Kontzeptua

Komikia Euskal Herrian

Información complementaria


         · Euskal literatura
         · XVI. Mendea
         · XVII. Mendea
         · XVIII. Mendea
         · XIX. Mendea
         · XX. Mendea 1900-1975
         · XX. Mendea 1975-2000


         · Narratiba
         · Ipuingintza
         · Poesia
         · Entsegugintza
         · Ahozko literatura
         · Itzulpengintza
         · Haur eta gazte literatura


         · Argitalpenen historia
         · Inprentaren historia
         · Literatur sariak

         · Erbestea eta literatura
         · Kritika gay eta lesbiarra
         · Euskal literatur aldizkariak


Nahiz eta komiki-lengoaiaren oinarriak askoz lehenago osatu -gaiaren gaineko azterketarik zorrotzenek adierazi dute sortzailea Rodolphe Töpffer suitzarra (1799-1846) izan zela-, binetetan kontatutako istorioak XIX. mendearen amaieran zabaldu ziren, Ipar Amerikako egunkari ezagunenek komikiak erabiltzen hasi baitziren aleak saltzeko erakargarritzat. Egunkarien arteko lehia basatiaren arma nagusia izanik, komikia berehala hedatu zen jendearen artean, eta mendebaldean, entretenimendurako baliabide garrantzitsuenetako bat bilakatu zen.

XX. mendeko lehen erdialdean, komikiaren garapena prentsarekin oso lotuta egon zen, eta egunkaria oinarrizko euskarritzat izan zuen, beste formatu batzuk agertzen hasi zirenean ere (aldizkariak, liburuxkak, albumak...). Formatu berri horiek irakurle-talde zehatz bat zuten helburu: haurrak. Horrela izan zen familiek beste entretenimendu modu batzuk eduki zituzten arte, eta horien artean, telebista nabarmendu behar dugu bereziki, lehen prentsak aisialdian izandako rola hartu baitzuen.

Komikiak bere hastapenetan prentsarekin izandako sinbiosi horren ondorioz, euskal komikigintza mugatuta egon da hasieratik. Euskal Herriko egunkariek ez zuten inoiz tokiko prentsaren eremua gainditu, hedapen geografiko hertsia eta tirada apalak baitituzte. Gainera, duela gutxi Euskaldunon Egunkaria (1990-2003) eta Berria (2003-...) agertu ziren arte, hizkuntza zabalduenetan argitaratzen ziren, hizkuntza horiek aukera komertzial handiagoak ematen zituztelako. Komikiak gutxieneko jarraitasun batekin ekoizteko gaitasuna, hortaz, mugatua izan da beti.

XIX. mende amaieratik, euskal egunkarietan eta aldizkarietan umorea eta satira politikoak izan ditugu aldizka, karikaturetan eta txisteetan islatuta, egoera politikoak eta botereen tolerantziak hala baimentzen zuenean. Aitzitik, Ipar Amerikatik sindikatutako serieak iritsi ziren arte, ezohikoak ziren formatu jarraituak, hala nola pertsonaia finkoaren eguneroko tirak. Panorama apal horren erdian, gogoratzekoa da Ion Zabalo Ballarin "Txiki" edo Eduardo Lagarte marrazkilariek hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadetan egindako lana. Izan ere, ilustrazio eta txiste isolatu batzuk baino egin ez bazituzten ere, besteen artean gailentzen ziren, grafismo landuagoa baitzuten.

Gerra zibilak eta horren ondorioz gertatutako estualdi ekonomiko eta politikoek ekoizpena berehalakoan moztu zuten, eta denbora luzez urria izan zen. La Gaceta del Norte bilbotar egunkaria Luis del Olmoren "Don Celes" argitaratzen hasi zen 1945ean, eta horixe dugu euskal lagin gutxien artean nabarmenena eta urte gehien iraun dituena. Inori kalterik egiten ez zion umore atsegina zuenez, garai txarretan ere bideragarria zen eta aldaketa politiko, sozial eta kultural handietatik bizirik atera da. El Correo egunkarian argitaratzen da gaur egun.

Demokraziarako trantsizioak prentsaren panorama eraldatu zuen: Mugimenduko Prentsaren tokiko egunkariak desagertu ziren, eta luze iraungo zuten egunkariak jaio ziren, hala nola Deia eta Egin (1977an), iraupen txikiko beste batzuekin eta zenbait aldizkarirekin batera. Askatasunak eta komikiak gizartean hartutako ospeak berezko komiki-tirak sortzera animatu zituzten egunkari batzuk, baina ez zuten denek egin. Deia egunkariak Ipar Amerikako tira klasikoak argitaratzen zituen batez ere, nahiz eta 1980an luzeen iraun duen tira sortu zuten: "Marizoro". Iñaki Cerrajeriak egiten zituen marrazkiak, Jesus Mari Alegriaren gidoien gainean, eta 7 urtez argitaratu zuten.

Egin egunkaria hiru euskal egileren tirak argitaratzen hasi zen, eta haien nortasun grafiko nabarmenak garaiko memorian arrastoa utzi du. Era berean, Yon Zabaletaren, Juan Carlos Eguillorren (biak izenburu finkorik gabe) eta Antton Olariagaren ("Zakilixut") lanak ere ikusi ahal izan genituen egunkari haren orrietan. Lehenengo biek kolaboratzeari utzi zioten 1979ko udaberrian, eta gero, komikia alde batera utzi zuten adierazpen baliabide gisa, beste lengoaia artistiko batzuk probatzeko. Olariagaren tirak, aldiz, hogeitamar urte pasatxo eta hainbat egunkari geroago, Berria egunkarian bizirik dirau, eta gaur egun, prentsan ikus dezakegun euskal komiki gutxietako bat da. Hasieratik, "Zakilixut" tirak gai politikoen eta sexualen gaineko txantxak egin izan ditu, euskaraz eta ahoan inolako legarrik izan gabe, umorea pil-pilean dauden gertakizunekin nahastuz.

Urte gutxi batzuez, zenbait egunkaritan, gazteentzako asteroko gehigarriek istoriotxoak eskaintzen zituzten. 1984an, Egin egunkariak Gaztegin argitaratu zuen: istoriotxoak biltzen zituen orrialdea zen. Mauro Entrialgoren, Pedro Osesen eta Joaquin Resanoren tirak eta komikiak zituen, besteak beste. El Diario Vasco egunkariak, bere aldetik, DVórame argitaratzen zuen, Jose Mari Aleman Amundarainen tirekin, gero beste egile batzuek ordezkatuko zutena. Hala ere, batek ere ez du aipatutakoen jarraitasuna lortu.

Eguneroko prentsatik at, euskal komikiak Europan historikoki nagusi izan diren formatu berdinetan argitaratu dira, hau da, haurrentzako aldizkarietan batik bat, eta albumetan, aparteko izenburu gisa. Hirurogeiko hamarkadan espainiar merkatuan izandako beherakadaren eragina pairatu zuten bi formatuek. Komikia kioskoan produkturik kutunena izatetik, oparoa eta komertzialki egonkorra -eskaintza umore aldizkariz eta abenturetako liburuxkez osatzen zen gehienbat-, ia osorik desagertzera igaro zen, paperezko materialaren kontsumo-eredu berriei egokitu ezinik.

Espainiar komikien urrezko garaietan ere -hots, 50eko eta 60ko hamarkadetan-, euskal komikien bizitza galkorra izan zen. Izan ere, publiko hartzailea Euskal Herriari eta euskarazko irakurleei mugatzen zitzaionez, ez ziren bideragarriak. Dena dela, denbora batez biziraun zuten, askok -euskara galduko zen beldur- hizkuntzari babesa eman baitzioten. Hurrengo urteetan, erakundeek argitalpenei ematen dizkieten laguntzen itzalean jardun behar izan du.

Dena dela, izan ziren zenbait saiakera aitzindari, esaterako: gutxi iraun zuen Poxpolin hileroko aldizkaria (1935-1936) eta Pan-Pin haurrentzako gehigarria (1960-1969), Zeruko Argia aldizkariak aldian-aldian argitaratzen zuena. Franco hil eta denbora gutxira, 1977an, Ipurbeltz haurrentzako aldizkaria agertu zen, eta biziraupen luzea izan du bereizgarri, Erein etxeak 2008ra arte argitaratzen jarraitu baitzuen, euskarazko argitalpenak laguntzeko politikari esker. Beste lekuetako haur aldizkariek egiten zuten bezala, didaktika -batez ere hizkuntzarekin lotuta- eta entretenimenduak biltzen zituen -jolasak eta istoriotxoak-. Marrazkilari askoren prestakuntza-tailerra izan zen. Hala ere, askok lehen urratsak Ipurbeltz aldizkariaren orrialdeetan eman bazituzten ere, gutxik lortu zuten profesionalen maila, aldizkariaren halamoduzko kalitatea zela eta.

Ipurbeltz denbora luzez haurrentzako komiki-aldizkari bakarra izan zen Euskal Herrian; baina, agertu zenerako, komikiari helduen gaiak eta kezkak lantzeko gaitasuna aitortzen zitzaion jada.

Habeko Mik (1982-1991), HABE erakunde publikoak argitaratutako aldizkaria dugu, eta euskara irakastea eta euskarazko alfabetatzea zituen helburu. Erakunde batek Espainiar estatuan argitaratzen zuen helduentzako lehen komiki-aldizkaria zen, eta hamarkada batez, euskal marrazkilari askorentzat profesionalizatzeko eta beren sormenak beste merkatu batzuetara eramateko abiapuntu izan zen. Bi hilean behingo 55 ale eta 18 album izanik -hiru mila orrialde istoriotxo sortu zituen-, Euskal Herriko komikien corpus garrantzitsuetako bat da oraindik ere, eta euskarazko komikiei dagokienez, baita funtsezkoena ere, dudarik gabe.

Funtzio didaktikoa zutenez, aldizkariak zein HABEren argitalpen orokorraren komikiek egitura klasikoa mantentzen zuten, ondo antolatutako istorioekin eta marrazki errealistekin. Istorio luzeen kasuan, episodiotan banatuta ematen ziren, eta Frantzian argitaratutako albumen ohiko luzera zuten -koloretako berrogei orrialde inguru-, horietako asko frantses merkaturatuko diseinatu baitziren. Habeko Mik aldizkariak euskaraz atera zituen komikietako batzuk Europako beste hizkuntza batzuetan ere argitaratu ziren -gutxitan gaztelaniaz-, eta, beraz, esan daiteke, erabilera pedagogikoa alde batera utzita eta merkatuan hedapen gutxi izan arren, aldizkariak arrakastaz sustatu zituela kalitate oneko helduentzako euskal komikiak.

Egileen artean, Gregorio Muro Harriet gidoilariaren inguruan bildutako donostiar marrazkilari taldea nabarmendu behar da -Daniel Redondo, Jose Manuel Mata eta Luis Astrain-, aldi batez estatus profesionala lortu baitzuten. Horiez gain, Javier Minak ere aldizkariarentzako gidoiak idatzi zituen, Pedro Oses eta Joaquin Resano marrazkilarientzat, eta beste egile askok beren istorioak marraztu zituzten baita ere, esaterako: Jose Ibarrolak, Javier Hernandez Landazabalek, Alvaro Ortegak edo Mauro Entrialgok.

Xabiroi aldizkariak ere, antzeko ekoizpen eredua jarraituz, merkatu hertsi honen mugak gainditzea lortu du. Gaur egun euskaraz argitaratzen den komiki-aldizkari bakarra da, eta Ikastolen Federazioak finantzatu eta banatzen du 2005az geroztik. Habeko Mik aldizkariak ez bezala, haurrak eta gazteak ditu hartzaile. Kolaborazio laburrak eta emanalditan banatutako istorio luzeak nahasten ditu, eta istorioetan, fantasiazko abenturak eta umorea dira nagusi. Harkaitz Cano eta Iban Zaldua bezalako idazle ospetsuek parte hartu dute maiz, baita gidoilari beteranoek ere, hala nola Josean Muñoz, eta Olivier Gileron, "Olier", eta, hainbat profesionalen eskutik, kalitatezko marrazkiak eskaintzen dizkigu: Dani Fano (aldizkariaren koordinatzailea), Iñaki G. Holgado, Juan Luis Landa, Marko Armspach, Julen Ribas, Lope, etab. Horrez gain, eta noizbehinkako kolaborazioetan, Euskal Herriko komiki marrazkilaririk onenek ere parte hartu dute. Hiruhilekoan behin ateratzen da, eta 2011ko urrian, hogeita laugarren alea argitaratuko du. Aldizkariaz gain, txukuntasunez editatutako album-bilduma bat ere badu, eta bertan, hiru izenburu argitaratu ditu jada eta etorkizunean gehiago ateratzea aurreikusi du.

Xabiroi aldizkariaren egileek eurek hasitako ekimenaren emaitza da, eta askotan kalitate eskasa zuen Ipurbeltz aldizkarian ez bezala, edukien egiturak askoz anbizio handikoak dira, izen handiko profesionalen kalitate-estandarren arabera sortuta eta marraztuta baitaude. Hortaz, helburu pedagogikoak aparte utzita, euskarazko komikiaren egungo erakustoki bakarra da.

Itxuraz etorkizun gutxi zuen negozio-ildo batean arriskatuko zuen argitaletxerik eta banaketa-azpiegiturarik ez zegoenez, trantsizioaren garaietatik helduen komikiak fanzine-etan agertzen ziren sarritan. Fanzine-ak baliabide gutxirekin egindako aldizkari amateurrak dira, eta egileek fotokopien bidez eremu murriztu eta alternatiboetan banatu ohi dituzte. Hala ere, zenbaitetan, argitalpen kalitate oneko produktuak aurkitu daitezke.

Fanzine-en mundua izugarri zabala da, aldizkari hauek komiki-zaletasunaren eta gutxi batzuen gogoen emaitza direlako eta egileek ez dutelako inolako azpiegitura profesionalik, ez sortzerakoan ezta argitaratzerakoan ere. Izendapen horretan sar litezke jarraitasunik gabe ateratzen diren solteko argitalpen guztiak, kolektiboak zein indibidualak. Prentsa-askatasuna berreskuratu genuenetik hedatuz joan dira, eta edozein herritan edo hiritan agertzen jarraitzen dute. Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioaren Fazinotekak bostehun aldizkari inguru katalogatuta ditu, Euskal Herrikoak zein bestelako jatorrietakoak.

Auto-argitalpen hauek ofizioa ikasteko egokiak dira, baina gehienetan ez dira edizio-egitura profesionalago batean gorpuzten. Formatu horretan agertu ziren lehenengo helduen komikietako asko euskaraz.

Kalitatezko fanzine baten adibide dugu El Balanzin. Euskadiko Ilustratzaileen Elkargo Profesionalak argitaratzen du urtero, Getxoko komiki eta Manga azoka dela medio. Ekitaldi horretan, editoreak, egileak eta zaleak biltzen dira, eta mota horretako ekimenen artean, Euskal Herrian egonkortuena da. Azokak iraun bitartean, antolatzaileek doan banatzen dute El Balanzin aldizkaria. Koloretan eta kalitate oneko paperarekin argitaratzen den formatu txikiko aldizkaria da, eta 2010eko abenduan 6. alea atera zen. Bertan, komikiaren eta ilustrazioaren inguruko profesionalek parte hartzen dute, Euskal Herrikoak gehienbat. Horrela, baliabide egoki bilakatu da formaren gaineko esperimentaziorako eta komertzialak ez diren istorioetarako. Izan ere, aldizkariaren orrietan, trabarik gabe adierazteko legua aurkitzen dute komikietan aritu ohi diren egileek eta noizbehinka aritzen direnek, hala nola Dani Maiz, sustatzaile nagusietako bat.

Bestelako izpiritu basatiagoa du TMEO gasteiztarrak. Fanzine inkonformista gisa jaio zen 1987an, eta gaur egun, Euskal Herriko komiki-aldizkaririk beteranoena dugu. Estiloak garai hartan "ildo txungoa" deitu zitzaiona jarraitzen du -Hergeren frantses-belgikar tradizioaren oinordekoen "ildo finarekin" kontrajartzeko-. Horrela, itsusitasuna eta leuntasunik gabeko satirak ditu bereizgarri, eta aldizkariaren izena ere horren isla argia da, komikiaren gaztelaniazko izendapena parodiatzen baitu. Aldizkaria erregulartasunez argitaratzen da, bihilekoan behin, eta gaur egun, koloretan eta paper ona erabiliz. Argitalpen mota hauetan iraupena izan duen kasu gutxietako bat dugu.

2011n 113 ale argitaratu ditu, eta hainbat bildumatan banatutako berrogei album baino gehiago dauzka, lehena 1992an agertu zelarik. TMEO-k berezko banaketa-bideak lortu ditu, orrialdeetako publizitatean agertzen diren tabernen eta saltokien bidez, eta horrek ale gutxiko tiradekin mantentzen ahalbidetzen dio.

Aldizkariaren kolaboratzaile taldea zabala da. Ohikoenen artean, Mauro Entrialdo -Penintsulan komikilari profesional gutxienetako bat-, Santi Orue, Ata, Alvarortega eta Piñata ditugu. Halaber, El Jueves aldizkariaren egileek ere -Fontdevilla, Vergara eta Monteys, adibidez- noizbehinka kolaborazioak egiten dituzte, TMEO-ren egileak El Jueves-en aritzen diren bezala, eta espainiar kontrakulturaren egile agurgarriek ere parte hartzen dute, hala nola Gallardo eta Nazario. Horrek erakusten du, itxuraz marjinala izanik, aldizkariaren umore basatia irekia eta erakargarria ere badela -egileei ordaintzen ez dien arren-.

Euskal Herrian ez da apenas komiki-aldizkaririk saltzen kioskoetan eta liburu-dendetan, inportatutako produktu komertzialak izan ezik. Berdin gertatzen da espainiar merkatu osoan, eta aparteko formatuetan ekoiztu eta saldutako komikiek ere sektorearen krisiaren eraginak pairatzen dituzte. Laurogeiko hamarkadan, helduen komiki-aldizkariek bat-bateko hazkundea eta berehalako beherakada izan zutenez, bazirudien negozio-marjina zegoela beste merkatu batzuetan (esaterako, Frantzian) horiekin batera zihoazen albumetarako. Aparteko liburuetan ateratzen ziren istorioen argitalpenek goraldia iragankorra izan zuten, eta debora gutxi batez, argitaletxe euskaldunek ere bat egin zuten.

Laurogeiko hamarkada horren hasieran, Erein (Ipurbeltz-en argitaletxea) eta Ttarttalo argitaletxe donostiarren moduko argitaletxe komertzialek helduen komikiak albumetan argitaratzen hasi ziren, eta batzuetan, obra bera euskaraz eta gaztelaniaz ateratzen zuten aldi berean. Hala ere, hedapena murriztua izanik, ez zegoen saiakuntza mantentzeko adina irakurlerik, eta handik gutxira, ahalegina bertan behera utzi, eta komikiez bestelako obrak argitaratzeari ekin zioten. Ziurrenik, Habeko Mik, instituzionalki argitaratutako album haiekin, egileentzat erakargarriegia zen, eta ekimen pribatuek ezin zioten lehiarik egin.

Aro horretako argitalpenen artean, azpimarratu behar da Gergorio Murio Harriet eta Francisco Fructuoso egileen hiru albumeko bilduma. Justin Hiriart zuten protagonista, eta Ttarttalok argitaratu zituen, 1983 eta 1985 artean. Halaber, nabarmentzekoa da Jose Ibarrolaren La piedra dormida, argitaletxe berak euskaraz eta gaztelaniaz atera zuena 1985ean. Urte hartan, Erein argitaletxeak Anjel Lertxundiren eta Antton Olariagaren Hamaseigarrenean aidanez argitaratu zuen. Izen bereko eleberriaren egokitzapena da, eta liburutik hurbilago dagoen formatua du, garai hartako komikietan ohiz kanpokoa.

Aparteko fenomenoa izan zen, orobat, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran argitaratutako Gabai bilduma. 1988 eta 1990 artean ekoiztu zen eta Lur argitaletxeak atera zuen, euskaraz eta gaztelaniaz. Tailerrean garatutako produktu kolektiboa izan zen: Steso firmaren pean bildutako marrazkilari talde batek -Juan Luis Landa, Jose Angel Lopetegui, Juan Carlos Nazabal eta Gastón Majarenas, besteak beste- binetetan adierazi zituen Rafael Castellano idazle emankorraren gidoiak. Liburukietan, emanaldiz emanaldi Euskal Herriko historia kontatzen da, episodiorik esanguratsuenak bizitzen dituen pertsonaia nagusiaren bitartez. Gaia interes handikoa zen orduko euskal irakurleentzat, eta, horri esker, tokiko komikigintzak inoiz ez bezalako hedapena izan zuen: hamar mila ale baino gehiago. Horrez gain, egunkariarekin batera eta koadernatze ezberdinekin banatzeko berreditatu zuten. Ziurrenik, gertaera errepikaezina da osotara mila bostehun orrialde dituen obra batentzat; baina, esan behar, narrazioari eta estetikari dagokionez, meritu eskasekoa dela.

Espainiako merkatuari so eginez, argitaletxe independente egonkorren eta garrantzitsuenetako batek 2011n Bilbon du egoitza. Izan ere, hiriburu horretan jaio zen Astiberri, 2001ean. Lau urtez, 2005era arte, informazio eta kritika aldizkaria argitaratzen zuen, Trama, alegia, eta penintsula osoko liburutegi espezializatuetan doan banatzen zuten. Horrez gain, kalitatezko nazioarteko komiki aukera tinkoa eta hemengo komikigintzaren adibiderik onenak argitaratu ditu. Horrela, hamar urtetako katalogoa osatu du, hirurehun izenburu baino gehiagorekin.

Astiberriren argitalpenek iraganean Euskal Herrian errotutako beste komiki-argitaletxe batzuen izen ona oinordekotzan hartu dute. Lehen gerraostearen ondoren, Donostia argitalpen-zentro nagusi bilakatu zen, Offset Nerecan tailerren inprimatze-teknologia aurreratuari esker. Bertako prentsetatik atera ziren gerrako irabazleek argitaratutako istoriotxoen aldizkarietako asko, hala nola Flechas y Pelayos; baina baita Chicos asteroko aldizkari itxurosoa ere, lehenengo aroan Donostian bertan argitaratu zena (1938-39) eta Penintsulako komikigintzaren garapenean mugarrietako bat dena.

70eko hamarkadaren hasieran, diktaduraren hondar uneetan, Luis Gascak, urte luzetan komikietan aditu eta hedatzaile izandakoak, Donostian Buru Lan argitaletxea (1970-1977) animatu zuen. Argitaletxe horrek komiki klasikoak bildumarako faszikuluetan argitaratzen espezializatu zen, eta batez ere Ipar Amerikako istorioetan, hala nola Flash Gordon, Printze ausarta eta Rip Kirby Buru Lan argitaletxeak helduei zuzentzen zitzaion, eta komikigintzari prestigioa eman nahi zion, orduko espainiar merkatuan gailentzen ziren haur komikien mundutik aldenduz. Horrez gain, aldizkariak ere argitaratu zituen, esaterako: El Globo (1973-74), Linus italiar aldizkari ospetsuaren imitazioa zena eta komikiak -atzerritarrak gehienbat- eta artikulu kritikoak konbinatzen zituena eta Dracula (1970-71), espainiar egileen materiala eskaintzen zuena. Espainian helduen komikiak argitaratzeko lehen saiakuntza izan zen.

Kalitatezko komikien argitalpenetan, Astiberriren azkeneko aurrekaria Gasteizko Ikusager dugu. Ernesto Santolaya argitaratzaileak sortu zuen, eta 1979 eta 2000 urteen bitartean, berrogei komiki inguru argitaratu zituen, album handien formatuan eta ekoizpen oso zainduarekin. Horien erdiak euskaraz eta gaztelaniaz atera zituen. Gaztelaniazko komikigintzaren ohiko kalitate estandarren oso gainetik zegoen. Ikusager argitaletxeak une historikoetan girotutako istorioak argitaratu zituen gehienbat, adibidez: Antonio Hernandez Palaciosen Eloy, gerra zibilean kokatzen zena, eta Lope de Aguirre, felipe Hernandez Cavaren gidoiekin eta hainbat egileren marrazkiekin.

Aurreko argitaletxeek bezala, Astiberrik gaztelaniazko merkatuari zuzentzen zaio, hau da, Espainia osoa eta baita Hego Amerika ere. Dena dela, euskarazko zenbait lan ere argitaratu ditu. Egile-komikien aldeko apustua du bereizgarri, publiko heldu eta ikasi bati bideratuta, eta liburuen antzeko argitalpen-formatuak erabiltzen ditu. Nazioarteko argitaletxe alternatibo ospetsuenen ildotik (Fantagraphics, Drawn & Quarterly, L'Association), Astiberrik zuri-beltzezko marrazkien soiltasun erlatiboa eta argitalpen zaindua konbinatzen ditu, eta egileek zehazten dituzte merkaturatutako obren luzera eta estiloa.

Egileen artean, bilbotar argitaletxean edo pixka bat lehenago hasi diren euskal marrazkilariak ditugu, hala nola Raquel Alzate, Javier de Isusi, José Ángel Labari "Jali" eta Leandro Alzate; baina baita ere beren lana beste argitaletxe batzuetan ezagutarazi ostean Astiberrira jo duten beste batzuk, hala nola Luis Duran, Mauro Entrialgo, Bernardo Vergara eta Santiago Valenzuela. Nortasun handiko egileak direnez, ezin daiteke esan Astiberrik egile-obrak argitaratzeaz bestelako argitalpen-ildorik duenik.

Zalantzarik gabe, Astiberriren argitalpenak lagungarri izan dira XXI. mendeko lehen hamarkada honetan komikia produktu kultural bihurtzeko, askotan "eleberri grafiko" etiketari lotuta bada ere. Lan horretan Espainiako beste argitaletxe batzuekin batera bidean aurrera doa, eta batik bat independente deiturikoekin. Izan ere, zirkuitu komertzialez kanpoko komikiak argitaratzen dituzte, eta beren katalogoetan, irakuleek aipatutako euskal artistak eta beste batzuk ere aurki ditzake.

2011ko euskal komikiak, merkatuaren murriztasunaren ondorioz, bereizgarri du egileek ia ezinezkoa dutela profesional estatusa lortzea, espainiar prentsan erregulartasunez marrazten ez badute. Ondorioz, botere ekonomiko handiagoa duten kanpoko merkatuetan lan egin behar izaten dute -Frantzia eta Ipar Amerika gehienbat-, edo argitaletxe independenteentzako obra originalak eta ez komertzialak marraztu, beren kezkak islatuz, eta, anbizio handiz, komikigintzaren baliabide formalak aberasten ahaleginduz. Horrexegatik, agian, gastua egiteko ahalmena duen publiko heldua aurkitu dute, komikiak beste edozein arteren maila bera duela onartzeko prest dagoena.

  • ALTARRIBA, Antonio. La España del tebeo. La historieta española de 1940 a 2000. Madril: Espasa-Calpe, 2001.
  • ASCUNCE, Jose Angel. "El cómic donostiarra". San Sebastián, capital cultural (1936-1940). Donostia: Michelena Artes Graficas, 1999, 91-226 or.
  • DIAZ DE GUEREÑU, Juan Manuel. 30 x 30. Dimensiones de nuestra historieta. Gure komikiaren tamaina (1976-2006). Donostia: Atiza / Michelena Artes Gráficas, 2006.
  • DIAZ DE GUEREÑU, Juan Manuel. Habeko Mik (1982-1991). Tentativas para un cómic vasco. Donostia: Astiberri / Universidad de Deusto, 2004.
  • DIAZ DE GUEREÑU, Juan Manuel. Gratuita, no barata. Una historia de Trama (2001-2005). Gazteiz: Atiza, 2006.
  • DIAZ DE GUEREÑU, Juan Manuel. "Cómic vasco del siglo XXI". Donostiako Udal Liburutegien sarea. Komik 10. El cómic vasco en la última década. Donostia: Udala, 2009, 9-12 or.
  • Fanzinoteka. Gasteiz: Sancho el Sabio Fundazioa / Vital Kutxa, 2009.
  • MUÑOZ, Josean (koord.). Txiki. Jon Zabalo Ballarin, "Txiki". Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2003.
  • MUÑOZ, Josean [et al.]. Jon Zabaleta. Manuel - memoria. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 2005.
  • UNSAIN, Jose Maria. "El humor gráfico en la prensa de Bilbao y San Sebastián (1865-1936)". AYERBE, Enrique (koord.). La enciclopedia emblemática Etor-Ostoa. Artes aplicadas I. Historia gráfica (XIX-XX). Grabados - Viñetas - Cómic. Lasarte-Oria: Ostoa, 2005, 40-107 or.
  • UNSAIN, Jose Maria. "Antecedentes del comic en el País Vasco (1890-1939)". AYERBE, Enrique (koord.). La enciclopedia emblemática Etor-Ostoa. Artes aplicadas I. Historia gráfica (XIX-XX). Grabados - Viñetas - Cómic. Lasarte-Oria: Ostoa, 2005, 108-231 or.
  • UNSAIN, Jose Maria; BORRA, Carlos C. "Aproximación a la historia del comic en Euskadi (1936-2004)". AYERBE, Enrique (koord.). La enciclopedia emblemática Etor-Ostoa. Artes aplicadas II. Historia gráfica (XIX-XX). Ilustraciones - Carteles - Cómic. Lasarte-Oria: Ostoa, 2005, 106-197 or.