Kontzeptua

Eske Tradizionalak

Urteko jaien barruan, eta gehienbat negu beltzaren bueltan, behartsu taldeak eskean ibiltzen ziren etxez etxe eta auzoz auzo. Etxekoei eskatzen zieten baimenen bat edo zerbait emateko. Ematen zena, espezietan edo jatekotan ematen zen: arrautzak, txorizoak, odolkiak, intxaurrak, urrak, madariak, sagarrak, laranjak... Etxekoek kristau-karitatez edo nekazari-munduko abegi onez hartzen zituzten eskaleak, eta eskean zebiltzanek, berriz, osasuna eta aberastasuna opatuz erantzuten zieten, esker onekoak izaten zirelako.

Beharbada, aipatu duguna ohitura askoren jatorria da. Izan ere, eskeko ospakizun ugarik eskaleen ohiturak eta etxez etxeko ibilbideak dituzte oinarri. Urteak pasa ahala, eta batez ere ongialdietan, eskeak askoz ere zehatzagoak eta tokian tokikoak bilakatu ziren. Normalean, gazteak edo umeak ateratzen ziren eskean, erreferentzi taldearena egiten.

Udazkeneko lehen hotzek negua iragartzen zuten. Orduantxe hasten ziren nekazari-munduko biztanleak janariak biltzen, neguko hotzei, gabeziei eta isolamenduari aurre egiteko, bideak sarri itxita egoten baitziren. Garai berean, txerri-hiltze tradizionala edo txerri-boda egiten zen, janaria lortzeko. Urte guztia ematen zuten txerria hazten; hil eta gero urte guztirako janaria izaten zuten. Horretarako, era askotan kontserbatzen zuten: gatzetan, ketua, gurinetan, ontzutua, lehortua... Txerrikiok etxekoentzat izaten ziren, eta, batzuetan, eskaleei ere ematen zizkieten, bertakoei nahiz kanpokoei.

Negu bueltan, umeek San Nikolas eguna ospatzen zuten (abenduak 6) eske-kantuz. Haietako bat apezpiku jantzita joaten zen (Segura, Zegama edo Legazpi). Bestelako ospakizunetan ere agertuko zaigu apezpikuaren irudia edo erreferentzia.

Gabon-egunean edo bederatziurrenean, leku askotan ateratzen ziren kantuz eskean, Jesus Umearen jaiotza ospatzeko (Marijesiak Bizkaian) edo haren mezulariaren etorrera ospatzeko: Olentzeroren etorrera, hain zuzen ere (Bidasoa ingurukoa). Lehenengoak, Erdi Aroan eliza barruan egiten ziren ospakizunak ditu oinarri: Gabon, Aste Santu edo Gorpuzti Eguneko ospakizunak. Bigarrenak betiko itzulera du oinarri, eta, kondairen bidez, gizon-emakumeen sorrera azaltzen da, Lurraren antzinako biztanleen mundu iluna, Jentilen mundua, desagertu eta gero.

Eguzki-egutegiaren edo juliotar egutegiaren amaieran, gure herriak urtea amaitzeko errituak zituen, urte zaharreko errituak. Batzuetan Ujanko izeneko izaki mitologikoa agertzen zen urte zaharri agur esan eta urte berria ospatzeko. Nafarroako ipar-haranetan eta Lapurdiko mugan urari eta oparotasunari lotutako errituak ospatu izan dituzte. Nolanahi ere, Euskal Herri guztian ateratzen dira eskean zahar eta gazte, abegi eta esker onez. (Urte Berri, Dios te salve, Glin Glan...).

Epifania-jaiaren edo Errege Magoen bueltan ere ospakizunak zeuden. Erregeak aukeratzen ziren: errugabeen erregea, umeen edo gazteen buruak... Bestetik, zintzarriekin ibiltzen ziren kalean, sekulako hotsa eginez (Sakanako "gare jotzeak", Malerreka, Baztan, Erronkari edo Lizarrako merindadea). Eta, nola ez, oraingoan ere eske-kantuak abesten ziren (Erregeak edo Apalazio, Erregeetako saria, Erregeetako "Martikoak").

Inauterietan, Kandelaria Eguna ospatzen da Arabako ipar-haranetan (Zuia, Urka, Urkabustaitz, Kuartango y Zigoitia). Eskean ateratzen dira zitoihal eta guzti, "banderatxoaren jai" berezia ospatzeko. Santa Ageda bezperan eta Egunean edozenbat gazte ateratzen dira eskean gauez. Euskal Herri osoko ohitura dugu gaur egun ere.

Bestalde, Inauterietako egun zaratatsuetan, sasoi guztietako taldeak ateratzen dira eskean, batez ere Ostegun Zurian eta Asteartean. Makina bat erritu, planta, keinu, adar-jotze, musika, kantu eta dantza egiten dituzte. Taldean egiten dituzten eskeek izen ugari dute: Otsabilko, Eguen Zuri edo Egun ttun ttun, Eskeak edo Piltzar, Puskak, Karnestoliendak, "oilarraren" Jaia edo "Apezpikutxoaren" Jaia. Umeen eske-kantuak umeei edo santu zaindariei daude lotuta (San Nikolas Barikoa, San Kaxiano...), bai letretan baita apezkikutxoa agertzen denean ere. Bizkaiko mendebaldean "Martiko kantuak" abesten dituzte oraindik. Sekulako zarata egiten dute ongi-etorria emateko ilargi-egutegiko edo kristau aurreko lehen hileari, martxoari edo martiari.

Udaberria datorrela eta, oraingoan ere eskean ateratzen dira. Gaiak askotarikoak izaten dira: landareak, eguraldia, emakumeak eta Ama Birjinaren ingurukoak. Adibidez, Balmasedan neska-mutilak eskean ibiltzen dira maiatzaren 1etik eta 3ra (Santa Kruz Eguna). Irudiak eta kartoizko mitrak eramaten dituzte. Baztan Haranean, neska gazteak zuriz jantzi eta Maiatzeko Erregina eramaten dute. Bitartean, Erdi Aroko "Erregiña ta saratsa" kantua abesten dute. Azkenik, Bizkaiko mendebaldean, Ama Birjinaren eskean ateratzen dira Pazko Egunean. Aste Santuetan ere atera izan dira umeak edo akolitoak eskean elizarako edo beste zerbaiterako dirua eskatzen. (Monumenturako orratzak, kandelak, ehunak...).

Uda-garaian, eta batez ere herriko jaietan, sarri eskatu izan da dirua edo janaria, jaietako gastuak hornitzeko. Hegaztiak ere eskatzen zituzten, joko odoltsuak antolatzeko. Jai-girorako bestelako gauzak ere eskatzen zituzten: materialak, edariak, ortuariak...

Baina, eskean ibiltzeari buruz jardun dugunez, esan behar da, aipatutakoez gain, era askotako eskeak egon izan direla: lanbideei lotutakoak (artzainak, ehiztariak, gauzainak, postariak, suhiltzaileak...); eliza taldeak ( erlikia-ontziak, itsulapikoak, kuotak, zozketak edo enkanteak...) edo bestelakoak ( gazte taldeak, abeltzainak, auzolanetarako, suteak, heriotzak...). Eta, azkenik, eskean ibiltzen ziren benetako premia zutenak: eskaleak, itsuak edo elbarriak...

Amaitzeko, eta berezitasunak berezitasun, eske-kantuak antzeko egitura dute: lehenengo eta behin agurra, etxekoei oles egin eta kantatzeko baimena eskatzeko (hildakorik balego, otoitz egiten dute); gero, kantatzeko arrazoia zein den zehazten dute (hango jaia edo besteko jaia); etxekoei abegi onez abestu, bertsoak bat-batekoak izan ala ez; nolako saria espero den bota; eta, azkenean, eskuzabaltasuna eskertu edo, gertatuz gero, elkartasunik eza salatu.