Zinekoak

Amorru haizea

Euskal Telebistak eta Ekoizletzan Bizkaia Zinemagintza etxe bilbotarrak produzitu zuten filma, 1988an. Pedro de la Sotak zuzendu zuen.

Filmeko istorioa Erdi Aroko Nafarroan gertatzen da, eta lur batzuen jabetzagatik izandako borroka bortitza kontatzen du. León de Balanzategi Indietako Armadako desertore bat da. Baztan ibarrera heltzen da, desertore kide batekin eta bi emakumerekin. Italiara doaz, baina, lehenik, Leónek zuzenez dagokiona eskuratu nahi du Juan de Balanzategi zenaren seme bastart gisa. Tokiko jaunak, Juanen anaiak, uko egiten dio etxeko lurrak zatitzeari, bertan bizi baita bi alabekin lugintzatik eta abeltzaintzatik. Ezezko horren ondoren, borroka anker bat pizten da. Badirudi baserriaren inguruko natura joriak bizia hartzen duela. León hantxe babesten da bere taldearekin, eta, bertatik, ikara batean dauzka etxaldearen jabeak. Natura hostotsuak, haizearen hotsak eta ilunabarreko zeruertzak erasoak eta arriskuak gordetzen dituzte, eta giro horrek zeharo eragiten dio filmeko istorioari. Desertoreek bi eraso egiten dituzte gauez. Batean, lastoa erre; bestean, azienda hil. Azkenean, etxaldearen jabea bera hiltzen dute. Haren alabak, ordea, basoan ezkutatzen dira, eta egoera zeharo aldatzen da. Orain, berak dira inguruko natura beren alde darabiltenak. Inguru hori lohizko, iratzezko eta zuhaitzezko tranpa bilakatzen dute, eta hantxe eroriko dira etsaiak erremediorik gabe.

Amorru Haizeak akats handi bat dauka: Pedro de la Sotak inoiz ez du aurkitzen erritmo egokia bere kontakizunean. Desertoreen joan-etorri etengabeak nekagarri gertatzen dira hondarrean. Bi alaben azken mendekua ere hainbeste luzatzen da, filmaren klimax dramatikoa diluitu egiten baita, bastarta beranduegi hiltzen delako. Filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zenean, kritikak hozki hartu zuen. Halere, aitortu behar da zinemagileak ongi deskribatzen duela naturaren indar guztia, eta ederki asmatu zuela bortizkeria irrazionalezko giro bat sortzen. Murtzian egiten den Espainiar Zinemaren V. Astean, filmak Zuzendaritza Onenaren Saria eskuratu zuen, eta Antzezle Onenaren Saria (Aitana Sánchez Gijón).

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.