Zinekoak

Bosque de sombras

Monfort Producciones, Filmax eta Videntia Frames produkzio-etxe espainiarrek, Holy Cow Films ingelesak eta Divine Productions frantsesak produzitu zuten filma, elkarlanean, 2006an. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Telebistak, Kataluniako Generalitateak eta beste batzuek ere lagundu zuten.

Bosque de sombras-ekin hasi zen film luzeak zuzentzen Koldo Serra, zeinak Urrezko Méliès-a irabazi baitzuen, 2003an, El tren de la bruja film laburrarekin. Bosque de sombras filmaren proiektuak hasieratik lortu zuen arrakasta handi bat, hots, nazioarteko antzezle ezagunak ekartzea: Gary Oldman (Francis Ford Coppola-ren Sid and Nancy eta Dracula filmen, eta Luc Benson-en The Fifth Element-en protagonista), Virginia Ledoyen (8 Women, El internado eta La playa) eta Paddy Considine (My Summer of Love, Stoned eta Cinderella Man). Bestalde, antzezle espainiarrak nabarmendu behar dira: Aitana Sanchez-Gijón, Lluis Homar bikaina eta Alex Angulo. Ekintza, hasieran azpititulu batean adierazten den bezala, Espainiako iparraldean gertatzen da, 1978an. Lucy (Virginia Ledoyen) eta Norman (Paddy Considine) ingelesak amodio-krisi sakon batean dira. Biak, Paul (Gary Oldman) eta Isabel (Aitana Sánchez-Gijón) adiskideak lagun dituztela, Paulek basoan erosi duen etxera doaz, oporrak lasai emateko. Baina basoan egiten duten lehen ibilaldian, Paulek eta Normanek neskato bat aurkitzen dute txabola batean preso. Eskuak zeharo desitxuratuta ditu, eritasun beldurgarri bategatik. Udatiarrek poliziarengana eraman nahi dute neska gajoa, baina horko bazter malkartsuak, eguraldi txarrak eta neskaren senideek galarazi egiten diete.

Serrak filman garatzen duen indarkeria-espiralak zinemagintza-erreferentzia garbia du: hirurogeita hamargarren hamarkadako amerikar zinema. Adibidez, bistakoa da filmak asko zor diola John Boorman-en Deliverance filmari (1972). Obra horretan bezalaxe, Serraren filmak indarkeria du gai nagusi. Ekintza, berriz, ingurune natural, itxi eta arrotz batean gertatzen da. Serrak berak aitortu zuen film zehatz batzuengatik hautatu zuela Artikutzan filmatzea, eta La fuga de Segovia (han filmatua hein batean) eta Deliverance aipatu zituen. Hasierako kredituen tituluak Sam Peckinpah-en Grupo Salvaje-rentzako omenaldi bat dira argi eta garbi, eta zinemagile horren beraren Perros de Paja filmeko giroa nabari da euskal zuzendariaren filmeko une askotan. Filmaren hasieran, urrunago joan gabe, Lucy izerditan eta oso sentsual sartzen da herriko tabernan, eta tokiko gizonek lizunki begiratzen diote. Beste pasarte batean, berriz, Lucyk berak bortxaketa saio bat jasaten du, eta Norman agertzen da fusil batekin. Perros de paja filman, Dustin Hoffman-ek antzeztutako pertsonaia matematikari lasai bat da, baina errotik aldatzen da, behin eta berriro zirikatu dutenean: indarkeria erabiltzera bultzatzen dute zirkunstantziek. Filma amaitzen ari denean ere, irribarre batek salatzen du protagonista ez dela damutu bere jokabideaz, baizik eta harrotu. Normanek antzeko bidaia egiten du.

Esperientzia traumatiko bat jasan ondoren, lehen gixon koldar bat zena ehiztari amorratu bihurtzen da, eta indarkerian aurkitzen du gustuko bidea. Euskal zuzendariak larritasun-giro maisuki lortuaz hornitzen du film luzea, bereziki lehen partea. Protagonisten ezin konponduak eta borrokak ditugu aurrena. Eguraldi kiskalgarria. Neskatoa aurkitutakoan, eta tokiko herritarrak ezagutu ondoren, protagonistek bizirik irauteko borroka latza hasten dute. Euriagatik, basoa dena lokatz da, tranpa hilgarria. Antzekoa gertatzen da beste euskal film batean ere, Viento de colera-n (1988). Esan behar da, bidenabar, Aitana Sánchez Gijón protagonista dela hor ere, eta ingurua, Bosque de sombras-en bezalaxe, beste pertsonaia bat. Bosque de sombras indarkeriaz, inkomunikazioaz eta kulturen arteko talkaz da. Oso produkzio interesgarria. Talentu handiz egina. Bi akats ditu: amaiera ez da heltzen lehen parte bikainaren mailara, eta filmak gehiegizko dependentzia du lehenago beste zinemagile batzuek eskainitako ideiekiko eta formulekiko.

  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.