Zinekoak

Eskorpion

Tellería anaien Krabelin Filmak produkzio-etxe arabarrak produzitu zuen filma, 1989an.

José Alberto Tellería arduratu zen produkzioaz, eta Ernesto Tellería, zuzentzeaz. Western amerikarrak eragindako planteamenduaz, txutxu-mutxuek eta funtsik gabeko susmoek dakartzaten bat-bateko indarkeria agerpenak eta horien ondorio larriak salatu nahi zituen Eskorpionek, euskal zineman lehenago Imanol Uribek La muerte de Mikelekin eta Anjel Lertxundik Kareletik obrarekin egina zuten bezala. Honela da istorioa: Emilio Gainza bere herrira itzultzen da, luzaroan kanpoan bizi izan ondoren. Hain luzaroan, inor ez baita beraz oroitzen. Haren presentziak susmo txarrak pizten ditu herritarren artean. Haiek, laster, ez dute etorri berriarekiko ezinikusia ezkutatzen. Dena aldatzen da, ordea, Emilio bere buruaz beste egitera itzuli dela jakiten denean. Orduan, errukia pizten da jendearen artean, eta beste harrera bat egiten diote kanpotarrari. Baina giroa mikaztu egiten da ostera, Emiliok ez duela bere burua hiltzen ikustean. Inauterietako azken jaiak bat-bateko indarkeria zabaltzen du herrian, eta harexek ematen dio amaiera tragediari.

Gizartearen tolerantzia ezaren metafora bat eraiki nahi da. Gidoia, ordea, bitxia eta nahasia da hasieratik, eta hutsune narratibo ugari ditu. Badira, gainera, inolako funtsik gabeko bigarren mailako pertsonaiak: Gracinea, adibidez, gizon bakarti bat da. La verdad de Ikaza izeneko aldizkaritxoa argitaratzen du bere etxean. Hor dugu herriko indianoa ere, Txema Blascok antzeztua. Gizon aberats eta ahaltsua. Dena hondatzera etorri da herrira, hau da, mendeku bila... Eragozpen horiez gainera, erritmo falta izugarria du lanak. Eta aipagarria da filmaren amaiera harrigarri eta sinestezina ere: herritar mozorrotuak inauteri-ibilaldi batean abiatu dira; tartean, euskal inauterietako pertsonaiak: joaldunak, artza... Guztiak protagonistaren etxera hurbiltzen dira, zoratuta bezala, hari heriotza ekartzeraino. Kritikak eta ikusleek bizkarra eman zioten filma harrigarri honi. Lanak hasiera originala du, baina amaiera ahula.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.