Zinekoak

Lauaxeta, a los cuatro vientos

José Antonio Zorrillak zuzendu zuen filma, 1987an, eta Igeldo Zine Produkzioak-ek, Ángel Amigoren enpresak, produzitu.

Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomiko sutsua jaso zuen, hark Gernikaren bonbardaketaren berrogeita hamargarren urteurrena oroitzen baitzuen horrela. Hain zuzen ere, filma 1987ko apirilaren 24an estreinatu zen, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Ardantza lehendakaria eta haren kabinete osoa bertan zirela.

Filma Esteban Urkiaga, Lauaxeta poetaren bizitzan oinarritzen da. Urkiagak kargu garrantzitsuak eduki zituen Eusko Jaurlaritzaren barruan, Espainiako Gerra Zibilaren garaian. Soldadu frankistek hartu zuten preso, Francoren aliatu naziek bonbardatutako Gernika aztertzen ari zenean, eta fusilatu egin zuten handik laster. Estreinatu zen arte, Lauaxeta izan zen filmik garestiena euskal zinemaren historian. Aurretik, antzeko apustua zuen egina gobernu autonomoak Albaniaren Konkistarekin, baina emaitza kaskarragoekin. Mezu bat azpimarratzen da Lauaxetan etengabe, hau da, armada fanatiko batek eraso basati bat egin ziola biztanleria zibil, baketsu eta langile bati. Gainera, Urkiagaren alde artistikoa nabarmentzen da etengabe, haren karrera militar behartuaren aurrean. Eta ez da gezurra hura kultur gizona zela batik bat. Kontua da behin eta berriro nabarmentzen dela hori, eta, azkenean, halako kutsu laño eta sinple bat ematen zaio filmari eta, bereziki, protagonista nagusiari, eta, horrela, jakina, zailago da filma sinestea. Euskal zinemagintzaren historiako filmik garestiena izan arren, aurrekontua ez zen aski izan historiaren berreraikitze epiko eta zorrotz bat egiteko. Horregatik, ikusleak nahigabea sentitzen du ezinbestean, alemanen bonbardaketaren ondorengo Gernika erakusten duen maketa ageri denean pantailan. Lauaxetak baditu pasarte biribilak ere. Bilboko portuan haurrak ebakuatzen ari diren uneko irudiak eta Estebanen fusilamenduarenak modu paraleloan daude filmatuta. Zinez hunkigarriak dira, eta zeharo egokiak. Seme-alabei agur esaten ari diren gurasoen irudiek ere egiaren antz izugarria dute, eta gogor salatzen dute munduko herri zibilizatuen aurkako eraso militar faxista. Nolanahi ere, filmak kritika garratzak jaso zituen, eta sekulako porrota izan zen salmentetan.

  • Amigo, Ángel: Veinte años y un día, San Sebastián, Igeldo Komunikazioa-Communication, 2001, 221 pp.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.