Kontzeptua

Polka

Polka Europako dantza ezagunenetakoa izan zen XIX. mendean. Horrelakoetan gertatzen den bezala, haren jatorriari buruzko teoria asko daude. Dena den, teoria hedatuenak dionaren arabera, dantza 1830. urte inguruan sortu zen Txekiako hiri-ingurunean, poloniar giroa gogora ekarriz.

1837an barneratu zen Pragan eta berehala hedatu zen. Hala, 1843. urte inguruan dantza kuttunenetako bat zen Pariseko aretoetan. Bikotean egiteko dantza da, balsa, mazurka eta ezkotixa bezalaxe. Hala, bikotea entitate bakar bat da, gainerako bikoteekiko independentea.

Erritmo bitarra eta azkarra du (gutxi gorabehera 52 konpas minutuko, 1847ko Cellariuseko tratatuaren arabera) eta, orokorrean, forma hirutarreko fraseatze karratuak ageri dira hartako musikan. Txio eta txioerdi ugariz osatzen da eta erritmoaren patroia ere modu horretakoa izaten da (Cernusák, Lamb eta Tyrrell, datarik gabe):

Partitura

Partitura

Dantzaren mugimenduei dagokienez, polkan ohikoak dira jauzi txikiak eta oina pixka bat altxatuz egiten diren mugimenduak, eta baita orpo-punta mugimenduak ere. Edozelan ere, Europan eta Amerikan aski hedatu den dantza da polka. Hori dela eta, era guztietako aldaera eta azpi-aldaera andana ezagutzen dira.

Pentsatzekoa denez, polka Baskoniara ere iritsi zen eta bertan ere oso ezaguna izan zen, inolako zalantzarik gabe. Hala ere, lotuan egiteko dantza zenez, arazoak izan ziren elizako agintariekin eta agintari zibilekin, ezmoraltzat jotzen baitzuten. Argi dago garai hartako gizartean dantza hori aukera paregabea zela sexu ezberdinen arteko harremanak finkatzeko. Alde batetik, kontaktu fisikoa zegoelako eta, beste alde batetik, bikoteak sentitzen zuen intimitate eta independentziagatik, agian bigarren arrazoi hori zelarik garrantzitsuena: bi gorputzen arteko sintonia hori bilatu nahia, eta soilik bi horiena, (gaur egun horren ohiko eta ezaguna ez dena) hainbat dantzei esker ahalbidetu zen lehen aldiz, esate baterako, balsa, polka, mazurka, habanera edo ezkotixari esker. Horietan, goiztiarragoa zen kontradantzan ez bezala, ez da beharrezkoa taldekako koreografiarik, modu horretan, bermaturik zegoen bikotearen independentzia erabatekoa.

Pedro de Madrazo arte-kritikariaren (garaiko pintoreen familia ospetsuko kidea) aipu pare bat ekarriko ditugu hona, Baskonian dantza horiek izan zuten harrerari buruzkoak, 1886an argitaratuak, izan ere, aipu horiek argigarriak dira oso (aipua Villafranca Belzunegui 1999:393-4):

"Penintsulako jota eta fandango, Ingalaterrako kontradantza eta Frantziako rigodoi bukaezinekin batera, probintziar eta nafarrek, ezustean, beste hainbat dantza jaso dituzte, esaterako, dantza arinak, polkak, galopak, ezkotixak eta askotariko dantza aglutinatzaileak, egiazko kultura sozialaren laido modura [...] Ah! Euskaldun koitaduak, zortziko onest eta galantaren, aurresku sotilaren eta ezpatadantza kementsuaren sortzaileek dantza satsu horiek hartu dituzte lege oneko opari modura eta, gaur egun, han-hemen dantzatzen dituzte gortean onartuak izan direla ikusi dutelako, gorteko jende hori zer-nolakoa den ohartu gabe! Zeruak nahi beza Madrileko pandemonium horretako moda guztiak bereganatzeko joera iluna senda dadila!"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Adibide batera, Julian Romano gaita-jotzaile bikainaren errepertorioa (1831-1899), Tomas Diaz Peñalbak (1989) argitaratutakoa, rigodoiek, balsek, mazurkek, ezkotixek, polkek, 2/4 erako rigodoiek, habanerek, jotek eta sonatek osatzen dute, ia maiztasun berean. Bertan pieza bakarra agertzen da polka izenez. Hala ere, badira beste hamalau pieza bals-polka izenez agertzen direnak. Horiek polkaren ezaugarriak dituzte, besteak beste, erritmo bitarrean eta zelula erritmikoetan ikus daitekeen moduan. Dena den, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako danbor-jotzaileen errepertorioetan ez da gauza bera sumatzen, ezta Txistulari aldizkariko errepertorio arras zabalean ere.

Lehen kasuan, bals-polkak zenbait adibide agertzen dira, 2/4 konpasean. Horrez gain, polka-mazurka adibideak ere ikus daitezke. Dena den, konpas hirutarrak eta bere erritmoak garai hartan horren arraroa ez zen eredu bat iradokitzen dute, mazurkako musikaren barnean polkako pausuak txertatzearen ondorioz aipatu izena hartzen duena. Azkenik, kontradantza erako polkaren bat ere aurki daiteke, kontradantzatik hurbilago dagoena polkatik baino. Hala ere, bi generoek agertzen duten izaera bitarraren eta fraseatze karratuaren nahiz erritmo aldetik duten antzekotasun ukaezinaren ondorioz, polkaren eta kontradantzaren arteko aldea, sarritan, oso zolia izaten da. Horrenbestez, gauza jakina dirudi genero horrek ez zuela horrenbeste zale izan txistularien artean. Dena den, horren arrazoia ez da kolektibo hori moralitate publikora gehiago gerturatu izana, izan ere, beste hainbat generok, sekulako arrakasta izan zuten kolektibo horretan, esate baterako, lotuak, balsak edo habanerak. Nolanahi ere, bazen genero horretan hainbat autore erakarri zituen zerbait, besteak beste, Felix Urabayen zorrotza (aipua, Aranburu Urtasun 2003). Hark, San Ferminen testuinguruan, errealitatean existitzen diren bi txuntxunero deskribatu zituen El barrio maldito eleberrian: Alde batetik, Javier Echeverria, Ezkirotzeko ijito danbor-jotzailea, motelago eta tokiko kutsu handiagoz jotzen zuena. Haren aldamenean Anotzeko beste txuntxunero batek jotzen zuen. Haren porrusalda eta zortzikoetan tradizio artistikoaren nahasketa nabari zitekeen; bazuten jota eta polka zantzu apur bat. Hala ere, 1955ean berragertu zen Txistulari aldizkariko bigarren garaiko orrialdeetan ere ez da antzematen genero horren adibide gehiegirik.

Frantziako eredua gertuago zegoelako edo elizak eta gizarte zibilak sortutako aurkako polemika eta presioa ez zirelako hegoaldeko lurretan bezain indartsuak, egia esatera, polkak arrakasta handiagoa izan zuen Iparralden, bereziki, Behe Nafarroan. Musikari ezagun askoren errepertorioan oso ugariak ziren halako generoak, esate baterako, Faustin Bentaberri (1865-1936) biolin-jotzaile eta klarinete-jotzailearenean eta baita bere iloba Jean Otheguy Lanyaburu biolin-jotzailearen errepertorioan ere, zeina 1956an hil zen. Jose Antonio Quijeraren arabera (2004:164-165), zonalde horretako igandetako dantzaldietan aurrezarritako ordena bati jarraitzen zitzaion II. Mundu Gerrara arte. Hala jauzien ostean, polka bat, ezkotix bat, mazurka bat eta bals bat interpretatzen ziren, hurrenkera horretan. Horien ondotik, gutxienez, lau kontra-iantza (hala izendatzen ziren tokiko euskalkian) dantzatzen ziren. Horiek amaitzean, berriz ere, polka batek hasiera ematen zion zikloari.

Dena den, gaur egun inork ez du esango polka genero euskalduna denik. Haatik, herrialdean badira, gutxienez, bi polka aski ezagunak direnak: bata Donostiako Danborradan entzuten den polka da, Raimundo Sarriegi maisuarena, azpiko estekan ikus daitekeena. Bestea Luzaiden polka-pik izenarekin ezagutzen dena da. Bigarren hori askoz gehiago hedatu da eta orpo-punta mugimendu klasikoek garrantzi handia dute hartan. Honatx partitura:

Partitura