Zinekoak

Aupa Etxebeste!

Irusoin eta Alokatu euskal produkzio-etxeek egin zuten filma, euskaraz, 2005ean. Euskal Telebistak ere lagundu zuen. Aupa Etxebeste! filmarekin ekin zioten Telmo Esnalek eta Asier Altunak film luzeak zuzentzeari.

Irabazia zuten jadanik izen bat, produkzio askotan teknikari gisa jardunda. Halako batean, zinema sorkuntzara jauzi egin zuten. Txotx (1997), 40 ezetz (1999) eta Topeka (2002) izan ziren emaitza. Zinemaldi ugaritan saritu zituzten horiek. Bi gai nahasten zituzten originaltasun handiz: batetik, lehenengo euskal zinemara zeraman forma bat, izugarri maite baitituzte landa folklorearen antzinako agerpenak, eta, bestetik, oso gaur egungo edukiak, izuaren eta are zientzia fikzioaren eremuetan sartzen baitira. Aupa Etxebeste! filman ere, zinemagileek mundu itxuraz desberdinak batu zituzten. Itxuraz, umore beltzez betetako komedia bat filmatu zuten. Obrak ukitu surrealista eta oso hispaniar ugari ditu. Buñuelen eta Berlangaren zinema espainiarraren itzala nabari da. Baina, beste aldetik, filma euskal herri txiki batean dago girotua, eta filmaketa, esan dugu, euskaraz egin zen.

Istorioa hauxe da: Etxebestetarrak familia inportante bat dira. Euskal herri koskor batean bizi dira. Aitona Luzianok (Pako Sagarzazu) sortutako ehundegia dute aberastasunaren iturria. Orain, enpresa Luzianoren seme Patrizioren (Ramon Agirre) eskuetan da, eta indar guztia galdu du. Patriziok, ordea, ederki jakin du itxurak egiten: ez familia, ez herritarrak, ez dira ohartu egoeraz. Udako oporren bezperan, Patriziok jakin du, bankuko zuzendariak esanda, kontu guztiak bahitu dizkiotela. Halere, kikildu ez, eta bidaia prestatzeko erritua betetzen du, inori deus esan gabe. Herritik irten direnean, gelditu kotxea, eta aitortzen die aita Luzianori, emazte Maria Luisari (Elenea Irureta) eta seme Iñakiri (Beñat Garate) sosik ez daukatela. Proposatzen die gauez itzultzea etxera, eta hantxe sartuta ematea oporrak, inork jakin ez dezan beheko erreka jota daudela. Hortik aurrera, esperpento bat dakusagu: familia oso bat, bere etxean ezkutatuta, zaratarik egin gabe, inork ezeren susmorik har ez dezan. Lehen egunetan, biziraute problemak azaltzen dira (janari guztiaz libratu ziren, kanpoan aldi luze bat egin behar zutelakoan, eta, jakina, ezin dira erosketak egitera irten). Horri, gainera, elkarbizitza problemak gehitzen zaizkio: metatutako tirabirak, gezurrak, miseriak eta frustrazioak guztiak batera lehertzen dira, eta gupidarik gabeko gerra hasten da. Ataka gaizto horretan, ordea, familia batzen hasten da poliki-poliki, eta, azkenean, desastreak sendotu egin ditu.

Aupa Etxebeste! komedia bat da, edo fartsa, hobeki esan. Hondo dramatiko zorrotza du, zeinak kritika gogorra egiten baitio egungo gizartean sortu dugun itxuren eta hipokresien munduari. Teknikoki, obra aitzakiarik gabea da, eta, gainera, antzezleen interpretazio bikainak biribiltzen du. Bestalde, urrats garrantzitsua da euskara zinema-hizkuntzara eramateko. Euskal zinemagintzak urteak zeramatzan euskaraz filmatutako film bat estreinatu gabe. Gainera, istorioak arrakasta eduki zuen ikusleen artean, eta horrek areago sendotu zuen euskal zuzendarien apustu arriskutsua. Aupa Etxebeste! Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi atalean estreinatu zen, eta Gazteriaren Saria eskuratu zuen. Komedia Onenaren Saria eman zioten, halaber, Terra di Siena Zinemaldiko X. ekitaldian.

  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.