Kontzeptua

Bizkaiko Inauteriak

Urteko jai-zikloen barnean, gertuko iragan bateko gizarte nahiz kulturan neguak garrantzi itzela izan duela ikus dezakegu.

Berez, inauteriak izan dira neguko festa nagusiak XX. mendeko hasiera haietan parte hartu izan zutenentzat (horiek izan ziren inauteriak ospatzen azkenak, mende bereko hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadan berreskuratu ziren arte). Horrela, XIX. mendeko amaieratik 1936. urtera arteko epealdiari buruzko informazio oro izango dugu bidelagun. Aipatu urtean zehazki debekatu ziren halako jaialdiak gobernuko manu eta dekretuen bidez.

Inauterietako epealdia finkatzerakoan, ekitaldien multzo mardula osatzen duten egun ezberdinak bereizi behar ditugu ezinbestean, beste sasoi batzuetan ekitaldi nagusi modura ezagutzen ziren ekitaldiekin zuzeneko edo zeharkako lotura dutenak: Ostegun Gizena, Ostiral Mehea, Larunbat Erregularra, Igande-inauteria, Astelehen-Inauteria eta Astearte-Inauteria.

Lehendabiziko albisteei erreparatuz , zera ikus dezakegu, sasoi batean Aratuste eta Inauteri izenak lehian izan zirela, azkenean, bigarrena nagusitu zelarik. Euskaraz hainbat izen hartzen dituzte egunek: Eguen Zuri, Karnabal Domekie, Astelehen Karnabala eta Martitxen Karnabala. Dena den, horiek ez dira bakarrak, izan ere, memoria kolektiboan iltzatuta geratu dira Aratuzteak edo Aratosteak. Izendapen horiek ere oso hedatuak dira eta jaialdi-ziklo horri erreferentzia egiteko termino jatorrenak direla esan ohi da.

Inauterietako elementu nagusiena beste garai batzuetan hau izan da: mozorroa. Bakoitza bere etxe edo inguruan batzen zituen jantziekin mozorrotzen zen. Bakoitzaren ogibidea betez janzteagatik zahartu eta erabilitako arropak edo bestelakoak janzten zituzten mozorrotuek, horrela, herri txiki eta auzotan bizilagunek ez zituzten ezagutzen eta herri handiagoetan anonimo ibil zitezkeen oinezkoen aurrean.

Batzuk zakua, zintzarriak edo kanpaitxoak jantzita irten ohi ziren. Beste batzuk, aldiz, arlekin, pierrot edo baserritar jantziak alokatzen eta are, erosten zituzten. Emakume gutxi mozorrotzen ziren eta hala irtetea erabakitzen zuten urriek "kolondar" arropa bilatzen zuten edo, bestela, senitarteko edo lagun bati hartutako neskame arropak.

Trabestismoa oso ohikoa zen. Mutilak neska jantzita, gonekin eta bular handiak irudikatzeko betegarriz. Emakumeak, berriz, "jaunxkil" jantzita, bibote eta prakekin. Ahal zela, aurpegia estali egiten zuten trapuren bat, katamalo bat edo maskara jarrita. Begiak eta ahoa baino ez zituzten agerian izaten.

Eskualde bakoitzean bere izendapena erabiltzen zen horientzat. Zenbaitetan, herri berean izendapen bat baino gehiago ere izaten zen. Hala, adibide batera, aipa daitezke "maskaratxo" izen hedatuena eta kokoxa gutxien erabiliena, edo tarteka aipatzen ziren karatulie, errabidxe, kokomarroak edo marroak.

Mozorrotuek, zenbaitetan, egun horietan etxeetan jaten ziren elikagaiak lapurtzen zituzten; nagusiki ogi-torradak eta irin-torrada edo esne-torradak.

Halako jakiak primerako ahogozagarriak ziren, batez ere haurrentzat, eta sekulako ilusioz jaten zituzten. Kontuan izan behar da gerraostean elikagai eskasia zela nagusi. Azkenburuko horiek eta haurren mozorroak izan dira Inauterien debekualdian zehar etenik gabe mantendu diren elementu bakarrak.

Horrez gain, menuan txerriaren hankak (Enkarterrietan "patos" izendatuak) eta belarriak ezinbesteko osagaiak ziren. Are, zenbaitetan, txerriaren muturrak ere jaten ziren. Guztia "bizkaitar erara" prestatutako saltsan bustita. Hori izaten zen etxekoandreek arduraz prestatzen zuten beste platera bat.

Prestatutako jaki horiez gain, neguan zehar bedeinkatzen ziren (San Antonio, Kandelario eta San Blas egunez) produktu guztiak paratzen ziren mahai gainean, eta baita Kanpora martxo edo Basaratoste egunez jaten zirenak edo egun horietako eskeetan oparitan ematen zirenak ere, hau da, lukainkak, xingarra eta arrautza.

Festa, familia eta lagunarteko giro batean ospatzen zen eta adin guztietako lagunak elkartzen ziren. Negu gorria arintzen zuten askariak egiten ziren, laneko errutinatik irtetea ahalbidetzen zuen giro batean: lukainka-tortillak, arrautza frijituak, xingar erre edo frijitua.

Inauteri izenez ezagutzen den epealdiaren barnean, Inauteri-igandearen aurreko igandez egiten zen askaria nabarmendu behar da, herri gutxi batzuetan mantentzen dena apur bat eraldatuta: Bizkaiko zonalde euskaldun guztian ospatzen zen eguna, eta ekitaldiak berak hainbat izendapen hartzen zituen: Kanpo(ra) martxo, Sasi martxo, Txitxiburduntzi edo Basa(ra)toste.

Jaiegun horretan, igande arratsalde horretan, mendi edo larre gertukoenera joan ohi ziren haur zein adineko, lagunartean edo bakarka. Leku jakin batzuetan ostegunez ospatzen zen eguna. Han sutzar txiki bat piztu eta sutan edo txingarretan lukainkak edo xingarrak erretzen ziren. Horretarako, puntadun makila bat erabiltzen zen, hori zen egurrezko burduntzia. Kantuan eta dantzan ematen zuten eguna eta iluntzean bakoitza bere etxera itzultzen zen. Hurrengo igandea, Inauteri-igandea, leku batzuetan Etxera martxo izenaz ezagutzen zen eta, izenak adierazten duen moduan, askaria etxean egiten zen.

Mendiko askaria egin eta hurrengo astean "Ostegun Gizen" edo Eguen Zuri eguna (hau ez da, hala ere, antza gehien duen izendapena) iristen zen. Egun horretan eskola-haurrek herri jakin batzuetako auzotan ibili ohi ziren etxez etxe Durangaldean, Uribealdean, Busturialdean eta Arratian.

Eske horretan lukainkak, arrautzak, xingarrak eta dirua (garai hartan asko ez izan arren) pilatzen ziren. Saskidun eta poltsaduna besteekin batera ibili ohi ziren. Hala, gainerakoak lurra makilarekin joz kantuan aritzen ziren bitartean, aipatu bi pertsonaiak auzoan barna ibili ohi ziren arratsaldez askari ederra prestatzeko baliagarri izango zitzaizkien jakien bila.

Enkarterrietako herri batzuetan antzeko zerbait egiten zuten Astearte-inauterian: Barakaldo, Ortuella, Trapagaran, Gordexola, Zalla edo Gueñesen. Haurrak talde txikietan batu eta "Carrastolienda" edo "Carrascolinda" (Aratustearen aldaerak) doinua airean zela, ibilbideari ekiten zioten goizeko lehen orduan. Egun horretako osagarri askok Eguen Zuri eguna ekartzen zuten gogora, abestiak izan ezik. Eta ez soilik hizkuntzagatik, izan ere, oilarra eraman ohi zen egun horretan.

Interpretatzen ziren abesti guztien artean hainbat aldaera nabari dira melodiari dagokionez eta zonalde bakoitzak bere hitzak jartzen zituen. Azpiko ahapaldi guztiak Durangaldeko herri ezberdinetan jasotakoak dira eta, horietan, ospakizuneko elementu arrunt eta berezkoenak ageri dira.

"Eguen Zuriko eguna
Jaungoikoak berak egiña,
eskola mutilak ibilteko
limosna on baten bila.

Hor goien goien goldie
haren ganien belie,
etxe honetako nagusi jauna
nekazari langilie.

Poltsan baditut errial bi
batak bestia dirudi,
etxe honetako etxekoandriak
Ama Birjina dirudi.

San Kasiano Obispua
eskola maisu jakituna,
Jesukristoren fediagaitik
odola eman ebana.

Santu hau bitartez dala
ezeizu izan okerrik,
orain bagoaz hemendik eta
agur danori eginik."

Ostiral eta larunbata ekitaldirik gabeko egunak izaten ziren. Inauteri-igandean, aitzitik, mozorrotuak agertu ohi ziren goizeko lehen orduetatik, orokorrean, mutiko gazteak izaten ziren. Kalera irten eta haur zein neskatoen atzetik korrika ibiltzeko garaia zen, izan ere, horiek lelo probokatzaileak abesten zituzten:

"Mascarita ya te conozco
por que eres de Orozko."

Zenbaitek makilak eta erratzak hartzen zituzten zigorra gauzatzeko, baina elizaren atarira iristean jarrera erasokor hori alde batera uzten zuten. Barruti horretara ezin ziren sartu: zonalde "sakratua" zen, eta han debekatuta zegoen jazarritakoak kolpatzea.

Herri handietan, arratsaldez, dantzaldiak egiten ziren plaza publikoan eta itxitako lokaletan.

Astearte-inauteriakj jai kutsu hori zuen eta, gainera, hori zen egun nagusia. Horrenbestez, partaide kopurua askoz ere handiagoa zen. Maila ezberdinetako festak ospatzen ziren, gizarte-egoera ezberdinen arabera.

Bilbon, XX. mendeko hasieran karrozen desfilea egiten zen. Zaldiek egiten zuten tira gurdi horietatik eta haien gainean, orokorrean, konpartsak edo mozorrotu batzuk joaten ziren, orduan eraikin gutxi zituen Kale Nagusian barna paseatuz.

Dantzaldietan jende andana pilatzen zen, Garizuma iritsi eta debekualdia etorri aurretik. Hala ere, hurrengo igandea, hots, "Eltze-itsu Igandea" egun klandestinoa zen nolabait. Jostaketa gabezia hausteko aukera txiki bat zen, izan ere, Pazko-igandea iritsi bitartean soiltasuna zen nagusi.

Hala Astearte-inauterian nola Errautsetako Asteazkenean, Sardina-ehorzketak inauterien amaiera adierazten du, gutxi gorabehera.

Besteak beste, Portugalete, Santurtzi, Sestao edo Bilbon segizioa kalez kale ibiltzen zen negar eta otoitz artean, ekitaldiari zegokion abestia kantatuz. Sardina beirazko kaxa batean kokatzen zen eta arrantzale-ejertzito txiki batek zaintzen zuen. Ibaizabal-Nerbioi itsasadarrera iristean arraina uretara jaurti eta arrantzaleen eginkizuna bertan amaitzen zen.

Honatx Portugaleten interpretatzen zen abestia, inguruneko beste herri batzuetan jasotakoekin bat datorrena:

"Una cruz, una palma y un sepulcro,
éstos son los instrumentos funerarios;
la mansión donde todos son iguales
y que estamos obligados a seguir.

No tengo, no tengo padre ni madre,
ni quien me, ni quien me asista al morir,
y hasta las mismas piedras que yo piso
se rebelan, se rebelan contra mi.

Sólo tú, sólo tú bien de mi vida
rezarás, rezarás una plegaria;
con el hacha, con el hacha funeraria
que me alumbre, que me alumbre al expirar.

Allí no hay clases, ni excepción ninguna.
Quien rige al grande, también rige al chico.
Una lápida de mármol para el rico
y un puñado de tierra al infeliz, al infeliz. (Errepika)

Pobre sardina qué muerta estás,
al cementerio te han de llevar."

Zenbaitetan jai-zikloa ixtekoa martxoaren 1eko "Marzas" delakoa agertzen da, Inauterietako beste elementu bat bailitzan. Gerta zitekeen Inauteriekin bat egitea ala ez, baina Karrantzako haranean eta alboko Lanestosa herrian entzuten ziren zintzarri-hotsak ere egun horietako osagarri ziren.

Ikasle-errondaila eta errondailek, finean, konpartsek, abestutako hitzen artean agintariei egindako satirak eta kritikak entzun zitezkeen. Konpartsak arduratzen ziren abestiak, jantziak eta musika-tresnak prestatzeaz. Bertsoak paper batzuetan idazten ziren eta saldu. Modu horretan egiten zieten aurre eguneko gastuei.

Bat-bateko talde txiki horiek herri jakin batzuetan antolatu eta sortzen ziren. Gobernu Zibilaren zentsura zorrotza gainditu behar zuten, izan ere, sortzen zituzten abestietako hitzetan eraso egiten zitzaion zuzenki botere publikoari. Pentsatzekoa da, zenbaitetan edo askotan, ez zutela jatorrizko bertsioa aurkeztuko, hots, gerora interpretatuko zuten hura.

"Zapateros ambulantes
y amigos de trabajar,
aquí venimos pidiendo
el aumento del jornal.

Niñas bonitas, bellos luceros,
tener amores con los zapateros,
pues trabajando en obras finas,
buenas botinas habéis de calzar. (Errepika)

Con el martillo en la mano
por más que el brazo nos duela,
de nuestro ritmo al compás
vamos machacando la suela.

(Errepika)

Los humildes zapateros
se despiden muy formales,
y les desean a todos
pasen bien los carnavales!

(Errepika)

("Zapateros Ambulantes" konpartsaren abestia, 1899)

Zoritxarrez, 1936ko gerra zibilean eta gerraosteko urteetan artxibategi eta hemeroteka asko suntsitu egin ziren. Hori dela eta, oso mugatua da mundu zehatz bezain berezi hori aztertzeko dugun materiala.

Informazio modura, 1880-1930 bitartean zeuden zenbait konpartsa izendatuko ditugu, aldi berean, Bilbon interpretatzen zen abestiaren (edo interpretatzen ziren abestietako baten) izena dutenak: "Los Cesantes", "Los Siete Niños de Écija", "El Sagusar", "Los Badulaques", edo "Los Pierrots", beste askoren artean.

Hiriari buruz egin diren ikerketa historikoetan ez da aintzat hartu, Bizkaiko hiriburuko Inauteriei dagokienez, haiek izan duten garrantzia. Hala ere, informazio gabezia nagusi bada ere, ezin ditugu ahantzi bere garaian Julian Alegria eta Julian de Echevarriak (Camaron) konpartsen, haietako koloreen eta, batez ere, XIX. mendeko amaiera eta XX. mendeko hasiera bitartean abesten ziren hitz bitxi eta melodia estereotipatuen inguruan egindako lanak.

Diktadura frankistan zehar Inauteriak debekatuta egon ziren denbora luzez. Horren ondorioz, XX. mendeko 30eko hamarkadan Inauterien inguruan zeuden adierazpen jadanik ahulduak desagertu egin ziren. 1960eko hamarkadan galdutako ekitaldiak berreskuratzeko ahalegina egin zen Mundakan.

Atorrak izeneko koadrila eratu zen hartako kide zahar batzuek bultzatuta. Alkandora, alderantziz jantzitako gona, prakak eta txanoa ziren haien janzkera. IlustraciónGitarrak, biolinak eta soinuak lagunduta eta zuzendariaren gidaritzapean jotzen zituzten abestiek arrastoa utzi dute, ez soilik tokiko kantutegian, baita Bizkaikoan ere, izan ere, izaera sortzailea zuten arras. Gaur egun, Inauteri-igandean atorrak ikus daitezke goizeko ibilbidea eginez eta, arratsaldez, lamiak izeneko emakumeen taldea ateratzen da, beltzez jantzita eta aurpegiak zuriz margotuta.

Itsasaldeko herri horretatik hurbil, oraindik Busturialdean, Gernika-Lumon Aratuzteak ekitaldia ospatzen da. Ekitaldi horren barnean "nasapuntakoa" eta Oilar Joku tradizionala egiten dira. Haurrak dira protagonistak. Begiak zapiz estalita eta eskuan ezpata hartuta plazan ehortzitako hegaztiaren burua ukitzen saiatzen dira itsu-itsuan. Saria, hots, lurperatutako oilarra, ez dute guztiek eskuratzen. Jarraian Aurreskua dantzatzen da, Soka Dantzak izenekoaren aldaera. Katamaloz mozorrotuta daudenek dantzatzen dute: marrauek edo marroak.

Bestalde, Markina-Xemeinen, Aratosteetako ekitaldi nagusia Antzar Jokua izaten da. Antzarak zintzilik jartzen dira (antzina bizirik) eta zaldizkoek burua moztu behar diete eskuekin. IlustraciónAntzina txistulariek interpretatutako berezko melodien doinura zamalkatzen ziren zaldizkoak zaldi gainean. Goizean, beste pertsonaia oso hedatu bat azaltzen da, hots, hartza, haurrak izutzeko ahaleginean. Hori izaten da beste une historiko bat. Haurrek ihes egiten dute animaliaren tamaina itzelak izututa. Artileak hotzetik babesten du, baina, aldi berean, ausartena ere akitu dezakeen izerdia eragiten dio.

Dantzari plantigrado asaldagarriaren aldamenean, dantzariz osatutako segizioak Zaragi Dantza dantzatzen du hutsik eta puztuta dagoen zahagi-ardo zaharraren gainean kolpeak emanez. Dantza hori hainbat aldiz egiten dute herrian barnako ibilbidean eta Inauterietan gaudela gogorarazten du, zeina, J. I. de Iztuetak bere garaian idatzi zuenez, festa hauen eta beste batzuen amaierarekin lotzen den.

Honatx iraganaren isla diren beste zenbait elementu: Oilar Jokua eta Ermuko kaleetan atera ohi den hartza, Durangoko surrandi (sudur handi) eta hartza, Markina-Xemeingo kokoxak, Portugalete eta Sestaoko Sardina-ehorzketa edota Lekeitioko ikasle-errondaila eta abesti zaharrak.

Lurralde osoa aintzat hartuta, historian zehar ez da batasunik hautematen ospakizunei dagokienez. Herri batzuetan festen garrantzia txoko guztietan nabari zitekeen eta bizilagun guztiek parte hartzen zuten, herri txikitan, aldiz, oroitzapenak oso ahulak dira eta ia ez zen ekitaldirik egiten.

Alde batetik, tradiziotik jaso eta egunerokotasuna mantentzeko aldatu egiten diren elementuak daude eta, beste aldetik, etengabe asmatzen direnak ditugu. Herri askotan, Inauteriak ekitaldi ugariz ospatzen dira urtero. Horrela, ohiko mozorroen desfilea egiteaz gain (sariak eskudirutan ematen ziren), erraldoien ibilbidea eta txikientzako jolasak antolatzen dira.

Bizkaiko Inauteriek antzinako hainbat ezaugarri mantentzen dituzte. Dena den, neurri batean eguneratu eta estandarizatu egin dira elementu guztiak. Hala, gazteentzat eta adin guztietako jendeentzat, dibertsiorako egunak izaten dira, batez ere, lehenengoentzat. Hala ere, dagoeneko festa hauek galdu egin dute XX. mendeko hasieran zuten kutsu berezi hori. Ez da mendeen arteko lehia. Modak aldatu egiten dira eta adierazpideak ere bai; hori jantzien lanketan nabari da, zeina, orokorrean, taldean prestatzen den. Beste muturrean bakarka mozorrotzen direnak kokatzen dira, berezitasuna eguneroko bizitzari aurre egiteko modu gisa ulertzen dutenak.

  • ALDEKOA-OTALORA, Antton Mari. "Eguen zuri". Aratosteak Durangaldean. Abadiño: Gerediaga Elkartea.
  • ALEGRÍA, Julián. Carnavalescas bilbaínas. Bizkaiko Gaiak Bilduma. XI. urtea, 121. zenbakia. Bilbo: Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1985.
  • DUEÑAS, Emilio Xabier. Bekak eta Laguntzak 1984 - 1987. Bekadunen Buletina 1984-1987. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1989.
  • DUEÑAS, Emilio Xabier. "Carnavales de ayer y de hoy. Tradiciones festivas invernales vizcaínas" . Bizkaiko dantzak. Artículos. 2001. Kontsulta data: [2011ko apirilak 23].
  • DUEÑAS, Emilio Xabier. "Ihauteriak, tradizioa eta modernitatearen artean". Aizu! Aldizkaria ; 164. Bilbo: AEK, 1996.
  • DUEÑAS, Emilio Xabier. "El solsticio de invierno y sus celebraciones festivas. Fundamentos estructurados alrededor del Carnaval". Euskonews, 2001, 111 zbk. Kontsulta data: [2011ko apirilak 23].
  • DUEÑAS, Emilio Xabier. "La tradición carnavalesca en Bizkaia". Euskonews, 1999, 20 zbk. Kontsulta data: [2011ko apirilak 23].
  • DUEÑAS, Emilio Xabier. "La tradición regenerada. Breve exposición estructurada sobre las fiestas carnavalescas vascas del Invierno". Cultura popular vasca. Annals of foreign studies XLIII. liburukia, Kobe: Kobe City University of Foreign Studies, 1998.
  • ECHEVARRIA, Julián de. "Camarón". Cancionero bilbaíno. Bilbo: Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipala, 1973.
  • ETXEBARRIA, Jesús; ETXEBARRIA, Txomin. Tradiciones y costumbres de las Encartaciones. Bilbo: egileen edizioa, 1998.
  • GARATEA, Fernando. "Lekeitioko Aratusteak (1862-1987)". Dantzariak; 46. Iruña: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1989.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Iñauteria. El Carnaval Vasco. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S.A., 1973.
  • HEREDIA, Pedro. "El entierro de la sardina". El Abra; 38. Portugalete: Sociedad Cultural-General Castaños, 1978.
  • HOMOBONO, José Ignacio. "Cultura popular y subcultura obrera". HOMOBONO, J. I. (Edit.). La Cuenca minera vizcaína: trabajo, patrimonio y cultura popular. Bilbo: FEVE. Komunikazio Zuzendaritza, 1994.
  • IRIGOIEN, Iñaki. "El Carnaval en datos históricos de Bizkaia" . Euskonews, 1999, 20 zbk. Kontsulta data: [2011ko apirilak 23].
  • IRIGOIEN ETXEBARRIA, Iñaki. Las fiestas de Bilbao: danzas y músicas entre los siglos XVI y XIX. Bidebarrieta. Bilboko Giza eta Gizarte Zientzien Aldizkaria XVII-2006. Bilbo: Bidebarrieta Kulturgunea, Bilboko Udala. Kultura eta Turismo Saila, 2006.
  • LARRINAGA ZUGADI, Josu. Fiestas y Niños en Bizkaia. Bizkaiko Gaiak Bilduma, 231. zenbakia, XX. urtea, 1994ko Martxoa. Bilbo: Bilbao Bizkaia Kutxa, 1994.
  • ZERUTXU DANTZA TALDEA (Markinakoa). "Markinako Iñauteriak". Dantzariak; 8. Bilbo: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1979.