Zinekoak

Algunas chicas doblan las piernas cuando hablan

Igeldo Komunikazioa eta Impala S.A. produkzio-etxeen koprodukzioa. Ana Díez-en fikziozko hirugarren film luzea da, eta 2001ean estreinatu zen.

Daniel Castroren gidoi batean dago oinarritua. Algunas chicas doblan las piernas cuando hablan film bitxi eta iradokitzailea da. Baditu lirismoz eta malenkoniaz betetako pasarte onak. Baina bistan zen huts egingo zuela, gidoi eta errealizazio mailako akats tamalgarri batzuengatik.

Istorioa Iruñean gertatzen da, laurogeita hamargarren hamarkada hasieran, eta hastapen itxaropentsua du. Jaimek (Germán Ramallok jokatutako pertsonaia) ardurarik gabeko bere azken uda du, helduen munduan sartu aurretik. Sanferminak heltzen direnean, igerilekuan babesten da, eta bere denbora-pasarik maiteenetako bat praktikatzen du: neskei begira egon eta haien modeloei buruzko oharrak idatzi bere liburuxkan. Han, maitasun istorio bat hasten du Evarekin (Paz Gómez). Harreman horrekin batera, Jaimek oso harreman konplexua dauka bere familiarekin. Alberto anaia zaharrena hotza, urruna eta ausarta da. Jaime, aitzik, zalantzatiagoa, ameslariagoa eta sentimentalagoa. Uda astiro doa. Maitasuna eta ezbaiak dira nagusi. Halako batean, filmeko gertaera nagusia dator: Jaimek abentura bat dauka bere anaiaren andregaiarekin. Gauza agerian gelditzen denean, Jaimek bere bizitzako amodio handiena galtzen du uda horretan, eta anaia, Albertok bere burua hiltzen baitu, eta Evak utzi egiten du Jaime. Handik urte batzuetara, Jaime jadanik ezkonduta dago eta Madrilen bizi da. Egun batean, Iruñera itzultzen da, aita gaixo duelako. Aspaldiko uda hartako desleialtasunak era zorigaiztokoan markatu dio bizitza. Maitasunik gabeko ezkontza batean harrapatuta eta lantokian ere etorkizunik gabe, Evarekiko sentitu zuen gaztetako maitasun garbi hari helduta bizi da, itxaropenik gabe.

Filmak, batez ere Jaimeren pertsonaiak, Truffaut-en heroiengana garamatza -haiengandik milioi bat kilometrora, noski- etengabe. Bere izaera ameslarian, bere iraunkortasunik ezean eta bere erromantizismoan, L'Amour a vingt ans (1962), Baisers volés (1968) eta Domicile conjugal (1970) filmetako Antoine Doinelen erreplika da. Emakumeekiko sentitzen duen lilurak L'Homme qui aimait les femmes (1977) filmeko Bertrand Morane gogorarazten du. Eta bihotza betiko itota daukan gizonaren amaiera garratz eta etsituak sekulako paralelismoa du Les deux anglaises et le continent (1971) film zoragarriko Claude Roc-ekin. Zoritxarrez, tonu erromantiko eta fatalista hori, filmeko onena ezbairik gabe, ez da ongi lortu beti.

Bestalde, porrotera kondenatuta dagoen gaztetako maitasun ederraren kronika horrek ere baditu huts galantak, eta sekulako kaltea egiten diote filmari. Tamalgarria da, adibidez, Albertoren eta Jaimeren amaren pertsonaiarekin (Esther Esparzak antzezten du) egin dena. Nafar hiriburuko klase ertain-goiko emakume bat da hori. Semeak "amerikar idazle alkoholiko bat" bezala deskribatzen du. Emakume horrek oso garrantzi gutxi du istorioan, nahiz eta oso pertsonaia interesgarria izan. Azkenean, zeharo lausotuta gelditzen da. Pertsonaia horren presentzia fisiko gehiagoren beharra sentitzen da, bada, eta beste irudi batzuena deitoratzen, sekulako mina egiten baitiote obrari. Adiskide taldeak Donostiara egiten duen joan-etorria, esate baterako: Aquarium bisitatzen dute, eta badira politika kutsuko haserretxo batzuk ere Albertoren eta Txemaren (Aitor Merino) artean. Elkarrizketa batzuk sortzen dira hortik. Ironikoak, ustez. Baina, egia esan, oso urrun gelditzen dira beren helburutik. Algunas chicas doblan las piernas cuando hablan Málagako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzeko hautatu zuten. Ikusleek eta kritikak oso harrera hotza egin zioten, gero, merkatuan.

  • Amigo, Ángel: Veinte años y un día, San Sebastián, Igeldo Komunikazioa-Communication, 2001, 221 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.