Jaialdiak-Ekimenak

Miarritzeko Jaialdia. Latinoamerikako Zinema eta Kulturak

Zinemagintzarako hitzordu honek 1979an du jatorria, Miarritzeko Jaialdi Iberiar eta Latinoamerikarraren sorrerarekin. Sariketa lehiakor honen helburua, Euskal Herriko hirugarren garrantzitsuena Donostiako Jaialdiaren (Zinemaldia) eta Bilboko Jaialdiaren (Zinebi) ostean, zine espainiarra, portugaldarra eta latinoamerikarra Europa guztira hedatzeko gune bilakatzea zen. Cannes, Venezia edo Donostia bezalaxe, dekadentea eta aristokratikoa zen Lapurdiko herri eder hau, inolako zalantzarik gabe eremu aproposa zen zinemagintza sariketa bat ospatzeko. Euskal zineak presentzia handia izan zuen Miarritzeko Jaialdiaren lehen aro honetan. La conquista de Albania- Albaniako konkista filmak Epaimahairen Sari Berezia erdietsi zuen 1983ko edizioan, Tasio filmak Lehen Saria (Urrezko Makhila) lortu zuen 1984an eta El rey pasmado filmak, Epaimahairen Sari Berezia, Ikuslegoaren Saria eta Interpretazio Onenaren Epaimahairen Saria lortu zituen 1991n. 1992tik aurrera Miarritzeko Jaialdiak Latinoamerikako kulturetan jarri zuen arreta eta "Miarritzeko Jaialdia. Latinoamerikako Zinema eta Kulturak" izena hartu zuen. Beste gauza batzuen artean, lur haietan zegoen euskal diasporari esker Miarritze eta Latinoamerikaren artean zegoen harreman bikaina baliatzea zen asmoa, bi kontinenteen arteko lotura kulturalak indartzen jarraitzeko xedez. Noski, zazpigarren artea da sariketako protagonista nagusia. Baina horrez gain, Miarritzeko Jaialdiak Hegoamerikako kultura adierazpenen ezberdinei sarbidea eman die, bertako sormen artistiko interesgarrienak ere barneratuz. Azken finean, Europari momentuko Latinoamerikako zinea erakusteaz gain, antzerkiaren, dantzaren, musikaren eta arte plastikoen alorretan proposamen ugari eta aberatsak eskaintzen dituen hitzordu kultur-anitza da.

Jaialdiaren 18. ekitaldiak (2009an) Lapurdiko saio honen garrantzia agerian uzten duten datuak eskaini zizkigun: 25.000 proiekzio, 75 filma eskainiak (10 luzemetrai, 10 laburmetrai eta 14 dokumental sail ofizialetan) eta Latinoamerikako 40 zinemagilek euren lanak aurkeztu zituzten, bertako ikusleei euren kezkak azalduz. Bereziki azpimarratu beharko genituzke Juan Carlos Taibo zuzendari kubatar handiari eskainitako aparteko saila, La Habanako Latinoamerikako Zinema Berriari buruzko Nazioarteko Zinemaldiari eskainitako omenaldia eta "Village Festival" delakoaren kultura festak eta jaialdien arrakasta. Inolako zalantzarik gabe, Miarritze ezinbesteko erreferentzia bilakatu da Latinoamerikako Zinema eta kultura Europan ezagutzera emateko.

Web orrialdea: www.festivaldebiarritz.com

  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, Donostia, Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos-Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca, 1985, 355 orr.