekoak (testuak, argazkiak, bideoak) eta bestetik baliabide ludikoagoak (joku interaktiboak, 3Dko infografiak). Proiektu horrek argi eta garbi erakusten du museoek etengabeko berriztapen kontzeptualak eta funtzionala bizi dutela.

Sorreratik gaur egun arte, museoak gure lurraldean zabalkunde handia izan du, bereziki azken hamarkadetan. Gaur egungo ekoizpen artistiko ugariaren aniztasuna, kulturaren demokratizazioa, gizarte kontsumoaren ohitura berriak eta turismo kulturalaren garapena dira zabalkunde hori justifikatzen duten arrazoietako batzuk, museo berriak sortzeko interesa ere sustatzen baitute. Hala ere, zabalkundea gertatu bada ere, erakunde horien etorkizuna zalantzazkoa da eta hainbat aldaketen menpe daude. Finantziazioa, gero eta zorrotzagoa den gizarte baten eskaera berrietara egokitzea eta teknologia berrien eragina dira aurre egin behar dieten zenbait erronka.

  • ALONSO FERNANDEZ, Luis: Museología. Introducción a la teoría y práctica del museo. Madril: Ediciones Istmo, 1993.
  • BOLAÑOS, Maria: Historia de los museos en España. Gijon: Ediciones Trea, 2008.
  • CALAF MASACHS (Koord.), Roser: Miradas para enseñar y aprender el patrimonio. Gijon: Ediciones Trea, 2003.
  • CALVO, Ana: Conservación y restauración. Materiales, técnicas y procedimientos. De la A a la Z. Bartzelona: Ediciones del Serbal, 1997.
  • HERNANDEZ HERNaNDEZ, Francisca: El museo como espacio de comunicación. Gijon: Ediciones Trea, 2003.
  • MATEY MUÑOZ, Pinar: Euskal Herriko Museoak. [Bilbo]: Hariadna Argitaletxea, 2003.