Kontzeptua

Euskal zuzenbidea

Zuzenbidearen definizio edo kontzeptuaren inguruko galdera erantzuten bereziki konplexua izanik ere, euskal zuzenbidearen ingurukoak pentsaezinezko eremutara garamatza.

Zuzenbidearen kontzeptuari buruzko galderak eta erantzun guztiak subjektiboak diren bezala, galderak egiten dituen subjektuaren eta subjektu hura kokatzen den kulturaren araberakoak direlako, euskal zuzenbideari buruzkook planteamendu orokorrari premisa edo postulatu ideologiko-metodologiko bat gehitzen diote: euskal izenlagunarekin zer esan nahi den zehaztea.

Gai honi ekingo diogu ezer baino lehen (I zatia). Ostean, zuzenbidearen kontzeptu baten bila abiatuko gara, diskurtso unibertsalarekin edo gutxienez Mendebaldeko kulturan erabilgarri eta onargarri den kontzeptu batekin topatuko gara orduan (II zatia), zuzenbidearen teoria garaikide batzuen eskutik. Azkenik, zuzenbidearen ideiaren inguruan gizarte zientziek eta filosofia analitikoek egindako ekarpenak baliatuz, euskal zuzenbidearen galderari hurbiltze berri eta fresko bati ekingo diogu, ikerketa egitasmo bat proposatuz.