Dantza

Bizkar-dantza

Bizkardantza (edo Ipurdidantza, izen honekin ere ezaguna baita Baztango hainbat herritan: Amaiur edota Aniz, esaterako) Joku-dantzak edota Irridantzak izeneko dantzen esparruan sailkatzen da. Beste irri-dantza askoren antzera, hemen ere dantza baino gehiago joko bat daukagu, bere helburua gazteen denbora pasa edo haien arteko lehia delarik. Gaur egun aiseago aurkituko dugu dantza hau dantza taldeen errepertoriotan bere berezko giroan baino: taberna, etxeko ospakizunak... Heldu zaigun dantzatzeko erarik ezagunena Baztango Bailaran egiten dena da.

Jokoa bi dantzariren artean egiten da. Aurrean dagoena lasto edota paper bat eramaten du gerrikotik edo galtzatik zintzilik, eta bere atzetik ibili behar dena sua ematen saiatu behar da. Dantzariak ttottoriko ibiliko dira saltoka musikaren erritmora (6/8). Mugimendu azkarren bidez, edo jauziak eta bueltak emanez, aurreko dantzaria saiatuko da atzetik zintzilik daraman lastoa edo papera atzekoak piz ez dezan. Melodia jotzen da etengabe eta jokoa bukatzen da atzekoak lastoa pizten duenean ala amore ematen duenean.

Dantza honek antza haundia dauka beste herri batzuetan egiten diren dantza batzuekin. Nafarroako Erriberaldeko Ablitas herriko Baile del Plego dantzaren kasua eta Otxandioko Ezetz ixetukoa-Baietz ixetukoa dantzarena ere.

  • ARRARÁS SOTO, Francisco. Danzas e Indumentaria de Navarra. Merindad de Pamplona, II. Iruña: Institución "Príncipe de Viana", 1987.
  • Joko-dantzak. Dantzanet. [Kontsulta data: 2011ko irailak 5].