Dantza

Lakuntzako Ingurutxoak

Lakuntzan hiru adierazpen koreografiko ezberdinak daude: Ezpata-dantza, Alkate-dantza eta ingurutxoak. Adierazpen ezberdinak izan arren, jatorrizko tradizioaren azken urteetan elkarrekin dantzatzen ziren. Horregatik, denbora eta espazio berberean ematen direlako dantza ziklo bakartzat izan dira hartuak: gaur egun Alkate-dantza izenarekin ezagutzen denarekin, alegia.

Jatorrizko tradizio hori, XX. mendeko 30-40 hamarraldian galdu egin zen, ziklo osoa desagertu zelarik. Garai hartan Bestaberri egunean egiten ziren ingurutxoak, beti ere Ezpata-dantza eta Alkate dantza dantzatu ondoren. Gizarte dantza edo dantza soziala izanda ere, ordurako Alkate-dantzaren egitura eta giroari lotuta, erritualizatua zegoen.

70. hamarkadaren bukaeran bai Ortzadar Folklore Taldeak, bai Bihotz Alai Folklore Taldeak ikerketa etnografiko kanpainak burutzen dituzte Lakuntzan ziklo honen berreskuratze aldera. Batez ere Emilio Andueza lakuntzarrak eman zituen informazioekin lortu zituzten dantzak berregin eta Bihotz Alai taldearen laguntzarekin plazarako berreskuratzen da. Ordutik etenik gabe dantzatu egin da jatorrizko bi datetan: San Sebastian egunean eta Bestaberrin.

Ingurutxoa plaza edo larrain baten inguruan, borobil irekian eta bikoteka egiten den dantza da. Lakuntzako kasua aparta da ez baita horrela egiten. Dantza mota honi irudi zirkular horrek izena ematen badio ere, Lakuntzan ez da borobilean egiten "zeharka" edo errenkada zuzenean baizik. Dantzariak, neskak eta mutilak bikoteka eta bi lerro paralelotan paratzen dira. Hartzen duten irudia plazak irudikatzen duen lauki baten alde batena da eta ez plaza horren barruan irudika daitekeen zirkuluarena. Honela jarrita, taldearen mugimendua ezker-eskuin egiten da: neskek hasierako posizio horretatik atzera eginez, eta mutilek aurrerantz.

Lakuntzan bi ingurutxo zeuden eta biak berreskuratu dira. Nafarroako beste ingurutxo batzuk bi dantza osaturik daude, bakoitza bere erritmo ezberdinarekin. Hemen, aldiz, konpas berberakoak dira biak (3/4). Ingurutxoek osaera ezberdina dute, hala musikari dagokionez, nola dantzari ere. Lehendabiziko ingurutxoa musikalki bi esaldik osatzen badute, bigarrenak, aldiz, hiru esaldi biltzen ditu. Aipatutako ikerketak bat datoz lehengo ingurutxoaren osaera koreografikoari buruz baina bigarrenaren gainean bi bertsio daude. Egun, Lakuntzan egiten den ingurutxoak Bihotz Alai Folklore Taldeak jasotako bertsioa jasotzen du: hiru esaldi musikalei bi esaldi koreografiko dagozkie. Ortzadar Elkartearen bertsioan esaldi musikal bakoitzari berezko esaldi koreografikoa dagokio.

Bi ingurutxoen amaiera ideia baten bidez egiten da: neskek besoen azpitik egiten duten bueltarekin, alegia.

Ingurutxoen edo Alkate-dantzaren osagarri gisa, jotak eta porrusaldak dantzatzen ziren.

Bestaberri egunean eta Sansebastianetan erabiltzen zen janzkera ezberdina izaten zen: lehengo kasuan txuriz egiten zen dantza (txapel gorria, gerriko gorria, ezpartin txirikordatua), erritualizazioa indartuz; bigarrenean, aldiz, jai egun bati dagokion arroparekin. Kriskitinak ohiko osagarria zen dantza egiteko tenorean: horiekin erritmoa nabarmendu eta melodia edertu egiten zen.

Gaur egun, Lakuntzan egiten diren dantzak Lakuntzako Alkate-dantzaren barruan kokatzen dira, eta ohikoak diren datetan ez ezik, Lakuntzako Pertza egunean ere dantzatzen dira (Abuztuko Ama Birjinaren hurrengo igandean).

  • Lakuntzako Alkate Dantza. Bihotz Alai Folklore Taldea. Dantzariak, 24 zbk. 1983-Urtarrila. Bilbo: Euskal Dantzarien Biltzarra.