Enpresariak

Errazkin, Pedro Telesforo (1834-1898)

Bilbo, 1834-01-6 - Paris, 1898-07-7. Enpresa-gizon bilbotarra.

Euskal Herrian fisika-kimika zientzien garapena XIX. mendean pobrea izan zen. Egitate hori argitzera datozkigun arrazoiak ugariak dira: bat, euskal industriaren atzerapena. Hori bai, honek ez du esan nahi esparru hori basamortu izan zitekeenik.

Izatez, Erresuman lehenbiziko industria-enpresa kimikotzat aintzat hartutako La Dinamita, Galdakaon 1872an sortua, lehergailuen esparruan bai industria erabileretarako eta baita militarretarako ere aurrendari -eta egun ere lider izaten jarraitzen du- izan zen. Pedro Telesforo de Errazkin izan zen bere sortzaileetariko bat. Merkatarien sendi bateko kidea, (bere aitonak Errazquin e Hijos, ?kinkila, ardoak eta oihal?-en jasotzaile bat sortu zuen), lau anaiatik nagusiena, Pedro Telesforo oinordetzera zuzendua zela zirudien eta, zergatik ez, Pedro Antonio bere aitaren zuzendaritza-karguak ugaritzera ere. Ez zitzaion batere erraza izango, zeren aita hastapenetan zegoen bilbotar finantza-burgesian garrantzia hartzen zihoan Banco de Bilbao-ren (1857) sorkuntzan eta Bilbao-Tudela Trenbidearen Elkartean ere parte hartuz. Bere aitarengandik enpresarako gogoa jaso zuen eta baita finantza-interes sarea ere, frantziar kapitalaren presentzia handia izanez.

Egitea zegokion egitekoa 1860an, bere aita hil zeneko urtean, iritsi zitzaion. 26 urte baino ez zituela, ordutik aurrera, behin familia klan biren interesak, bereak eta jabetza siderurgikoak zeuzkan Facundo Chalbaud bere koinatuarenak bateratu ondoren, Viuda de Errazquin e Hijos deitzera igaroko zen kontsignatarioaren zuzendaritza bereganatu zuen. Horrela sortutako elkarteak laster zabaldu zizkion bide berriak: Pereire bankariekin harremanak ezarri eta Paris-en kokatutako enpresa-gizonengana hurbiltzea ekarri zion. Han, berak eta Chalbaud-ek, Pereire eta beste enpresa-gizon batzuenaz gain, Espainian lehergailu enpresa bat ezartzearekiko Alfred Nobel-en interesa zuzenean ezagutu zuten: 1872ko otsailaren 6an denekin negoziatuz munduan (lau Herrik besterik ezin zuten) Nobelen patentea ustiatzeko baimendun enpresa gutxienetariko bat Bizkaian ezartzea lortu zuten.

Bilbotar burgesiarentzako ekonomia- eta industria-eragin nabarmena izango zituen inbertsio honen alde egitean, Errazkin arrazoi ezberdinetan, bai merkataritzarekikoetan (barnekoak -meatze arlotik eta gudarostetik etorriak- eta atzerrikoak) bai estrategikoetan (Somorrostro eta Gallartako meategien hurbiltasuna eta komunikazioetarako sare ona ere), oinarritu zen. Kimika-Industria enpresa honen izena "Sociedad Española de la Pólvora Dinamítica-Privilegios A. Nobel" izan zen. Hirugarren Guda Karlistaren eraginez Nobel Taldeak fabrikazioa Lisboara eraman zuen arren, behin bukatutakoan Bizkaira, zehatzago esate aldera Zuazoko Fabrikara, etorri zen. Hurrengo hamarkada bietan, Errazkinek lehergailuen negozioan presentzia irabazi zuen, lehendabizi Parisen, Nobel Taldeak 1887an sortutako Société Centrale de la Dynamite izenekoan, lehendabiziko lehendakaria izanez eta gero baita Bizkaikoarena ere. Lurralde eremu honetan, laurogeiko hamarkadan lehergailu-konpainia ezberdinek lehian jardun zuten: Arrigorriagan Sociedad Vasco-Asturiana, nitroglizerinan aditua; barakaldoar Explosivos de Burceña, konpainia alemanaren filiala; eta Arbuyo-n konpainia belgaren filiala zen Société Espagnole de Nitramines. Atzerritarren lehiakortasunetik merkatu hau babesteko, Parisen ere, Sindicat Espagnol d?Explosifs eratu zen, gremio antzerako bat, bertako lehendakari ere 1881ean izendatua izanez. Halaber, 1895ean Germain Halphen ordeztu zuen SED-eko lehendakaritzan. Hori guztia gutxi balitz, 1896an gehien bultzatu zuen egitasmoetariko bat gauzatu zen: alor bereko fabrikatzaile desberdinen bateratzea konpainia bakar bat sortuz: Unión Española de Explosivos, Bilbon egoitza izateaz gain, nola ez, lehendakari bezala jardunaz, hori guztia bere bizitzaren azken aldian izan baldin ba zen ere.

Bere interesen ugaritasun eta nagusitasunak Errazkini antzerakoak ziren beste negozio batzuk hastea ahalbidetu zion. Ongarrien negozioan parte (Chileko nitratoaren inportazioan jardungo duen elkarte bat, adibidez, 1883an, sortuz), parte hartuko du eta, halaber, superfosfato eta garraiorekiko arloetan, elkarteen bitartez esku hartuko duen arloak izanez, sartuko da. Bere enpresa-jakintza guztiagatik, berak baino arinago ez inor 1886an sortu berri eta ospetsua zen Cámara de Comercio, Industria y Navegación de Bilbao-ko buru izan.