Ikertzaileak

Zavala y Acedo, Manuel José de

Villafuertesko III Kondea.

Ordizia, 1772ko azaroak 7 - Atzo, 1842ko urriak 6. Manuel Jose de Zavala XIX. mendearen lehen erdiko politika-bizitzan gipuzkoar patrizio aipagarrienetariko bat izan zen. Gainera, bere izena eta ospea iraunarazi duten ea ikaragarrizko aberastasuna -eta baita gutuneria eta liburutegiak ere- biltzea lortu zuen.

Askoz ere ezezagunagoa da, hala ere, industria modernoaren eta zientzia-arloekiko izan zuen -berton gehien nabarmenduko duguna- zaletasuna.

Sendia ospetsu eta aberats bateko kide (Jose Francisco de Aramburu bere ahaidearengandik Villafuertesko Konde titulua jarauntsi zuen), Zavalak, bere statusak eskatzen zuen bezala, hezkuntza ezin hobe jasan zuen, lehenbizi bere hezitzaile zituenengandik, eta, gero, agian, Bergarako Seminarioan. Bertan, izatez, ilustratuen oldozmenaz jantzi zen, gerora, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izatera eramanez eta, azkenean Azkoitiko zaldunen ondorengo belaunaldiarekin identifikatzera alegia. Bere heziketa ilustratutik, Frantziaz gain, bere erreferentziadun aberria, zientziekiko, bidaiekiko eta industriarekiko egonezintasuna gelditu zitzaizkion.

Ez zitzaizkion Zavalari, bere bizitza guztian zehar, diru-sarrera eta orube-ondasunik falta. Bere bizitzan zehar 6 maiorazko izatera iritsi zen, gehienak Oria ibaiaren erdiko arroan kokatutakoak eta, besteak beste, baserriak, burdinolak, mendiak eta jauregiak baitaratzen zituztenak (bost maiorazkok urtero 74.783 errealeko errenta ematen ziotela uste da). Denboraren joanean Gipuzkoako aberastasun ikaragarrienetariko bat izatera iritsi zen (izatez, hiltzean, 1842an, bi miloi errealetik gorakoa zen).

Zavala nabarmendu zuten ekonomia-ondarea eta aristokrazia ukituak, egindako gizarte-adiskideez gain, gazte-gaztetatik kargu politiko eta publikoak bete izatea erraztu zioten. Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izan zen hainbat alditan. Urteak geroago, krisialdi soziopolitiko garaian, lurraldeko buruzagi politiko (1820-23), erreinuko Prócer (1834) eta Gipuzkoako Korrejidore (1840) karguak izan zituen. Gainera, lehen guda karlistaren azken aldian, bere garaiko Gipuzkoako oligarkia foruzale eta terratenientearen leitmotiv zen "Bakea eta Foruak" mugimenduaren eragileetariko bat izanez parte hartuko du. Hain zuzen ere, bere kidetasun liberalak (gerora kontserbadoreagoa zen fuerismorantzako garapena izango du) 1823tik 1826ra bere jakintza-iturburu izango denera eramango du (zeharretara eta era tragiko batez izan bazen ere): Frantzirako atzerria -San Luisen ehun mila semeen inbasioaren ondoren- eta bere Parisko kultura- eta zientzia-unibertsoan erabat murgildu izana. Hiriburu galoan, Zavalak eta bere semeek (Inazio eta Ladislao) euren zientzia-jakintza aberastu egiten zuten, ospe handia zuten Thénard (kimika) eta Alex Brongniart (mineralogia), irakasleak Sorbonako Unibertsitatean ematen zituzten ikasturteetan matrikulatuz.

Zavalaren bizitza intelektuala nabarmendu zuen artegatasun zientifikoaren neurria bere kimika ikerketetarako laborategi pribatu (edo chimie-laborategia) txiki bat Tolosan ezarri gura izanak ematen digu. Horrela, bere ikerlanak "a la aplicación -idazten zuen Breguet frantziar erlojugileak- de la Quimica, a las Artes útiles, y especialmente..., a la Docimasia y Mineralogía del hierro, que es un asunto de máximo interés en este País" helburura bideratu nahi izan zituen. Hori zela ta, Darracq-i -garai jakin baten Zavalaren beraren irakaslea izandako Louis Nicolas Vauquelini (1763-1829) lotutako Daxeko farmazialari bat- tresneria eta objektuak, besteak beste grabigailu bat, goniometro bat eta termometro batzuk, igortzea eskatu zion. Frantziako material eta erreaktiboak izan ziren Tolosako Aranburu Jauregian garatutako ikerketetarako erabilgarri zirenek. Baina, Frantzian eskuratutako natura-zientziekiko aldizkari eta liburuak nagusi ziren liburutegi aberats batez osatutako laborategi oso fidagarria izan omen zen. Eta "omen" diogu zeren bere laborategi eta liburutegia, bere altxorrak, lapurreta baten ondorioz, galdu egin baitziren. Eta eurekin batera, bere eskutitzetan hainbatetan aipatzen zituen mineral-bilduma zaindua eta meteorologia-behatokia ere. Agian Zavalaren kasuan -bere ibilbidea, esan beharra dago, unibertsitate- esparrutik at garatua ( ez akademikotik; Baskongadako kide oso izan eta zientzialari eta irakasleekin gutun ugari izan zuen)-, bere jakimin-intelektuala eta ikusmira-zabaltasuna bere industria- eta gizarte-beldurrak bultzatu egin zuten.

Eta arlo honetaz jardun nahi genuen, bere politikagintzako ibilbide merituduna azpimarratzeaz gain, hasieran Zavalaren nortasunari buruzko aipamena egitean. Brongniart geologo ospetsuarekin eta baita beste pertsonai entzutetsu batzuekin ere izan zuen gutuneria irakurtzean, norbere buruari Zavalaren geologia- eta meatze-ikerketetarako interesaren benetako, eta ezkutukoak zalantzarik gabe, arrazoiak zeintzuk zirenaz galde egiten dio. Egiatan, Alzolaras burdinolaren jabe izan zen eta, jabe bezala, teknika berrien bitartez ekoizpena gehitzea nahi zuen, eta, garrantzitsuagoa zena, bere negoziotik haratago oro har euskal siderurgiaren atzerapena bideratzeko ahalegina egin zuen. Alde batetik, Brongniarti egindako itaunen bitartez, burdina aurkitzeko hain garrantzitsuak ziren harri-ikatzaren meategiak aurkitzea zuen helburu. Bestetik, Ingalaterran ekoizpenak ikatz mineralari esker gora egiten zuen neurrian, Zavala eta bere kideek egur-ikatzaren aldekoak ziren, aukeraketa hori -bestalde ez oso ezeztaezina- Frantziako esparru handi baten etekina hobetzeko erabilitako bideetariko bat hori zena aipatuz zuribidetu nahi bazen ere.

Azken baten, Zavala jakintza-arloetan modernoa izan zena ikus dezakegu, baina zaharkitutako tekniken alde ekin zion. Eta, egian esan, euskal siderurgiaren krisialdiak luzaro jo zuen, jakina denez, hainbat hamarkadatan zehar, burdin eta altzairuaren ekoizpenerako Bessemer sistema eta egur-ikatzezko labe garaiak, arrazoi ugariengatik, bizkaitar burgesiako sektore jakin batek sartu zituenera arte. Orotara, "ingeleserako" teknika izan zen, azkartasunez, nagusitu zena. Oraingoari dagokion Zavalaren kasuan eta euskal siderurgiarekiko bere konpromisoak, geologia- eta zientzia-zorroztasunetik abiatuz meategi mineralen osaketa azaldu zezaketen printzipioen bilketak alegia, burdin metalikoa ekoizteko oportunismoarekin -azken baten etekinagatik zuritua- topo egin zuen.