Zinekoak

Airbag

Juanma Bajo Ulloaren hirugarren luzemetraia. Asegarce Zinema ekoizle bilbotarrak Marea Films, Road Movies Britte Produktionen eta MGN filmak-ekin batera 1997an datatutako koprodukzioa izan zen.

Komedia honen gidoia Karra Elejalde aktorearen jatorrizko idean oinarritzen da eta Elejaldek berak, Juanma Bajo Ulloak eta Fernando Guillen Cuervok idatzi zuten. Zinemagile arabarrak, pantailetatik luzaroan urrunduta egon ondoren, bere filma berriarekin erregistroak erabat aldatu zituen. Hasieratik inoren bururakizun baten gainean lan egin zuen lehen aldia zen. Gainera, hainbesteko arte-ospea eman zion film intimista horretatik urrunduz komedia-esparruan jarduteari ekin zion. Izatez, Airbagen, Enrique Urbizu edo Alex de la Iglesia bezalako belaunaldiko beste lankide batzuen arte-proposamenera hurbiltze nabarmen bat agertzen da. Filmak laurogeita hamarreko hamarkadako Todo por la pasta (1991), Acción mutante (1992) edo Sólo se vive dos veces (1996) bezalako euskal filmen ildoari jarraitzen dio. Airbag road movie bizkorduna da, ganberrotzat besterik jo ezin daitekeen humorez betea. Ulloak berak bere lana honela aurkeztu zuen: "la historia de tres imbéciles que, después de 72 horas muy putas, dejarán de serlo". Alberto San Juan, Fernando Guillen-Cuervo eta Karra hiru "inbezil" horiek, filma hastean, emagalduen etxe baten ezkongabeko agurra ospatzen dute. Baina Juantxok (Karra Elejalde) ezkontza-eraztuna burdelean galtzen du. Bitxia aurkitze-ahaleginak Euskal Herritik Portugalera arteko droga, mafia eta prostituzioz jositako girodun bidaia egitera daramatza.

Film honen faktura teknikoa guztiz bikaina da. Zentzu honetan, laurogeiko hamarkadatik laurogeita hamarreko hamarkadara arte euskal zinemaren bilakaera, ikaragarria izan da. Beste gauza bat da filmaren edukia. Lagunen abenturak eta zoritxarrak eta filmean zehar lan guztia zipriztintzen duen humore gizena ez daude garapen teknikoaren ez Bajo Ulloaren arinagoko proposamen interesgarrien maila berean. Kritikak, izatez, filmari gogortasunezko tratu txarra eman zion. Baina jendarteak jarrera erabat desberdina hartu zuen. Airbag Manuel G. Pereiraren El amor perjudica seriamente la salud edo Pedro Almodovarren Carne trémula bezalako ospe handidunak gaindituz 1997ko arrakasta handieneko filma bakarrik izan ez eze geroago espainiar zinemaren historiako filmik arrakastatsuena izatera ere iritsi zen. Izatez, 2 milioi ikuslek baino gehiagoko ikusi zuten lehiatilan bakarrik 6 milioi euro inguru, beste diru-sarrera batzuetatik kanpo, bilduz. Geroago estreinatuko zen Santiago Seguraren - espainiar zine-industriako aldra-fenomenoa izanez- Torrente, el brazo tonto de la ley (1998) filmak baino ez zuen hain toki pribilegiatutik kendu.

  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zka., 1999, 407 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.