Aktoreak

Bisquert Manterola, Patxi

Aktore gipuzkoarra, 1952ko irailaren 19an Zizurkilen jaioa. Xabier Elorriagarekin eta Imanol Ariasekin batera 80ko hamarkadan euskal zinean sortutako aktore protagonistarik garrantzitsuena izan zen.

Baserri baten hezia, behingoan hasi zen fabrika baten lanean. Geroztik gazte talde batekin landan zegoen etxe batera bizi izaten joan zen nekazaritzan eta abeltzaintzan jarduteko. ETA (p-m)ko militantea eta Segoviako bigarren ihesean lankide. Horrek hain zuzen ere zabaldu zizkion zinerako ateak, Imanol Uribek eta Angel Amigo zuzendari eta La fuga de Segovia filmaren ekoizleak, euren lehen film luzeari egiatasunik gehien eman nahian abentura hartan izan ziren benetako protagonistez inguratu nahi zutelako.

Une horretatik aurrera, ia kasualitatez, 80ko hamarkadako euskal zinean lanean hasi zen. Lehenengo Alfonso Ungriaren La conquista de Albania (1983) filmean lan egin zuen. Gero Pedro Oleak Akelarren paper garrantzitsu bat eman zion, Unai, Garazirekin maitemindua.

Elias Querejetak orduan Feroz filmerako froga egin zion baina euskal aktoreak ez zuen gainditu. Hala ere film luzeen eremuan hasberria zen zuzendari baten filmean paper protagonista proposatzeko berriz deitu zion. Film hori Montxo Armendarizen Tasio izan zen. Patxi Bisquertek ikaragarrizko lana egin zuen. Bere itxura fisikoa, bere tankera eta nortasun menderaezina ere Urbasako ikazkin bihurriaren izaerara ezin hobeki egokitzen zitzaion. Interpretazio horri esker lortu zuen Tenerifeko Zinemaldian Gizonezkoen Interpretazioaren Lehen Saria (1984) eta Burdeosko Zinemaldiko Aktorerik Hoberenari Saria ere (1985). Garai horretan espainiar telebistako Segunda enseñanza seriean Rodri apaizarena egin zuen eta horrek entzute handia eman zion. Zalantzarik gabe aktore bezala izan zituen egunik hoberenak izan ziren. Gailurrean zela 80ko hamarkadan euskal eta espainiar zinean lanean ekinez ziharduen. 1985ean beste interpretazio ezin hobe bat egin zuen Alfonso Ungriaren Ehun metro (1985) film ertainean Donostiako alde zaharrean inguratuta zegoen ETA kidearena eginez. Ernesto del Rioren El amor de ahora filmean beste protagonista paper bat izan zuen gizarteratze neurriak bereganatzen zituen ETA kidearena eginez. 1987an Carlos Saurak Lope de Agirreren El Dorado ekinozio-abenturan oinarritutako bere ekoizpen baterako Bisquerten lankidetza izan zuen. Gainera, Kareletik, 80ko hamarkadan euskaraz filmatutako lehen euskal film luzea interpretatu zuen. 1988an Francesc Bellmunten Un negro con un saxon eta 1989an Antton Ezeizaren Ke arteko egunaken lan egin zuen.

90eko hamarkadaz geroztik, ustekabean, bere ibilbidea gainbeheratze motelean hasi zen. Ferrán Llagosteraren Terranova (1990) edo Koldo Izagirreren Amor en off-Offeko maitasuna (1991) legezko funtzionatu ez zuten filmetan paper garrantzitsuak izan zituen. Josetxo San Mateoren Entre dos fuegos (1998) ETBko seriea ere egin zuen. Baina serie horrek ere ez zuen euskal publikoan arrakastarik izan. 2000az geroztik Montxo Armendarizen Silencio roto (2001) edo Koldo Serraren Bosque de sombras (2006) bezalako filmetan inola ere 80ko hamarkadan aktore horrek bizitako ospe egunak gogorarazten ez dizkiguten agerpen txikiak izan zituen.

2009an bigarren mailako papera erdietsi zuen, laburra baina trinkoa, urte horretan Espainia osoan arrakasta handia izan zuen Daniel Monzon-en Celda 211 filmean alegia. Bestelako antzezlanetan egin duen bezalaxe oraingoan ere ETAko kide baten papera hartzen du, preso dago Espainiako kartzela batean, beste bi lagunekin eta matxinada bortitz baten erdian murgilduta daude.

2010ean Cuéntame cómo pasó telesail ospetsu eta arrakastatsuan parte hartu zuen, Adiós imprenta, adiós titulupean emandako kapituluan hain zuzen ere. Hurrengo urteetan ere lanean jardun da, Juan del Río-ren zuzendaritzapean Nadie se mete con Acuña (2011) eta My place in the Woods (2013) laburmetraietan.