Zinekoak

27 Ordu

Montxo Armendarizek zuzendu zuen filma, eta Elías Querejetak produzitu, 1986an. Laurogeigarren hamarkadako euskal gazteriari buruzko kronika samingarria da. Horretarako, Jonen bizitzako egun bat aztertzen da. Martxelo Rubiok antzezten du pertsonaia.

Protagonista Donostia heze eta gris -protagonisten geroa bezain grisa- batean dabil, baina bere urratsek ez daramate inora, eta horrek indartu egiten du filmari darion etsipen kutsua. Ez da irtenbiderik Jonentzat. Heroinazaletasunak ezinezko bilakatzen du haren eta Maiteren (Maribel Verdú) arteko maitasuna. Lan bilaketak esplotazioarekin eta langabeziaren dramarekin egiten du topo beti. Akuariora egindako bisita filmeko pertsonaiek bizi duten tragediaren metafora da. Haiek ere, itxian dauzkaten arrain horiek bezala, gizarte ustel baten gatibu dira, gizarte horrek esplotazioa eta zapalketa bakarrik eskaintzen baititu. Horregatik, filmak Tasio gogorarazten du, Armendarizen aurreko lana. Bai Tasio, bai Jon, askatasunzale amorratuak dira. Tasiok mendian du babeslekua. Jonek, ordea, drogaren bitartez soilik ihes egin dezake bere egoera latzetik, eta, beraz, haren urraketa aurretiaz dago zigortua. Hor ere, bere lehen filmean bezala, Armendarizek zinema-lan bikaina egin du. Travelling bizkor eta plano luzetan enkoadratuekin hasten da filma. Aurrera egin ahala, ordea, ekintza mantsotuz doa, eta maizago erabiltzen dira plano motzak.

Horrela, ikuslea istorioan inplikatzea lortzen da, eta, gainera, itxian edo irtenbiderik gabeko kale batean gauden irudipena sortzen, protagonista dagoen bezala. Horretaz landa, bada ariketa estilistiko etengabe bat filmean, Jonen begiradan oinarritua. Pasarte batean, adibidez, Jon ezkutuan dago bere familiari so, leiho baten atzean, eta era guztietako sentipenak uzten ditu agerian: iraganaren mina eta zoriona, arreba txikiari begira dagoenean, edo samina, aitaren irudia agertzean. Beste pasarte batean, berriz, Jonen begirada polizia batenarekin gurutzatzen da, filma amaitu ostean. Kritikarien erantzunak elkarren aurkakoak izan ziren. Kritikari batzuk hunkituta gelditu ziren. Ángel Fernández Santosek, esaterako, ia biribiltzat jo zuen filma. Beste batzuek, aldiz, huts egindako ahalegintzat daukate; akats larriak omen ditu gidoian eta erritmoan. Tasiok adinako arrakasta iritsi gabe ere -filmeko giro goibel eta ezkorrak ez zuen batere lagundu-, 27 horas-ek erantzun duina eduki zuen txarteldegian. Izan ere, bera da laurogeigarren hamarkadaren bigarren erdiko euskal filmik ikusiena. Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian. Gainera, urteko zuzendari onenaren Onda Madrid Saria eman zioten Montxo Armendarizi.

  • Angulo, Jesús (et al.), Secretos de la elocuencia: el cine de Montxo Armendáriz, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa-Festival de Cine Español de Málaga, 1998, 364 or.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.