Ikastolak

Zurriola ikastola. Donostia

Gaur egungo Gros auzoko Zurriola ikastolaren ernamuina 1966an Kontxita Beitia andereñoak bere etxebizitzan 10 neska-mutilekin hasitako bidean jarri behar da. Garai hartako gurasoek aurrera egin beharra ikusten zutela eta, 1968an "Sociedad Cultural Zurriola" izeneko elkartea eratu zuten, horrek eskola bat zabaltzeko eskubidea ematen baitzuen. Baina eraikuntza baten titularitatea bideratzeko aukerarik ematen ez zuenez, babes erlijiosoaren bila jo behar izan zuten, eta San Inazio elizako erretorearen esku-hartzeari esker, auzoko parrokiaren izenean eskola irekitzeko baimena lortu zuten.

1968ko urriaren 8an, "Escuela Parroquial de San Ignacio" izenarekin jarri zen abian ikastola, hiru andereñorekin eta alokairuan hartutako Ramon Maria Lili kaleko 8. zenbakian. Jesuitek, auzoko parrokiaren izenean eskola irekitzeko baimena eman zuten. Izen bat ere eman zioten ikastolari, "Escuela Parroquial San lgnacio". On Salvador Alcalde apaizak asko lagundu zuen.

Azkenean Ikastolak baimena lortu zuen, haur-eskola gela bat eta nesken gelak ipintzeko. Mutilek ofizialki ezin zuten ikastolan ikasi, baina hauei Mariaren Bihotza eskolari esker, Eskolaritate Kartila zuzentzen zitzaien. Ramon Maria Lili kalean, hiru urte eman zituzten, ordurako haurrak gehitzen zihoazen eta Ministerioak Ikastolaren legalizazioa iristarazten zuen bitartean, lokal egokiago baten bila abiatu ziren. 1969-70 urte tartean gauzatu zen Ikastolaren legalizazioa.

1970-71 ikasturtean Villa Sakramentoko lekaimeek egoitzaren zati bat alokatu zioten Zurriola Ikastolari eta, horri esker, ikasleek OHOko lehen zikloa bete arte (5. maila) ikastolan bertan kurtsatzeko aukera izan zuten. Hortik aurrerako ikasketak eskaini ahal izateko, bost ikastoletako guraso ordezkariek Barandiaran Lizeoa sortzea erabaki zuten -Arantzazuko Ama (Martutene), Ikasbide (Amara), Jakintza (Antigua), Orixe (Alde Zaharra) eta Zurriola (Gros)-, horretarako egoitza Ibaetan eraikiz. Horrela, 1974- 75 ikasturtean hasi zuen bere ibilbidea Barandiaran Lizeoak, OHO.ko 6. mailako bi ikasgelekin.

Zurriola Ikastola, 1980ko irailaren 22an kooperatiba bilakatu zen, 280 kooperatibistekin. Elkarte Kultural soil bat izateari utzi egiten zion eta zentroak zuen ondarea kooperatibizatu, familia bakoitzak 50.000 pezetatako kuota jarri behar izan zuen. 1980ean "Escuela Parroquial San Ignacio"-k, titularitatearen zesioa egin zion Zurriola kooperatibari.

Garai horretan guraso askoren harra zen OHO osoa eskaini ahal izatea ikastolan bertan, eta 1980ko abenduaren 11n Urrako zelaia erosteko hitzarmena sinatu zen. 1980-81 ikasturtean haur batzuk Barandiaran Lizeora joan ziren OHOko 6. maila egitera; beste batzuk, berriz, Zurriolan bertan geratu ziren. Villa Sacramentok eta Urrako eskolek osatzen zuten Zurriola Ikastola. Eskolaurrea Villa Sacramenton zegoen bitartean, Urran, 8. mailararteko ikasketak burutu zitezkeen. Denboraren poderioz, maila bakoitzean bi linea ipini ziren.

Obra amaitu bitartean eskolak emateko orubean zegoen zaintzailearen etxebizitza erabili zen. Azpimarratu behar da proiektu berriak barneratzen zuela Zurriola Ikastola 2 lerrodun ikastetxea bihurtzea, beraz, garai horretan ikasle gehiago onartzen hasi zen ikastola. Eraikitze lanak 1982-83 ikasturtean amaitu ziren.

Zurriolaren proiektu berriak eragin zuzena izan zuen Barandiaran Lizeoaren matrikulazioan. Bestalde, 1984an indarrean jarri zen irakaskuntza legediaren ondorioz, ikastetxeei orduko OHO osoa eskaini beharra etorri zitzaien. Horrek Barandiaran Lizeoaren egokitze-aldi bat eragin zuen, eta orduko BBB eta UBI eskaintzeari ekin zion. 1984an lur-zati bat erosi zuen ikastolak Belaguan. Hurrengo urtean, berriz, "Tapones Ordoñez" lantegia erosi zuen (Kortxos izenarekin ezaguna), pentsatuz ikastolak hazi beharra izanez gero, han zuela aukera egokia. 1991n Villa Sakramenton alokairuan zuen zatia erosi egin zuen ikastolak, beti bezala hipoteka-maileguak baliatuz.

1993ko maiatzaren 22an eginiko batzarrean Zurriola ikastolako bazkideek muzin egin zioten sare publikoan sartzeari, Barandiaran Lizeoak egin zuen bezalaxe. Barandiaran Lizeoa osatzen zuten beste lau ikastoletako bazkideek, berriz, sare publikoan sartzearen aldeko apustua egin zuten. Hortik aurrera zaildu egin zen Barandiaran Lizeoaren egoera, eta lan gogorra egin behar izan zuten urteotan euren martxari eutsi ahal izateko.

1994n LOGSEk irakaskuntza etapen markoa aldatu egin zuen. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezarri zuen eta, horrekin batera, nahitaezko eskola garaia 16 arte luzatu zen. Zurriola ikastolak DBHa ezartzea deliberatu zuen. Horretarako, Hurrako egoitzan handitze lanak egin behar izan ziren.

Beste behin ere, Zurriola Ikastolak eta inguruko beste ikastetxeek hartutako erabakiak ikaragarrizko eragina izan zuen Barandiaran Lizeoaren planteamendu pedagogikoan. Egoera gordin horren aurrean Barandiaran Lizeoak berriro ere egokitze prozesu bati ekin behar izan zion.

XXI. mende hasieran, ikasleriari dagokionez, Zurriola ikastolak egoera nahiko sendoa zuen. Erantzun ezinik zebilen Haur Hezkuntzan izena ematen zuten haur guztiei lekua emateko. Baina, horrekin batera, kezka sakona eragiten zuten datuak ere bazeuden: DBHra arte "ikastola" proiektuaren baitan hezitako ikasleen gehiengoak beste eredu batzuetara jotzen zuen Batxilergoa egitera.

Barandiaran Lizeoa, aldiz, justu antzean zebilen azken urte horietan. Egoera horren aurrean bi ikastolak elkartzea aztertzen hasi ziren Donostiako ekialdean hezkuntza osatua eta orekatua eskaintzea ahalbidetzen zela ikusiz. Horrela bada, 2008ko otsailean, bai Zurriola Ikastolako eta baita Barandiaran Lizeoko Batzar Nagusiek bi ikastolak bateratzea erabaki zuten, aurrerantzean Zurriola Ikastola izenarekin ezaguna izango dena.