Kontzeptua

Nafarroako Inauteriak

 

Nafarroako etnografiaren historian inauteriekin lotutako ekitaldi eta elementu ugari gorde dira. Hori da, hain zuzen, lurralde horretan jaialdi horrek izan duen garrantzia adierazten duena.

Aniztasuna horren froga argia da. Iparraldetik hegoaldera epealdi horretako egun bakoitza ospatzeko hamaika modu zeuden. Hala, ospakizun batetik bestera alde nabariak zeuden. Bestalde, aniztasun horrek herri-kultura aberastu egiten du.

Bakarkako partaidetza izaten bazen ere, sentimendu kolektiboa zen nagusi: gosearen itzalpean igarotzen ziren egunak arintzeko eskeak; zalaparta eta neurrigabekeria Garizuma iritsi aurretik; bazkari eta afari bapoak; eta festari amaiera emateko panpinaren erreketa "Sardina-ehorzketa" ekitaldiaren barruan.

Ikerketa eta literatura arloan, Nafarroari dagokionez, oso gutxi izan dira data horietako berezko tradizioak jaso dituzten pertsonak. Horrenbestez, beste batzuen artean, Juan Garmendia antropologo ezagunak egindako lana hartuko dugu aintzat. Hark ahozko tradizioaren ondare bikaina jaso zuen bere garaian, hainbat herrik oinarritzat hartu dutena ospakizun horiek berreskuratzeko orduan.

Nafarroan urtarrilean eta otsailean egiten dira inauterietako ospakizunak. Era berean, festa-egutegiak hala agintzen duenean, martxoan ere egiten da ekitaldirik.

Urte hastapenetik, zehazki esatera, Errege Mago egunaren bezperatik, haurrak, zintzarriz hornituta, kalez kale eta baserriz baserri ibili ohi dira eskean, hainbat produktu bilduz (Altsasu, Arizkun edo Iturenen, adibidez). Hala, Garizuma iritsi artean, era eta esanahi anitzeko ekitaldi ugari antolatzen dira.

Inauteriak izendatzeko modu ugari daude, inguruko lurraldeetan epealdi hori izendatzeko erabiltzen diren izenekin zerikusia dutenak. Modu horretan, egunez eguneko errepasoa egingo dugu adibide hauek emanda:

  1. Ostegun Gizena izendatzeko: Gizakunde edo Gizakondo, Emakunde edo Emakondo, Ostegun Gizen eta Orakunde.
  2. Epealdi osoa izendatzeko: Iñautik, Iñotiak, Iyotegik, Iñautek, Ihoteak, Ihotek, Ihotik, Iyoteak, Igautreak, Ihautreak, Iñauteriak, Irauteak eta Karnabalak.
  3. Inauteri-igandea izendatzeko: Domeka Karnabala, Igande Iñautea, Zaldun Iñaute eguna, Zalduniote, Karnabal Astelehena edo Iñoteri eguna.
  4. Astelehen-inauteria izendatzeko: Astelenita, Asteleniote, Astelehen Ihaute, Karnabal Astelehena, edo Iyote Astelehena.
  5. Astearte-inauteria izendatzeko: Asteartita, Astearte Iñaute, Astearte Ihotea, Iñote eguna, Ihote bigarrena, Ihaute Asteartea, Iyoti hirugarrena, edo Astearte Iñautea.
  6. Errautsetako asteazkena izendatzeko: Asteazken Ahuste, Hauste eguna, edo Austerri eguna.

Iraganetik hona izan diren aldaketak argi geratzen dira ospakizun-egunetan, besteak beste. Adibide batera: Ituren eta Zubietan urtarrileko hirugarren edo laugarren igande, astelehen eta asteartez Joaldunak irteten dira. Ohitura hori une jakiren batean izandako aldaketa bati zor diogu.

Izaera eta ekitaldia aparteko bi kapitulutan bereizten dira. Horiek osatzen dute alderdi garrantzitsuenetako bat, Inauterien sona indartzen dutenak.

Alde batetik mozorroa daukagu. Karikatura eta antzezpena ezinbesteko elementuak dira hala bakarkako partaidetzan nola partaidetza kolektiboan.

Mozorro eta mozorrotuak izendatzeko erabiltzen diren izenen zerrenda oso luzea da, izan ere, herri edota zonalde bakoitzak bere modua baitaratu du. Horrela, gaztelaniazko izendapenak ditugu: "carátulas", "cascabobos", "cipoteros", "escaratuleros", "máscaras" eta "mascaritas".

Edota euskarazkoak, bitxiak bezain arraroak direnak. Gainera, gorputzeko elementu eta osagarriei buruzko izendapenak eta haietako aldaerak ere baditugu: joaldunak, landarrak, mamoxarroak, maskak, maskarak, mitxilargak, momotxorroak, mozorroak, mozorro beltzak eta mozorro zurik, mozorrotuak, mutxurrutako, muttuak, muxixarkoak, ñañarroak, palokiak, torikoak, txantxoak, txatarrak, txatxoak, zamar jantziak, zarratrakoak eta zomorroak.

Haurrek probokatu egiten zituzten mozorrodun edota katamalodun horiek, hainbat lelo oihukatuta. Adibide modura, Bidagontz herrixkan antzina aldarrikatzen zena ekarriko dugu hona:

"Zipotero matxuteroecha pedos al puchero.

Narraza, narrazallena la tripa de calabaza.

Triko, triko, trakono me pillarás el saconi tampoco el capazo."

 

(Idatzizko iturria: Erronkarribarreko Ihauteriak)

Mozorrotzeak katamalo bat jartzea esanahi zuen neurri handi batean, batez ere, gerra zibilaren aurretik. Bakunenak oihal eta trapuak izaten ziren, kartoizkoak edota, are, letoizkoak; beste zenbait horretara bideratutako dendetan eskuratzen ziren. Ezagutua izan gabe ibiltzeko jartzen zen mozorroa eta baita zenbait bihurrikeria egiteko ere. Azken hori mutilen kontua izaten zen.

Mozorroaren gaineko osagaiak emakumezkoen jantziak erabiliz osatzen zen, nabarmentzeko moduan jarriak berariaz. Janzkera hori mutilek hautatzen bazuten, trabestismoa irudikatzen zen. Xelebrekeria, nabarmenkeria eta, agian, zentsurarekiko ukoa nahasten ziren, alde batetik, arreta emateko asmoz. Baina, beste alde batetik, mozorroaren barnekoa ezagutua ez izateko asmoa era bazegoen.

Artilez, zintzarriz, kanpaitxoz eta kaskabiloz hornitutako mozorrodun edo katamalodunak aurki genitzakeen haurdun, apaiz eta moja janzten zirenekin batera. Hori herri askotan gerta zitekeen. Hala ere, jantzi bereziak ere baziren, denboraren poderioz sendotu direnak: Ituren eta Zubietako joaldunak; Lantzeko txatxoak, Cintruenigoko zarramuskeroak; Tuterako zipoteroak; Lesakako zaku zaharrak; edo Arizkun eta beste hainbat herritan agertu ohi den hartza.



Halaber, segizio berezi samar bat aipa dezakegu, gehienbat dantzariz osatzen dena. Luzaiden Bolantak izendatzen dira horiek, Zapurrak, Gorriak eta zaldizkoak lagunduta irteten direnak.

Badira hezur-haragizko pertsonak, badira bizigabeak eta baita bizidun artifizialak ere. Panpinak ez dira oharkabean pasa herri-pentsamoldean eta epaitu, sententziatu eta exekutatu egin izan dira. Ihabarren Aitezarkoa irten ohi zen Astearte-inauterian, hots, asto baten gainean eseritako panpina. Hura zen parodiako elementu nagusia eta bertan Landarrak (mozorrotua) ere parte hartzen zuen. Azken horrek egur-zati bat eramaten zuen esku artean, Ninia izendatzen zena: mozorrotuek hura harrapatu nahirik ibiltzen ziren eta lapurtutako egurra lurrera botatzen zuten. Horren ondorioz, jabea aieneka hasten zen soinu kirrinkaria eginez.

Ihabarren erabiltzen zen panpinaren parekoa erabiltzen zen Hiriberri-Arakilen, Aittitxarko izenez ezagutzen zena. Halaber, beste hainbat herritan ere atera ohi zen panpina tokiko hizkuntza-aldaera hartuta; esate baterako, Irañetan Atxon Zarkua izendatzen zen, Arizalan Judas eta Arbizun Aittun haundia edo Amiñ txikia.

Aparteko aipamena behar du Miel Otxin erraldoi ezagunak, zeina, bestalde, Lantzeko Inauterietako pertsonaia nagusia den. Aipatu Inauteriak Nafarroako Interes Kulturaleko Ondare Ez-Material gisa deklaratu izan dira. Inguruko herriak izupean zituen bidelapur baten elezaharra testuinguru paregabea da Astearte-inauterian egiten den erreketarako. Horrez gain, aipagarria da Xigantia Luzaidekoa, kalez kaleko ibilaldian dantzen doinuak agintzen duen erritmora astintzen dena eta goizean pilotalekuan egiten den antzezpenean protagonista dena.

Inauteriak, adin-tarte zehatz batean ospatzen dira gehienbat: gazteen artean. Antzina, mutilak ziren festa horrekin lotutako ekitaldi guztiak gauzatzen zituztenak. Horretarako, gazte-elkarte ezberdinak osatzen zituzten (Lagun Artea izendapen aski hedatua zen). Neskei gonbidapena luzatzen zitzaien bazkarira eta dantzaldira bertara zitezen.

Inauteriak gertu zeudenean edo herriko festetan, otsein nagusiak eta haren laguntzaileak (mayordomuak, danbolin nagusia, etab.) izendatzen ziren. Horretarako, zozketa egiten zen karta-sortatik aukeratutako karta jakin batekin. Izendapena egin ostean, festen inguruko prestakuntza guztiak hasten ziren, eskeari zegokiona barne.

Hainbat talde egiten ziren eta herri edo auzoko espazioak banatzen ziren haien artean. Horretarako, aurrez bilera bat egiten zuten langintza hori burutzeko. Aurrezarritako eskema bati jarraiki egiten zen ibilbidea, tradizioaren poderioz finkatu zena. Ibilbidea beti berdina izaten zen, arrazoi ezberdinak zirela medio egindako aldaketa txiki batzuekin.

Gaztez osatutako taldea zenbaitetan mozorrotu egiten zen eta haiekin batera musikari bat (soinujolea, txistularia edo gitarra-jolea) edo musika-talde bat ibili ohi zen eskeari ekiteko. Ekitaldi horrek bazuen bere izena zonalde euskaldunetan: puskak, puska biltzea eta eskea.

Astelehen- eta Astearte-inauteriz gosaldu egiten zen lehenik eta behin. Ondoren, baserri, etxe edo etxalde bakoitzean atea jo eta bertako bizilagunak agurtzen zituzten. Horren ostean, sarritan dantza egiten zen eta, batzuetan, abestu ere bai.

"Han goian, goian izarra,haren azpian lizarra,etxe hontako nagusi jaunakurre gorrizko bizarra.

Etxekoandre zabala,toki honeko alaba,bidean gatoz informaturiklimosneroa zerala.

Hor goien, goien ederrenetangoatze zuri nabarretan,lo goxo-goxo egin litekeJoxepa Antoniren besoetan.

Eskumuturra lirañe dezuokalondua bikaine,Jaun zerukoak egin zaizulaama on baten erraine."

 

(Lezaetako bertsioa, J. Garmendiak jasoa)

Etxe bakoitzean txerrikia (saskian eramaten ziren gerrena erabiliz ziztatutako xingarra, lukainkak edo txorizoak), arrautzak, fruituak, gazta edota dirua (zaku txiki batean eramaten zena) ematen zituzten oparitan. Horiek jaso eta egun horietan hainbat bazkari eta afari egiten ziren taberna edo ostatuan.

Haurrek ere egiten zituzten eskeak. Haiek Ostegun Gizenez ibili ohi ziren, hau da, Egun ttun ttun edo Orakunde izenez ezagutzen zen jaiegunez. Zenbaitetan eta San Nikolas egunez gertatzen den moduan, haiekin batera gotzaintxoa joaten zen. Hura lurraldearen hegoaldeko herri batzuetako etxe eta kaleetan ibili ohi zen.

Baztango harenean herri bakoitzak bere haurrak zituen. Haur horiek eskola-adinean ziren artean. Eske horretan oilar bat eramaten zen, ondoren Oilar Jokua edo Oilasko Jokua izeneko ekitaldian erabiltzen zena.

"Egun ttun ttun,bihar ttun ttun,etzi ere ttun ttuna.

Etxe huntan arnoa badaguk ez jakin zemana.Zemana den jakitekobehar do ttanttatto bana.

Aingeruak garazerutik heldu gara,boltsa badu bainandirurikan ez.

Konbida gaitzazutxikino bat ez,guk ereinen zaitubertzeino batez."

Urtats! Urtats!

 

(Arizkuneko Egun ttun ttun bertsioa)

Bilketarekin (lukainkak, arrautzak eta fruitu lehorrak) askari bat prestatzen zen koadrilako baten etxean. Bitartean, etxe bakoitzeko etxekoandreak, orokorrean azaro eta otsaila bitartean sakrifikatzen zen txerriaren hankak eta belarriak prestatzen zituen. Azkenburuko modura, torrada goxoak dastatzen ziren, esnetan gizendutako ogiz prestatzen zirenak, arrautza-irinetan pasa eta zartaginean apur bat eduki ondoren jateko. Neskalagun eta neskatoek piparopillek izeneko jakiak prestatzen zituzten, eskean aritzen zirenei emateko.

Festa horietan egiten ziren dantzak une jakinetan dantzatzekoak ziren eta, orokorrean, mutil gazteek egitekoak. Horixe gertatzen zen Lantzeko Zortzikoarekin, Arano eta Goizuetako Zaragi Dantzarekin edo Aresoko Ingurutxo izenekoarekin. Luzaideko kasua oso berezia da, izan ere, tradizioekiko maitasuna handia da bertan, bereziki dantzarekikoa. Gerra zibila iritsi aurretik herri horretan Inauteriak ospatzen ziren ohiko egunetan. XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadan ospakizun-data aldatu egin zen eta, ordutik, soilik Pazko-igandean ospatzen dira. Jautzak (Muxikoak, Hegi, Lapurtar motxak, etab.) eta bestelako dantza batzuk dira ospakizuneko izar. Modu horretan, dantza horiei lotutako identitatea baitaratu dute bertako biztanleek.

Zenbait zirkulutan, koreografia mota ezberdinak aipatzeko dantza eta dantzaldi izendapenak erabiltzen dira, bereizketarik gabe. Dena den, bi izendapen horien artean bada ezberdintasunik semantikari eta egiturari so: dantza autoktonoa, hura baitaratzen duen kulturak moldatutako dantzaldi inportatua. Biak agertzen ziren, eta dira, eskeetan eta "soltean" egindako dantzaldia eta "lotuan" egindakoa bereiz daitezke. Horietan baserrietako jabeek ere parte hartzen zuten, harremanezko elementu modura eta adiskidetasunaren erakusgarri.

Dantzaldi mota horiek funtsezkoak ziren igande eta jaiegunetako dantzagarri eta erromerietan. Horrez gain, Inauteri-igandean ere egiten ziren eta, zenbaitetan, Astearte-inauterian ere bai. Dantzaldia amaituta, otoitzaren burrunban edo illun ezkille entzuten zelarik, neskak etxera joan behar ziren. Mutilek laguntzen zieten etxera bidean eta behin etxean utzita, tabernara itzultzen ziren afaldu, dantzatu eta festa horietakoak egiteko.

Instrumentistak ezberdinak ziren herri edo zonaldearen arabera. Zenbaitetan gazte-elkarteek kontratatzen zituzten; beste batzuetan herrikoak izaten ziren. Leku batean pandero-jotzaileak alaitzen zuen giroa eta beste batean txistularia edo soinujolea izaten zen jendartea alaitzen zuena. Erdialdean eta hegoaldean gitarrek eta bandurriek ere ospe handia zuten: beste instrumentu batzuen laguntzarekin edo gabe, dibertimendua bermatuta zegoen.

Eta, azkenik, jokoak. Pikuaren jokoa, "piku-jokoa" oso hedatua zen Nafarroan eta baita beste hainbat lurraldetan ere; herri batzuetan erreferentea zen gainera: Heldu batek, gehienetan mozorrotuta, haurrak elkartzen zituen eta makila bat erakusten zuen lehortutako pikua zintzilik zuela. Haurrak hura ahoarekin harrapatzen saiatu behar ziren.

Beste adibide ere eman daitezke. Lehenengoa Luzaiden egiten den Atxe ta tupinak. Bertan bi mutil mozorrotu egiten dira, bata emakume arropaz jantzita eta bestea elorriaren adarrak jantzita. Helburua haiek eranztea da. Bakoitzak bere zirtzila du eskuetan, ahalegin betean diren gazteengandik defendatzeko erabiltzen duten porra modukoa.

Bigarrenik Oilar Jokua eta Oilasko Jokue aipatu behar dira, haur-joko bilakatu direnak. Joko hori egiteko oilar bat lurperatzen zen burua agerian zuela eta haurra hura ukitzen saiatu behar zen begiak itxita zituen bitartean. Gainera, musika baten soinua entzuten zen, haurraren orientagarri ala nahasgarri. Irabazleari hegaztia ematen zitzaion. Gauza bera gertatzen zen gazteen Antzara Jokue delakoarekin Betelu, Arribe, Lekunberri eta Azkaraten. Joko horretan antzarra zen lepotik zintzilik paratzen zena.

1936an gobernuak Inauteriak debekatu bazituen ere, XX. mendean zehar hainbat kolektibok bultzatuta hainbat festa mantendu eta berreskuratu dira, gure artera aski sustraiturik iritsi direnak.

Ituren-Zubieta eta Lantzekoak dira ezagunenak. Baina, horiekin batera, eskean atera ohi diren gazteak ikus ditzakegu, mozorrotuta edo erdi mozorrotuta : Igantzin segizioak egiten dira beste garai bateko arropak jantzita; Oronoz-Mugairin atenporalak dira arropak; Etxarri-Aranatz eta Ihabarren baserritar arropaz atera ohi dira eskean aritzen diren taldeak; eta Arantza eta Lesakan zuriz eta gorriz jantzita (Goittarak eta Fraindarrak); horiez gain, hainbat pertsonaien desfileak, segizio konplexu bilakatu direnak (Iruñako Galdaragileen Elkartea), edo herri nagusietan egiten ziren segizioen imitazioak (Donostian egiten diren Kaldereroak eta Iñude-Artzaiak, Beran ere egiten dira).

Iraganera itzultzeko nahia eta gizarte-ongizateari beha egin diren aldaketak nahastu egiten dira eta, horren ondorioz, zenbait elementuk galdu egin dute antzina zuten esanahia: delako Garizuma iritsi aurretiko jate eta edate bapoa; eskean aritzea, produktuak eta dirua lortzeko nolabaiteko eskasia nabari zen garaian; edo jostaketan aritzea, datozen berrogei egunetan dantzaldirik ez delako izango.

Tokiko historian iltzatutako pertsonaia zaharren hilketak (Miel Otxin, Atxon Zarkua eta beste), berriki sortutakoen aldamenean (Aldabika), mozorro-lehiaketak eta askotariko dantza-erakusketak leku publiko edo lokal itxietan, txoko eta gastronomia-elkarteetako ospakizunak, elkarte eta dantzatokietako festak, mozorroen prestaketa eta desfilea eskola eta ikastoletan, ikuskizun modura egindako sormen eta antzezpenak eta hedabideek eskaini eta saltzen digutena; horiek dira, azaletik aipatuta, aisialdiari dagokionez gaur egun ditugun aukera anitzak.

Urtero entretenimendurako formula berriak agertzen dira beste batzuk desagertzen diren bitartean. Osagai bakoitza mantentzeak ahalegin berezia eskatzen du, edozeinek eman ez dezakeena. Are gehiago, egungo historiak, joera berriak eskaintzen dituen bitartean, berritasuna sortzeko eginahalean porrota erakusten digu.

Nafarroan Inauteriak bat-batekotasuna dira, non antzinako formak, egokitzapenak eta kontzeptu berriak nahasten diren. Biziraun dezaketen erreferenteak bilatzen dira etengabe. Nolanahi ere, dakigun moduan, zail izaten da erronkari heltzea eta hortik eratortzen den mantentze-lana egitea.

  • ARRARAS SOTO, Francisco. Danzas e indumentaria de Navarra. Merindad de Sangüesa. Iruña: Nafarroako Foru Aldundia. Vianako Printzea Instituzioa, 1983.
  • ARRARAS SOTO, Francisco. Danzas e indumentaria de Navarra. Merindad de Pamplona I. Iruña: Nafarroako Gobernua. Vianako Printzea Instituzioa, 1987.
  • ARRARAS SOTO, Francisco. Danzas e indumentaria de Navarra. Merindad de Pamplona II. Iruña: Nafarroako Gobernua. Vianako Printzea Instituzioa, 1987.
  • DUEÑAS, Emilio Xabier; LARRINAGA, Josu. "Los carnavales vascos: restauración y revitalización de un tiempo festivo". Jentilbaratz. Cuadernos de Folklore 9. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2007.
  • ECHEGUT, M. O. "Le carnaval à Ituren et à Zubieta (Navarre) du début du siècle au lendemain de la guerre civile". Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 1991ko uztaila-abendua. XXIII.urtea, 58. zbk. Iruña: Vianako Printzea Instituzioa, 1991.
  • FERNÁNDEZ DE LARRINOA, Kepa. Calendario de fiestas y danzas tradicionales en el País Vasco. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2003, 119-120 or.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Iñauteria. El Carnaval Vasco. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S. A., 1973.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. "El Carnaval vasco y sus personajes". Mitos y leyendas del País Vasco. Donostia: Induban, 1973.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Carnaval en Navarra. Etnografia Saiakerak Bilduma 3. Donostia: Haranburu Editor, S. A., 1984.
  • GARRIDO PALACIOS, Manuel. "Itzea 1976. Conversaciones con Don Julio Caro Baroja al hilo de los Carnavales de Zubieta, Ituren y Lanz (Navarra)". Revista de Folklore, 1996. urtea, 16. liburuxka, 181. zbk. Valladolid: Caja Españaren Kultura Ekintza, 1996.
  • HORNILLA, Txema. El Carnaval vasco interpretado. Biblioteca Vasca Bilduma. Bilbo: Mensajero 1990.
  • IRIGOIEN, Iñaki; DUEÑAS, Emilio Xabier; LARRINAGA, Josu. Ihauteriak-Carnavales. Bilbo: Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa, 1992.
  • JIMENO JURIO, José Maria. Calendario festivo. Invierno. Panorama Bilduma, 10. zbk. Iruña: Vianako Printzea Instituzioa, 1988.
  • JIMENO JURIO, José Maria. Calendario festivo II. Invierno. Obras Completas José M.ª Jimeno Jurío 52. Iruña: Pamiela, Udalbide eta Euskara Kultur Elkargoa, 2009.
  • KEBENKO. Erronkari Ibarreko Ihauteriak, 2001.
  • OZKOIDI ASURMENDI, Mikel; IRUJO ASURMENDI, Karlos. Lantz - Ituren - Zubietako Inauteriak. Panorama Bilduma, 40. zbk. Iruña: Nafarroako Gobernua-Kultura eta Turismo Saila -Vianako Printzea Instituzioa, 2009.
  • RAMOS, Jesus. "Aitexarko y los personajes del carnaval de Ihabar". Sukil. Kultur Tradizioaren Koadernoak II. Iruña: Ortzadar Euskal Folklore Taldea, 1998.
  • TIBERIO, Francisco Javier (testua); OTERMIN, Luis (argazkiak). Carnavales de Navarra. Nafarroako Gaiak Bilduma, 6. zbk. Iruña: Nafarroako Gobernua. Lehendakaritza Saila, 1993.
  • TRUFFAUT, Thierry. Joaldun et Kaskarot. Des carnavals en Pays Basque. Baiona: Elkarlanean, 2005.
  • CARO BAROJA, Pio. Las cuatro estaciones (DVD). Iruña: Nafarroako Gobernua-Kultura eta Turismo Saila-Vianako Printzea Instituzioa, 2004.
  • Pyrene, P. V.-Nafarroako Etnologia Museoa (DVD). Etnografía navarra. Huesca: Pyrene, P. V.-Nafarroako Gobernua, 2009.
  • ZENBAIT EGILEREN ARTEAN (liburua+DVD). Negua ospatuz. Calor, Color y Ritmos del Invierno. Donostia: Euskomedia Fundazioa-Eusko Ikaskuntza, 2009.