Kontzeptua

Ilarduia, Egino eta Andoineko Herri-Inauteriak

Asparrena Arabako lautadako ekialdeko muturrean kokatutako udalerria da, Altzania eta Entzia mendizerrek inbutu estu bat osatzen duten lekuan, Nafarroako Sakanarekin elkartu aurretik.

Udalerria osatzen duten herrixka ezberdinen arteko lotura kulturalak oso agerikoak dira, esate baterako, jaiak ospatzeko moduan ikus daitekeenez. Hori dela eta, 2007an, hainbat urtez ikerketak egin ostean, pertsona talde gogotsu batek Ilarduia, Egino eta Andoineko Inauteri zaharrak berreskuratu zituen: lurralde horretan kokatutako hiru herrixka txiki. Gerra zibilaren aurretik inauteri horiek independenteak ziren. Dena den, ekintza eta pertsonaien aldetik oso antzekoak ziren eta, horrek bultzatuta elkarrekin ospatzeko grina sortu zen.