Filologoak

Zearreta, Juan Jose

Zornotzan jaio zen Juan Jose Zearreta Urigoitialdekozea 1947ko ekainaren 10an. Euskaltzale petoa, 2009ko azaroaren 7an hil zen auto-istripu baten ondorioz.

Afizio eta artegatasuneko gizona izan da betidanik Zearreta, eta gehien-gehienetan horiek euskara eta euskal kultura ardatz izaten zuten. Ondorioz, ez da harritzeko bere bizitza euskal zaletasun horren inguruan biraka ibiltzea. Hala, XX. mendeko 60.hamarkada amaieran -1968/69 urteetan- Bilboko Deustu auzoko San Felicisimo Pasiotarren ikastetxean euskarazko eskolak sortu zituztenean, bertan aritu zen Juan Jose eskolak ematen, euskara ardatz izanik, alfabetatzea edota euskalduntzea helburu nagusiak izanik.

Hamarkada berria iritsi zen eta bizkaitarrak euskaltzaletasunaren inguruan beharrean jarraitu zuen. Modu horretan, Bizkaiko alfabetatze batzordekide izan zen zornotzarra. Urteak igaro ziren; 1975-1976 urteetan probintzia edo lurralde bakoitzean zeuden alfabetatze komisioek bat egin zuten Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea, edo AEK sortzeko. Gertutik bizi izan zuen eraldaketa hura Zearretak, ezen fundatzaileen artean aurkitzen baitzen.

Lanean denetarik egindako gizona, irakasle moduan ibilatakoa, ikasleei euskararekiko pasioa helarazten zien horietarikoa zen; testugintzan zein alfabetatzeak koordinatzeko zereginetan murgildutakoa. Egun batean bere bidea Euskaltzaindikoarekin gurutzatu zen eta 1973an bertan lan egiteko aukera iritsi zitzaion Juan Joseri; urte guzti hauetan, batez ere ekonomiari lotuta egon da bere lana euskal erakundean.

Euskaltzain urgazle ere izendatu zuten bi urte beranduago, 1975eko ekainaren 27an hain zuzen. Horrela jarraitu zuen harik eta milurteko berriarekin izendapen berria eman zioten arte, eta Euskaltzaindiaren kudeatzaile kargua eskuratu zuen 2003an.

Aurretik aipatu bezala, testugile lanak egindako gizona zen Juan Jose, eta horren adibide ditugu, esate baterako, beste lagun batzuekin elkarlanean idatzitako liburuak. Hala, Euskalduntzen (1972), Alfabetatzen (1975), Euskara: Hizkuntza ariketak (1976), Euskal Hiztegi Modernoa (1977), Sortzen-I (1978) eta Hiztegia 80 (1980) lanen atzean aurkitzen da Juan Jose Zearretaren izena.

Baina bestelako afiziorik ere bazeukan bizkaitarrak: futbola. Gainera, euskararekin erlazionatu zuen zaletasun hura Zearretak; eta modu horretan Athleticen partiduetan San Mamesen aritzen zen hizlari gisa urte luzez. Esan daiteke bozgorailuetatik euskaltzale honen ahotsetik iritsi zela euskara aurrenekoz Katedralera; "Arratsaldeon eta ongi etorri Santimamiñera" esanez agurtzen zituen lehoiak.

Bere ekinean zaratarik atera gabe, urratsez urrats eta bide berriak irekiz lan eskerga egin zuen gizona, lagun eta gertukoen memorian, zein euskaltzaletasunaren historian betirako idatzita geratu da.