Zinekoak

El rey pasmado

Imanol Uribek 1991an zuzendutako filma. Aiete Films euskal ekoizlearen eta Ariane Films madrildarraren arteko koprodukzioa izan zen.

Imanol Uribek bere zinemagintzan euskal gaiarekiko giro-presioa gainetik kentzeko egindako ahalegin antzu eta hutsala izan zen Adios, pequeña filmaren porrotaren ondoren, Felipe IV.ren erregetzaldian zehar XVII. mendeko Espainian girotutako ibilbide zinikoz, Gonzalo Torrente Ballesterren Crónica del rey pasmado eleberriaren egokitzapen honekin arnasa hartu eta zuzendaria behin betiko Euskal Herritik aldendu egiten da. Egitasmoak Kultura Ministerioren, Espainiar Telebistaren eta Eurimagesen finantzaketa izan zuen. Eusko Jaurlaritza berriz ere Uribek zuzendutako proiektu bati, euskal zuzendaria, bestalde, Euskadin laurogeiko hamarkadako zinemaren errentagarriena zela, jaramonik ez egitera zetorren. Korapiloaren hasiera iturburu historikoetan egiaztatutako gertakizun batetik abiatzen da. Errege gazteak gau grinatsu batez gozatzeko Marfisa emagalduaren bizilekura egiten duen bisitaldia. Ohe gainean biluzik etzanda dagoen emakumearen ikuskizun ederraz liluratuta, edo hobe esanda txundituta, Felipe, askatasun berberaz, baina oraingoan bere emakumearekin, sexuaz gozatzeaz obsesionatu egiten da. Austriarren gorte jainkozalean debekatua. Obsesio horretatik aurrera filmean alde bi sortzen dira. Bata, erregeari bere gogoa egiten lagun egingo dioten pertsonaiena.

Bestea, gorteko pertsonaiak, erregearen gogoa edozein eratan eragozten ahaleginduko diren katoliko fanatikoak. Uribek lehen unetik ikuskizun historiko handinahi batetik ihes egin zuen eta komedia-generoan erosotasunez kokatuz sexuaz bere emaztearekin gozatu nahi duen eta hala ere bere bidean eragozpenak baino aurkitzen ez dituen gazte baten zoritxarretan murgildu zen. Intolerantziarekiko kritika argi honek interpretazio bikain batzuen onura jaso zuen. Gabino Diego, Juan Diego, Eusebio Poncela, Joaquim de Almeida edo Javier Gurruchaga bezalako aktoreak, besteak beste, une oro euren zeregina bikain egiten dute. Bestalde, girotze historiko egokia -Feliperen eskasiak nolabaiteko sinesgarritasunez birsortzeko ezinbestekoa- eta elkarrizketa bikainak adierazten diren gidoi sendo bat ere aipatu beharrekoak dira. Luzemetraiak erabateko arrakasta izan zuen. Bere estreinaldian arrakastarik handienetariko bat izan zuen filmean izan zen. Biarritzeko Zinemaldian Zilarrezko Makila lortu zuen, Epaimahaiaren Sari Berezia eta Jendearen Saria ere. El Mundo Euskal Zine-Sarietan Filmik Hoberenarena lortu zuen. Eta 1992an ospatutako Goya Sarietan zortzi sari lortu zituen.

  • Angulo, Jesús (et al.), Entre el documental y la ficción. El cine de Imanol Uribe, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1994, 181 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zka., 1999, 407 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 orr.