Zinekoak

Ke arteko egunak

Bertan Filmeak eta Trenbideko Filmeak etxeek produzitu zuten filma elkarlanean, 1989an. Luis Goyak produzitu zuen, eta Antton Ezeizak zuzendu. 1989ko udaberrian filmatu zen, euskaraz, eta Donostiako Zinemaldiko sekzio ofizialean estreinatu. Bera izan zen lehiaketa horretan estreinatu zen euskarazko lehen filma.

Ezeiza, halere, jadanik nabarmendua zen euskarazko zinemagintzaren alde, hirurogeita hamargarren eta laurogeigarren hamarkadetan, idazki batzuen bidez, eta Ikuska sailaren koordinatzaile moduan. Euskaraz egindako 20 dokumental laburrek osatzen dute sail hori. Euskal Herriaz dira guztiak, eta 1978 eta 1985 bitartean filmatu ziren. Ke arteko egunak film luzea egitean, urte askoan kolkoan gordetako kezka guztiak agertu nahi izan zituen zuzendariak. Laurogeigarren hamarkadako euskal zineman maiz ukitutako gaia jorratzen da filman: luzaroan sorterritik urrun egondako pertsona bat itzultzen da Euskal Herrira, eta, bertan bizitzen jarritakoan, inguruko giroak gainez egiten dio. Golfo de Vizcaya, Ander eta Yul, Eskorpion eta El mar es azul filmetan ere antzeko istorioak ziren: euskal gatazkak eragiten duen oinazearen metaforak. Ke arteko egunak filmean, kasu hauxe dugu: gizon euskaldun bat Mexikon egon da luzaz. Inguruak itotzen zuelako joan zen hara -itolarri existentzialaren gaia ere maiz ageri da laurogeietako euskal zineman-. Donostiara itzuli denean, oso bestelako mundu bat aurkitzen du, gaztaroan ezagutu zuen hartatik oso desberdina. Egokitu ezin horrek, daukan adin handiak eta alkoholarekin duen problemak pertsona bakarti eta arlote bihurtzen dute. Euskal gatazkak zigortutako hiri batean dabil batetik bestera, errukarri. Harreman bat hasten du Lurdesekin, aspaldi laga zuen familiaren bila hasten da -orain, alaba preso politikoa du-... Baina alferrik dira ahalegin guztiak. Pertsonaiak ez du lortzen hogei urte lehenago utzitako gizartean berriz sartzea.

Ezeizak film hunkigarria egin zuen, erritmo egokikoa, teknika aldetik ona. Baina, nola ideia abertzaleen alde agertu zen, sekulako sorgin-ehiza hasi zuten beraren aurka, filma Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuenean. Kritikari batzuek, filmaren zinemagintza-alderdi hutsak alde batera utzi, eta sekulako egurra eman zioten euskal zuzendariaren lanari, hark zeuzkan ideia politikoengatik soilik. Ke arteko egunak filmak Donostia Saria irabazi zuen Donostiako Zinemaldian. Oso karrera komertzial apala izan zuen.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.