Zinekoak

Yoyes

Enrique Cerezo P.C., Mact Productions eta Marvel Movies produkzio-etxeek produzitu zuten filma, 2000n. Berarekin hasi zen film luzeen zuzendaritzan Helena Taberna.

Filmak Yoyesen irudia birsortzen du. Yoyes ETAko kide mitiko bat izan zen. Bere kideek hil zuten, 1986an. Tabernak flash backen bidez eraiki zuen filma, eta, horrela, oso era harmonikoan batzen ditu Yoyes ETAn sartu zen garaia eta hark erakunde armatua utzi zuen unea. Erakundetik irten zenean, Yoyes Parisa itzuli zen Mexikoko erbestetik, eta, gero, Euskal Herrira. Hortxe topo egin zuen bere patu tragikoarekin. Emozioz betetako obra da. Ikusgarria. Ildo horretan, aipagarria da Aizpea Goenagak eta Asier Hernández Landak osatzen duten Pietà ederra, GALen atentatuaren ondoren, edo Yoyesen sekuentzia onirikoa, Parisen eman zuen azken gauan. Sekuentziak laster datorren zorigaitza iragartzen dio ikusleari: zaldi bat lauhazka dabil pilotaleku batean, eta bi ahari buruk elkarren kontra talka egitean hausten da irudi eder hori. Aipagarria da azken eszena osoa ere: muntaketa paralelo batean, pilotalekuko pilota jokoa eta Yoyesen heriotza batzen dira. Tabernak egitura klasikoko filma egin zuen. Bilatzen zuen, batik bat, ikusleek erraz bereganatzea istorioa, eta, bidenabar, haiek euskal gatazkaz hausnartzea. Zinemagileak irudia erabiltzeko daukan talentuaz gainera, Yoyesek baditu beste dohain batzuk ere. Angel Illarramendik konposatutako musika osagarri bikaina da obra berez lirikoarentzat. Pertsonaien eraikuntza dramatikoa oso ongi landuta dago gidoian, eta antzezleen interpretazioa aparta da. Ana Torrent, adibidez, bete-betean sartzen da Yoyesen larruan, eta eraginkorki konposatzen du paper konplexu bat. Florence Pernel, Iñaki Aierra (Argi), Ramón Langa (Koldo), eta Gonzalo Gonzalo (Zaldu) ere primeran ari dira. Tabernak oso era delikatuan esploratzen du mundu femeninoa -Yoyesek gizonek kontrolatutako mundu batean moldatu behar izan zuen-, eta horixe da filmaren beste lorpenetako bat. Espainiar Zinemarekiko Europako Lehen Topaketan (Lanzarote, 1999) aurkeztu zuten Tabernaren obra.

Oso konplizitate bizia lortu zuen ikusleekin eta kritikariekin. Horregatik, Espainiako film ikusienetako bat izan zen 2000n. Yoyesek problema nagusi bat eduki zuen: zuzendariak ETAren borroka armatua eta Felipe Gonzálezen gobernu sozialistak abiatutako gerra zikina salatu zituen aldi berean. Horren ondorioz, erasoak jaso zituen, bai indarkeriaren aldeko euskal abertzaleengandik, bai PSOEren inguruko komunikabideengandik. Edonola ere, kritikak, oro har, ozen aitortu zuen euskal zuzendariaren talentua. Filmak, gainera, karrera emankorra izan zuen zinemaldietan. Eta sari gehiago ere jasoko zukeen, segur aski, ETAren eta GALen aurkako mezua hain deserosoa gertatu ez balitz. ETAk su-etena haustearekin batera etorri zen, gainera, filmaren estreinaldi komertziala. Horrek ez zion batere lagundu, noski. Honako hauek ere eskuratu zituen Yoyesek: Publikoak Film Onenari emandako Saria, Iruñeko Zinemaren eta Emakumearen Nazioarteko XII. Zinemaldian (2000); lau sari, Frantziako Tolosako XII. Cinespaña Jaialdian (2000); hiru sari, Viña del Mar-eko XIII. Zinemaldian (Txile, 2001); Epaimahaiak emandako Film Onenaren Saria, Mazatlango (Mexiko) Nazioarteko Zinemaldian; Opera Prima Onenaren Saria, Cartagena de Indias-eko (Kolonbia) Nazioarteko XL. Zinemaldian, eta Publikoak Euskal Film Onenari emandako Saria, Gasteizko Euskal Zinemaren XVII. Astean (2001). 17 sari baino gehiago bildu zituen. Horri esker, nazioarteko zinemaldietan gehien saritutako espainiar filmetako bat bihurtu zen 2000n. Eta ETAn eta Euskal gatazkan zentratutako zinemaren funtsezko erreferentzia.



  • Rodríguez, María Pilar: Mundos en conflicto: Aproximaciones al cine vasco de los noventa, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Universidad de Deusto, 2002, 284 or
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.