Kontzeptua

Kontraiantza

Kontradantza ziur aski dantza mota ezagunena izan zen mendebaldeko Europan XVIII. mendean (Burford eta Daye, datarik gabe).

Dirudienez, XVII. mendean sortu zen Ingalaterran, country dance izenarekin. XVIII. mendean Frantzian hedatu zen contredanse izena hartuta. Herrialde frantziarrean ospe itzela eskuratu zuen denbora gutxian eta, ordura arte, txoko guztietan agertzen zen minuet ezaguna bigarren maila batean geratu zen, gorte-esparrura mugatuta. Baskonian ez zuen halako osperik izan eta, horrenbestez, inork ezin dezake esan herrialdeko dantza bereizgarria izan denik. Dena den, garai batean izan zuen ospea eta, are, gaur egun, oraindik badu halako inportantzia. Horren erakusle dira Euskal Herriari buruzko entziklopedia batean dantza horrekin agertzen diren sarrerak.

Ingalaterrako eredu zaharretan eskema zirkular, karratu eta lerrodunak agertzen dira. Frantzian lerrodunak nagusitu ziren eta handik Europan barna hedatu. Kontradantzako koreografiaren muina ez da norbanakoa, bikotea baizik. Hori da bere ezaugarri funtsezkoetako bat, aurreko koreografia-ereduekin (minuetetik soka-dantzara arte) alderatzen duena. Lurraren gaineko mugimenduak, bikoteen arteko euste eta askatzeak eta bikoteen arteko konbinazio ugariak dira dantza horren ezaugarri behinenak. Horrela, zalantzarik gabe, Erregimen Berri horren ildotik, aurrez aipatutako dantzak baino demokratikoago eta aitzindariagoa da. XVIIII. mende erdialdeko Le répertoire des bals, ou Théorie pratique des contredanses izeneko Frantziako tratatu batean besoak elkarlotzeko ohitura bat aipatzen zen, Alemaniako erabilerekin identifikatzen zena. Horrenbestez, zenbaitetan Alemaniako kontradantzak aipatzen ziren halako mugimenduen aurrean. Bestalde, Ingalaterrako kontradantza izendapenari so egiten badiogu, badirudi longway ereduko kontradantzak aipatzen direla, bikotez osatutako lerro luzea duena koreografiaren oinarri.

Musikari dagokionez, abiadura azkarrekoa zen, biko erritmoa zuen eta 2/4 konpasa zein 6/8 konpasa erabiltzen zen zortzi konpaseko esaldi karratuetan. Halaber, konpasaren goiko zatian hastea ez zen harritzekoa. Ikus daitekeenez, egitura hori ez da espezifikoegia. Hori dela eta, zenbaitetan zaila izaten da kontradantza genero modura identifikatu eta bereiztea.