Zinekoak

Ulisesen polizoia

Actual Films produkzio-etxe eusko-madrildarrak eta Capricornio madrildarrak produzitu zuten filma, eta Javier Aguirrek zuzendu zuen, 1987an. Aguirrek euskal zineman egindako bigarren sarraldia da, eta orain arteko azkena.

Ana María Matuteren izen bereko eleberria egokitu du filmak, baina Kataluniako Pirinioetan kokatutako jatorrizko istorioa euskal Pirinioetara aldatzen du, filmak jaso zuen diru-laguntza autonomikoa zuritzeko. Hauek izan ziren filmaketaren lekuak: Bera, Artikutza, Endarlatsa, Altzate eta Errezilgo Ibarra. Gainerakoan, hortxe amaitzen dira obraren euskal erreferentziak. Izan ere, haurrentzat egindako istorio anitz bezala, filma denboraz kanpoko lurralde batean dago egina, eta, nafar bazter tipikoen berdetasuna gorabehera, toki zehaztugabe batean.

Hauxe da istorioa: haur bat uzten dute baserri bateko atean, herritik ijito-talde bat igaro ondoren. Baserrian hiru ahizpa bizi dira. Espainiar zinemako hiru antzezle handi ari dira horiena egiten: Imperio Argentina, Ana Mariscal eta Aurora Bautista. Ahizpek haurra adoptatzea erabakitzen dute, eta hark, hazi ahala, haien dohain nagusiak bereganatzen ditu: lanerako gogoa, sentiberatasuna eta fantasia. Hortxe dago lehen koxka. Protagonisten nortasunak oso bereizita eta markatuta daude hasieratik, eta horrek aurrez ixten eta mugatzen ditu interpretazioaren aukera zabalak. Gainera, antzezleak berak ere pertsonaia pobre eta distirarik gabe batzuk sortzera daude salduta. Jujúren protagonismo handia da bigarren problema, izen hori ezarri baitiote ahizpek haur adoptatuari. Haurrak amets egiteko gaitasuna garatu du bereziki. Ametsetako ontzi bat eraiki du baserriaren gainean, Ulises, eta ametsetako itsasoetan batera eta bestera dabil harekin. Egun batean, justiziaren iheslari bat heltzen da, eta mutikoak etxean ezkutatzen du. Bien artean hazten den adiskidetasunak betiko aldatuko du Jujúren bizitza. El polizón del Ulises obra diskretua da. Badu alde interesgarririk ere. Esate baterako, Aguirrek talentu handia ageri du bazterren edertasuna atzemateko eta diskurtso narratiboan harmonikoki integratzeko. Antton Larraurik filmarako moldatutako musika ere egokia da.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.