Zinekoak

Oxford-eko Krimenak

Eurimages, La Fabrique de Films, Telecinco Zinema eta Tornasol Films izenekoek 2008an datatutako baterako ekoizpena. Perdita Durangoren (1997) abenturaren ostean Alex de la Iglesiak egindako bigarren nazioarteko egitasmoa eta bere filmagintzako metraje luzeko zortzigarren pelikula.

Zinemagile bilbotarrak ingelesez egindako film horretan nazioarte eremuan ospe handia duten Jon Hurt -Yo, Claudio, El expreso de medianoche, El hombre elefante o 1984- eta Elijah Wood -El señor de los anillos film-sorta o Sin City- bezalako aktoreak tartean sartzea lortu zuen.

Filma Guillermo Martinezen Oxfordeko hilketak liburuan oinarrituta dago. Filmaren korapiloa Martin (Elijah Wood), izeneko doktore tesia Arthur Seldom (John Hurt) matematikari ospetsuarekin egin nahi duen ikasle gaztearekin hasten da. Protagonista diren pertsonaia bien arteko hasierako desadostasunaren ondoren Martinen etxekoandrearen erailketak, iraganeko loturengatik Seldomekin lokarria zuen atso zahartxo bat, gizon biak elkartu egiten ditu Seldomek eta Martinek eraileak erailketa bakoitzaren ostean uzten dituen kode matematikoak argitzeko. Thriller horretako polizia-ikerketa eztabaida matematiko eta filosofiko sakonez hornituta dago. Martin erailea aurkitzen saiatzen den bitartean, Seldom urrunago doa ea zentzugabekeriazko existentzialari heltzen dio, bere planteamendu logikotik, errealitatera iristea ezina baita. "Amildegi handia dago egiazkotasunaren eta erakusgarri denaren artean" baieztatzen du Seldomek. Gainera filmean bizitza bizi izateko edo oldozmenean bakarrik aritzeari buruzko lehia gogorra dago. Lorna (Leonor Watling) giltzarria da. Bere garaian Seldomen maitalea izan zen eta orain Martinekin erromantze bat bizi du. Martinek eta Seldomek autobusez batera bidaiatzen dutenean Lorna espaloi gainean ikusiz Martinek ibilgailua bertan behera uzten du berarekin musukatuz bat egiteko. Seldomek eszena lur-jota ikusten du. Jakitun da jada bizitza bizitzerik ez duela eta behatu eta oldoztu besterik ez duela. Gero, aireportuan, Martin, turista soil bat bezala misterioak eta erailketak utziz Lornaren maitasunaz gozatzeko hegazkina hartzeko puntuan dela, Seldomek iruzur egin dionaz jabetzen da. Erailketaren ikerketa korapilatsuan dela, neskari joaten uzten dio Seldom atxikita duen aramu-sare berberak inguratuta geldituz.

Film korapilatsua, ikusi-boterez jantzia eta Oxfordeko unibertsitate eremuko girotze ezin hobean islatuz, zinemagintza arloan une ikaragarriak ditu. John Hurtek bere porrota onartuz azaltzen den aipatutako unea, adibidez. Aktore britainiar handiak interpretazio hobezin batez zirrara egiten digu, lehen planoari maisutasunez eta osotasunez eutsiz. Edota kamerak, liburudenda batera sartu ondoren, Oxfordeko kaleetatik zehar pertsonaia desberdinekin gurutzatuz Martin aurkitu eta bere etxera jarraitzen dion sekuentzia luzea. Kamerak azkenean Martin utzi egiten du eta txori bat bailitzan bezala leihotik sartzen da filmeko lehen biktimaren gorpua aurkitzeko. Zalantzarik gabe, Alex de la Iglesiaren unibertsotik urrun dagoen metraje laburra da, bere sormenezko unibertso bereziari eskularru bat bezala egokitzen zaizkion xehetasunak falta ez diren arren. Kalman bezala, Seldomen ikaslea serie logikoekin obsesionatuta, "zentzurik gabeko zenbakien zurrunbilo" batetan harrapatuta dago. Minbiziak jandako hezurrak dituela, hankak ebakita, erotuta, pentsamendu gardenaren bila dabilela bekokian iltzedun pistola bat ezarriz bere burua lobotomizatzeko gai dela, pertsonaia hori filmaren aurkikuntzetariko bat da eta bere obsesio-zereginak euskal zuzendariaren film handietariko bat izan den El día de la bestia (1995) filmeko Berriatua aitarengana era arriskutsuan hurbiltzen du.

Elkarrizketa sakonak zinemagintza-bereizmenarekiko ganorazko oztopoak aurkezten zituen. Ludwig Wittgensteinen Tractatus Logicus Filosoficus lanaren aipamenak daude eta filmean zehar zenbakizko serieak, kaosaren teoria, Heinsembergen Ziurgabetasunaren Printzipioak, eta bestalde, une jakin baten, bertan bildutako jendetzaren txaloen artean Andrew Wilesek emandako Fermaten Aieruari buruzko irtenbidea ere aipatzen da. Zientzia maila jaso hori gorabehera Oxfordeko erailketek filmari ikusleek arreta ona egin zioten. Izatez 2008an dirubilketarik handiena lortu zuen film espainiarra izan zen, guztira 1.421.063 ikusle eta 8.201.220 euroko leihatila izanik. Goya sarietarako zortzi aipamen lortu zituen, hiru sari, (Ekoizpen Zuzendaritza, Musika eta Muntaia), lortuz. Emaitza ona, sari garrantzitsuetatik bat bera ere eskuratzerik izan ez zuen arren. Kritikak ere arreta ona egin zion. Alex de la Iglesiaren erabakitasun-tekniko jakintsuarekiko gorazarreak izan ziren, baina filma hotzegia eta zerebralegia zela ere esan zen.