Kontzeptua

Habanera

Habanera dantzatu eta abestu egiten den generoa da eta, izenak adierazten duen moduan, Kuban aurkitu behar dugu bere jatorria. Kontradantzaren tokiko bilakaerari dagokionez, dirudienez, XVIII. mendeko amaieran eta XIX. mendeko hasieran sortu zen, neurri batean Haitiko matxinadetatik etorritako errefuxiatuen presentziak eraginda.

Horren ondorioz, kontradantzak erritmo irregularragoa hartu zuen, Afrikako erara eta, batez ere, kutsu motel eta sentsualagoa hartu zuen. Bikoteka dantzatzen da erabateko askatasunez. Hankak apenas mugitzen dira, baina trukean besoak, aldakak, buruak eta begiak erabiliz mugimendu sentsual bikainak egiten dira, Kubako danzon delakoaren antzera. Halaber, badu antzekotasunik lehenengo tangoarekin. Hala, batez ere, XIX. mendeko amaiera eta XX. mendeko hasiera bitartean Penintsula Iberikoan azken dantza horrekin nahasten zen hona dakargun Habanera. Horrela, XIX. mendeko erdialdera habanera joan-etorrian ibili zen eta ezagun egin zen hainbat lekutan, batez ere Espainian. Hartako testuak, sarritan, sentimentalak ziren eta Karibe exotikoa zuten mintzagai, mulatoa zelarik pertsonaia nagusia. Genero hori maiz entzun zen, hala zarzuelan nola areto-musikan (Barulich, datarik gabe). Honatx habaneraren oinarrizko erritmoa, sarritan ostinato izaera hartzen duena:

Partitura

Dena den, arestian aipatutako Afrikako eraginaren eta, bereziki, doinuaren eraginez, sarritan itxura hau hartzen du erritmoak.

Partitura

Baskoniara ere iritsi zen habanera eta kontu jakina da arrakasta itzela ukan zuela. Hala ere, lotuan egiteko dantza zenez, arazoak izan ziren elizako agintariekin eta agintari zibilekin, ezmoraltzat jotzen baitzuten. Argi zegoen halako dantzek garaiko gizartean aukera itzela ematen zutela sexuen arteko harremanak finkatzeko. Alde batetik, kontaktu fisikoa zegoelako eta, beste alde batetik, bikoteak sentitzen zuen intimitate eta independentziagatik, agian bigarren arrazoi hori zelarik garrantzitsuena. Bi gorputzen arteko sintonia hori bilatu nahia, eta soilik bi horiena, (gaur egun horren ohiko eta ezaguna ez dena) hainbat dantzei esker ahalbidetu zen lehen aldiz, esate baterako, habanera, balsa, polka, mazurka edo ezkotixari esker. Horietan, goiztiarragoa den kontradantzan ez bezala, ez da beharrezkoa taldekako koreografiarik, modu horretan, bermaturik zegoen bikotearen independentzia erabatekoa.

Horrez gain, foruzaletasunaren eta lehen euskal nazionalismoaren garaian dantza lotua kondenatzen zuen pentsamendua nagusitu zen, izan ere, ezmorala izateaz gain, dantza arrotza zen, euskal dantza solte zintzoaren aldean. Modu horretan, dantza harekin lotutako hainbat kargu hartze ikus ditzakegu, esate baterako, Iruñako Udalak Demetrio Romano gaita-jotzaileari egindakoa. 1887: "Dultzaina ez da instrumentu egokia tango eta habaneratan jotzeko, ezta bals eta polka interpretatzeko ere; horrenbestez "Euskal Herriko kantu herrikoiak baino ezin dira jo", esaterako, jotak, zortzikoak, alboradak, etab." (aipua, in Ramos Martinez 1998:475). (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Demetrioren aita zen Julian Romano gaita-jotzaile bikainaren errepertorioa (1831-1899) Tomas Diaz Peñalbak (1989) argitaratutakoa, rigodoiek, balsek, mazurkek, ezkotixek, polkek 2/4 erako habanerek, jotek eta sonatek osatzen dute, ia maiztasun berean. Zehazki esatera, guztira hemezortzi habanera agertzen dira bertan, hau da, errepertorio osoaren %13a baino gehiago.

Txistulari aldizkaria Euskal Herriko Txistulari Elkartearen organoa da eta bertan XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako hiru errepertorio kaleratu dira. Lehenengoa Fernando Ansorena Izagirrerena da eta 1885eko datarekin agertzen da (Ansorena Miner 1996). Errepertorio horretan seiehun eta hogeita hamar pieza agertzen dira guztira. Horietatik ehun habanerak dira, hots, errepertorio osoaren %15,9a. Pieza kopuruari so, bigarren tokian ageri da generoen zerrendan, aurretik balsa kokatzen delarik. Beste bi koadernoak (Ansorena Miner 1990; Apezetxea Aguirre 1991) berantiarragoak dira eta, orokorrean, horietan portzentajea 17,2 puntukoa da. Hala, bi horietan hirugarren genero gisa agertzen da, 5/8 erako zortzikoen eta balsen atzetik.

Txistulari aldizkariaren bigarren aroko lehenengo sei mila orrialdeak 1955-1998 bitartekoak dira (Agirregomezkorta eta Vesga 1998) eta horiekin alderatuta aldea nabarmena da, eta pentsatzekoa da euskal nortasunaren eta dantza solteen susperraldiak eragina izan zutela. Hemen orotara sei habanera aurki daitezke, hau da, errepertorio osoaren %0,3a baino ez.

Abesteko genero modura ere ukaezina da Herrialdean izan zuen eragina. Gainera, agian habanera-konpositore garrantzitsuena izan zena arabarra izan zen, hain zuzen Sebastian de Iradier. Hala berari zor zaizkio betiereko bi habanera ospetsuenak: La Paloma, munduko hizkuntza guztietan itzuli eta abestu dena eta, El arreglito, are ezagunagoa dena, Bizetek Carmen opera entzutetsuan barneratu zuelako. Obra horretan habanerari ematen zaion erabilera garai hartan generori Europa osoan ematen zitzaiona da: obrako protagonista aurkezteko modu sentsual eta ederra, hots, musikaren historiako lehen emakume zitala.

Habanera, dantzarako genero modura, dagoeneko gainbeheran dagoen arren, Baskonian oraindik badira oso ezagunak diren hainbat habanera-doinu: adibidez, Habanera del Guría ("Joshe Miguel, Miguel Joshe"...) edo Habanera sietecallera gaztelaniaz. Euskaraz, berriz, Ameriketara joan nintzen edo Ikusi nuenian indar handiz entzuten dira oraindik. Orobat, oso ezagunak dira Iparragirreren Zugana Manuela eta, nola ez, Xabier Leteren Habanera. Azken horretan, Baskoniako giro gris eta hotza agertzen da habanera klasikoen Karibe eder eta utopikoaren aurrez aurre ("Osaba komertzianterik ez nuen izan Habanan, pianorik ez zegoen bizi nintzen etxe hartan..."). Honatx Ameriketara joan nintzen doinuaren partitura:

Partitura