Dantza

Nafarroa Behereko Dantzak

Nafarroa Behereko dantzek aniztasuna, ikusgarritasuna eta zailtasun teknikoak dituzte ezaugarri. Eskualde mugakideetakoek -Lapurdi eta Zuberoakoek- bezala, gorteetako antzinako balletekin eta dantza klasikoarekin dituzte loturak, eta lotura horiei dantza-maisuen bidez eutsi zaie. Dantza klasikoko zenbait pauso erabiltzen dira, hala nola, pas de bourré, pas de basque, les tricolets, les ailes de pigeon, entrechats, jettes battus eta rond de jambes. Eskualdeko dantza herrikoi gehienak jatorriz beste herrialde batzuetakoak ziren, baina bertakotu ondoren halako jatortasun berezi bat hartu zuten, tokiko biztanleen nortasun handiaren ondorioz. Aipatutako fenomenoa oso ohikoa da euskal kulturan, eta horrek agerian uzten du, ezbairik gabe, kanpotik datorrena hartzeko, bertako berezitasunetara egokitzeko eta euskal itxura peto-petoa emateko gaitasun handia dagoela hemen. Horren guztiaren adibide ditugu, besteak beste, Gabota, Minuetoa eta Fandangoa. Lehen biak XVIII. mendetik aurrera hedatu ziren, txirularien edo txistularien (frantsesez tambourinaires) bidez. Hirugarren dantzari XIX. mendearen bigarren erdian eman zitzaion sarbidea. Estiloak ez du zerikusirik antzinako dantzen seriotasunarekin, ez dago erritu finkorik, ez dira eraman behar arropa jakin batzuk soinean, eta neska-mutilek dantzatzen dituzte, bikoteka, elkar ukitu gabe: besoak altxatuta eta atzamarrak etengabe kriskitinka, gorputz osoarekin mugimendu harmoniatsuak eginez, binakako erritmo hirutar bizi-bizi bati jarraiki.



Kate-dantzan, dantzariak elkarren ondoan kokatzen dira ilaran, eskutik edo erdiko zapiari helduta. Garai batean, Europako herri-tradiziorik hedatuena izan zen. Morfologia-aniztasunaren eraginez, aldagai ugari daude eskualdean: branle, rondó, carole, farandole etab. Agirietan, Pamperruque izeneko farandole mota bati buruzko aipamenak azaltzen dira: Baionan dantzatzen zuten, Iraultzaren aurretik. Tokian tokiko dantzei dagokienez, dantza-luzia, dantza-korda edo dantza-soka izeneko kate-dantzen morfologia eta funtzioak aipatutako guztiekin eta penintsulako gizon-dantzen multzokoekin bat datoz. Erritu-dantzak dira, baina handitasuna eta jai-giroa uztartzen dituzte. Lehen eta azken postuan lehentasunezko edo itzal handiko parte-hartzaileak kokatzen dira, eta beren aginpidearen sinboloa bailitzan, zintaz apaindutako sorta berde bana eramaten dute esku librean, eta fruta bat ere bai: sagarra edo madaria, esate baterako. Gainerako neska-mutil dantzariek soka osatzen dute elkarren artean ezarritako zapiari helduz. Jada XVI. mendean, kate-dantzak hedatuta zeuden Nafarroa Beherean, Pierre de Lancrek sorginen kontra abian jarritako prozesuaren inguruko agirietan jasotzen denez.

Dantza mota horrek berebiziko arrakasta izan zuen goi-klaseen artean ia XVII. mende osoan zehar. Baina urteen poderioz, gainbeheran erori eta hurrengo mendean betiko desagertu zen. Giro herrikoietan gainbehera ez zen izan hain azkarra, baina zenbait funtzio eta elementu bertan behera geratu ziren arian-arian, eta azkenean kate-dantzak igandeetako denbora-pasa bihurtu ziren. Egiaztatuta dago, adibidez, zenbait tokitan branle motako pauso zaharren ordez beste dantza batzuetako mugimenduak hartu zituztela. Edonola ere, dantza luzea ez zuten nahasten jai-giroko edo lagun arteko dantzekin (koadrilakoak, polkak, baltsak...), ospakizun jakin batzuetan bakarrik egiten baitzuten: herriko zaindariaren festan eta ezkontzetan.

Dantza luzea erloju-orratzen kontrako noranzkoan egiten da, sokaren eskuineko muturretik hasita. Duintasunik handieneko bikotea aurreko muturrean kokatzen da, lehen postuan, eta garrantzirik handieneko bigarren bikotea atzeko muturrean, azken postuan (aurreko erregea eta atzeko erregea, hurrenez hurren). Hainbat irizpide hartu ohi dira kontuan: adina, gizarte maila edo tradizioa (betidanik postu horietan dantzatu duten familiak). Azken irizpide da guztietan hedatuena. Muturretako dantzariek aldean eramaten dituzten sinboloak haien nagusitasunaren berri ematen dute. Baina lehenago adierazi dugunez, jatorrizko funtzioa -gizarte mailaren nagusitasuna agerian uzteko nahia- bertan behera geratu zen denboraren poderioz, eta gaur egun dantza mota zahar-zahar horren aldaera modernoa egiten da.

Jauziak Nafarroa Behereko merindadean (eta Luzaiden), Lapurdin, Zuberoan eta Bearnen dantzatzen ziren, izatez. Nafarroa Behereko dantzarik ezagunenak dira, ezbairik gabe. Doinu bitarra erabiltzen dute beti; iraupena, aldiz, oso aldakorra da. Zenbait dantza nagusik edo handik hirurehun konpas baino gehiago dituzte, eta segidak izeneko dantza txiki batzuek, aldiz, hamasei. Bestalde, hiru, lau, bost eta hamabi edo hamalau konpaseko esaldiak aurkituko ditugu. Erritmoa bizia izaten da beti, eta zurien balioa 90 eta 100 artekoa. Gainera, azken denboretan are azkarrago aritzen dira. Funtsezko pausoak gutxi dira, beti berdinak, baina konbinazioak izugarri ugariak, eta inoiz ere ez ausazkoak. Konbinazio horietan oinarritzen dira jauzien segidak. Adierazi bezala, era horretako dantzen kopurua oso handia da. Festa guztietan dantzatzen diren arren, ospakizun jakin batzuetan balio berezia hartzen dute: adibidez, Bestaberrin eta Inauterietan. Dantza horietako batzuen izenak, mugimenduak eta doinu motak eta Baztan Haraneko mutil-dantzenak berberak dira.

Pausoen aukerako konbinazioak ezin konta ahalakoak direnez, eta doinuen aniztasuna izugarria handia, oso zaila da dantza eta aldagai guztiak buruz ikastea eta gogoan izatea. Horregatik, aditu batek pausoak banan-banan gogorarazten dizkie dantzariei, ozenki esanez. Oinarrizko pauso bakoitzak bere izena du, nahiz eta eskualde batetik bestera pixka bat aldatu. Horrela, edozein dantzari trebek egin ditzake jauziak, pausoen segida buruz ikasi behar izan gabe. Aztergai ditugun dantzek etnografo eta folklorezaleen interesa piztu ohi dute, hainbat ezaugarri direla eta: iraupena eta konplexutasuna, mugimenduen aberastasuna eta dantzatzeko behar diren indarra eta trebetasuna. Dantzatzeko modua nabarmen aldatzen da eskualdearen arabera, baina pausoak berberak dira beti. Ikuspegi sozialetik, jauziak menderatzen dituen dantzariak bere trebetasuna eta talentua egiaztatzen ditu, eta ospe eta garrantzi handiagoa hartzen du tokian tokiko gizartean.

Jauziei buruzko dokumentu-bildumarik zaharrenak honako hauek dira: Chanoine Pierre Laharragueren Dantza Yauzi osoak bere segidekin, Bordelen argitaratua 1900n, eta Recueil des sauts ou branles Basques notés par P.L. Instituteur", egileak Dassance apaizari eskainia eta 1898an kaleratua. Aipatutako biltzaileek hamabi jauzi nagusiren eta bederatzi jauzi osagarri edo segidaren berri eman zuten. Nagusiak hauexek ziren: Laburrak, Baztandarrak edo Lapurtarrak, Chibandriak, Mutchikoak, Chochuarenak, Antchigorrak, Moneindarrak, Alemanak, Milafrankarrak, Ainhoarrak, Laphurtar-laburrak edo Laphurtar-motxak. Bigarrenak, berriz: Hegi, Ostalertsa, Matelotta, Zertara yiten zara?, Hetcha Pete, Hatcha Pelo, Zalhu Yannes, Phik-et-itzul eta Phik-et-ebats. Azkenik, Mutchikoak, Lapurtarrak, Moneindarrak, Milafrankarrak eta Ainhoarrak omen ziren ederrenak eta zailenak. Ehun urte geroago ere bizirik zirauten guztiek. Dantza askok, noski, jatorrizko herriaren edo omendu nahi zuten herriaren izena dute (Azkain, Kanbo, Millafranka, Ainhoa, Baztan).

Dantzariak ilara bakarrean biribilean kokatu eta dantzatzen hasten dira, besoak beherantz zuzen ezarrita eta bularraldea geldirik, hankak arin-arin mugituz, airean baleude bezala. Biribileko dantzen artean, erloju-orratzen kontrako noranzkoan egiten direnen multzokoak dira jauziak. Oinarrizko noranzkoa aipatutako hori da berez, baina joan-etorrien eta simetrien ondorioz, norabide batean emandako urratsak beste norabidean errepikatzen dira ia beti. Badira, ordea, pausoen segida zuzen burutzen laguntzen duten jarraibide jakin batzuk. Horrela, pauso guztiak zirkuluaren kanpoaldeko hankarekin hasten dira, eta, bukaeran, barrualdeko oinaren gain uzten da gorputza, kanpoaldekoa pixka bat atzera eramanez, hurrengo mugimenduari erraz ekiteko.

Dozena bat eta erdi pauso ikastea aski da jauzia guztiak dantzatzeko. Pausoen segida burutzea izaten da kontua, eta, lehenago adierazi dugun bezala, hurrenkera osorik ezagutzen ez duenari aditu batek laguntzen dio. Baina dantza buruz jakitea eta inoren hitzei erreparatu edo jaramon egin behar izan gabe aritzea askoz ere atseginagoa da, ezbairik gabe. Dantzaririk trebeenek jauzi asko dakizkite buruz, norbere herrikoez gain.

Oro har, pausoaren izenak mugimendua ematen dute aditzera: aintzina (aurrera edo en avant), Erdizka, Sotez (iautzi edo zote Luzaiden), Dobla, Lau hurrats, Pika-Pika ezker, Pika eskuin-, Erdizka eta hiru, Ebats, Luze eta ebats, Kontrapasa, Zeina, Ezker-hiru, Eskuin-hiru, Ezker airean, Ebats eta hiru, Sotez eta hiru (zote eta hiru). XX. mendearen hasieran, Sauveur Harruquetek hemezortzi pausoz osatutako zerrenda egin zuen, eta gaur egun ere horiexek erabiltzen dira funtsean: En avant, Erdizka, Sautez, Dobla, Lau-urhats, Pika, Ezker, Ezkuin, Erdizka eta hiru, Sautez eta hiru, Ebats, Luze eta ebats, Contrapasak, Segna, Ezker-hiru, Ezkuin-hiru, Ezker-airian, Ebats eta hiru.

Pauso bakoitzak musika-pultsu kopuru jakin bat du, eta batzuetan musika-esaldi berean bi pauso-konbinazio edo gehiago egokitzen dira. Horregatik, pauso batzuk hainbat modutan egin daitezke, eta horrelako aldaerak are ugariagoak dira dantzarik hedatuenetan.

Jauziak dantzatzeko moduari dagokionez, estilo-aniztasuna da nagusi. Aspaldiko dantzak izateaz gain, horrenbeste tokitan egiten direnez, eta dantza herrikoiak direnez, dantzatzeko moduak dantzari kopurua bezain ugariak dira. Gorpuzti-jaian, ospakizun-ekintzak bukatu eta gero, herriko plazan berez elkartutako dantzari taldeak jauzi zaharrak dantzatzen ditu biribilean kokatuta, tokian tokiko eran. Aldaerak ezin konta ahalakoak dira. Jauziak bi modutan egin daitezke: pausoka, hau da, oinak beti lur gainean ezarriz eta gorputzaren mugimenduei garrantzi berezia emanez, edo antrexata izeneko saltoak behin eta berriz eginez. Bigarrenak gauzatzeko, indar eta erresistentzia handiagoa behar dira, gorputzak grabitatearen legea hautsi duela eta dantzaria hegalari (bolantia) bihurtu dela baitirudi.

Jauziak egiten ari den dantzaria bere baitan bilduta egoten da erabat, gorputza zuzen eta burua pixka bat makurtuta, eta begirada biribilaren baitan tinko finkatuta. Besoak solte dituela, beherantz ezarrita, oinak bakarrik mugitzen ditu. Pausoak zehatz-mehatz egitea berebiziko gozamena da dantzariarentzat, eta sentipen berbera sorrarazten dio berdintasunezko mailan kokatutako kideen arteko talde harmoniak ere. Jai-giroa puri-purian dagoen arren, dantzariaren jarrera zorrotza, neurritsua eta serioa da beti, biribilean dantzatzeko oinarrizko modu zahar horri leporatu ohi zaion naturaz gaindiko jarrera islatzen baita horrela.

Jende aurreko beste hainbat herri-adierazpidetan gertatu den bezala, jauziak gizonezkoek dantzatu izan dituzte beti. XX. mendeko urte gehientsuetan ere, eskualdeko biztanleentzat pentsaezina zen emakumezkoek jauziak jende aurrean dantzatzea. Are gehiago, emakume batek hala egin balu, bere izen ona betiko zapuztuko zatekeen. Horra zer dioen esaera ezagun batek: Dantzari ona, irule gaiztoa, irule gaiztoa, edale ona. Esanak esan, emakume askok zekiten jauziak dantzatzen, etxe-giroan egiten zituzten arren, baina jakinekoa da haiek irakasten zizkietela jauziak etxeko mutil gazteei.

Festetan, dantzatzeko aukerak sortu eta dantzen balio liturgikoa areagotzen da. Nafarroa Behereko merindadeko ondare inmateriala, besteak beste, Gorpuzti edo Besta Berri eguneko prozesio preziatuek osatzen dute. Prozesio horiek bereziki ikusgarriak dira Heletan, Armendaritzen, Bidarrainen, Alduidesen, Yoldin, Lakarran eta Baigorrin. Mendez mende, Gorpuzti-jaia herriko soldadu-tropa ikuskatzeko eguna izan zen, eta ohitura horren inguruan sortutako folkloreak alardeei eta dantza-erakustaldiei eman zien bidea. Ohitura gainbeheran erori arren, dantzetako pertsonaia heterogeneoek lehen inperioko edo lehen karlistaldiko "guardia nafarren" uniformea, ezpata eta On Karlos izangaiaren enblemak eramaten dituzte soinean. Desfilea egiten dute kalez kale, eta toki batzuetan (Heletan eta Bidarrain) eliza barruan dantzatzen dute, ikurrinarekin.

Kabalkada edo Santibate izeneko ekitaldi aparta ez zen inauterietako dibertimendu hutsa, ohiko oinezkoek eta zaldunek (hortik datorkio izena) parte hartu arren. Pertsonaia nagusiak zapurrak, basa anyereak, erraldoiak eta bolantak edo kaskarotak ziren, dantzari trebeak denak. Kabalkadak ez zuen data finkorik. Izpuran oso aspaldiko tradizioa zen, eta handik Uhart-Cizera eta Donibane Garazira hedatu zen. Ekitaldi haiek abagune egokiak ziren, halaber, dantza tradizionalak eta Xaribariak edo Tobera moustrak izeneko antzerkietako herri-epaiketa barregarriak egiteko .

Inauterietan, dantza-errepertorio tradizionalen erakustaldiak egiten ziren. Igandea edo asteartea eske-eguna zen: mutil taldeak etxez etxe joaten ziren eta bizilagunek lukainkak, arrautzak edo urdaia ematen zizkieten. Auzo edo herri txikietan hiru eta sei kide bitarteko multzoak osatzen zituzten, baina handiagoetan hogei laguneko taldeak ere ibiltzen ziren eskean. Batzuk mozorrotu egiten ziren, eta beste batzuek maskaraz estaltzen zuten aurpegia. Mozorrotzeko, arropa zaharrak edo emakumezkoenak erabiltzen zituzten gehienetan. Eta jakina, beti eramaten zituzten hartza eta hartzaren zaintzailea, besteak zirikatzeko matxarda luzagarria, bizargin-ikastuna eta bere bezero gizajoa etab. Musika-tresnak txirula eta tuntuna ziren. Batzuetan, neska multzo bat biltzen zen etxeetan, eta soinua ere jotzen zuten, neska-mutilek elkarrekin dantzatzeko. Zanpantzar (Saint Pansard) izeneko pertsonaia ere han ibiltzen zen, eta gero erre edo ito egiten zuten. Esaera batek zioenez, "Zanpantzarren besta egin behar dugu, gero haren erretzeko edo ithotzeko". Ostegunari, jakinekoa denez, ostegun gizen esaten zioten, eta Uhart-Mixen kauserak (buñueloak) izeneko opiltxoak jateko ohitura zegoen. Uhart-Mixen, Luzaiden, Mendiben, Aldudesen eta Urepelen, besteak beste, taldean ateratzen ziren bolantak, kaskarotak, besta gorriak bandarekin... Antzina, inauteriak hausterre-egunean, asteazkenean, bat-batean bukatzen ziren, garizuma-aldiari hasiera emateko. Baina erlijio-zorroztasuna malgutu ahala, jai-giroa udaberrira arte luzatu da.

  • Betelu, Pierre: "Les mutxiko" Begiraleak, 60 ans de contribution au maintien des traditions folcloriques du Labourd, Donibane Lohizune, Coquelicot, 1996.
  • Dassance, Louis: "Les sauts basques et le vieilles danses labourdines", Bulletin du Musée Basque, 1927, 21-30 or.
  • Euskal Dantzarien Biltzarra Ipar Euskadiko Ordezkaritza: "Nafarroa beherako dantza-jauziak", Dantzariak, 11.
  • Guilcher, Jean Michel: "Les Mutil dantza du Haut-Baztan", Bulletin Musée basque, Baiona, 1975, 1977, 1978 eta 1979.
  • Guilcher, Jean Michel: La tradition de danse en Bearn et Pays basque Français, Paris, Maison des Sciences de l'homme, 1984.
  • Harruguet, Sauveur: "La danse en Basse-Navarre", Bulletin Musée basque, 1927, 26-36 or.
  • Herelle, Georges: "Les parades charivariques de la vallée de la Nive", BSLAB, 1917.
  • Labeguerie, M.: La danse basque, Lauburu. Donibane Lohizune, 1981.
  • Sagaseta, Miguel Ángel: "Estudio de los bailes de Valcarlos", Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 20. zk., 1975.
  • Sagaseta, Miguel Ángel: Danzas de Valcarlos (Navarra), Nafarroako Foru Aldundia, Iruñea, 1977.
  • Urbeltz Navarro, Juan Antonio: Dantzak, Euskadiko Kutxa, Bilbo, 1978.