Ingeniariak

Vicuña y Lazcano, Gumersindo

Ingeniari eta fisika-matematikari portugaletetarra. La Habana, 1840-1-13 - Portugalete, 1890-09-10

Eskoriatza eta Portugaleteko jatorridun gurasoak edukiz, 1840ko urtarrilaren 13an bere sendiak atzerriratu beharra izan zuen La Habana-n jaio zen, laster portugaletetar hiribildura etorri zen arren. Batxiler ikasketak Bilboko "Instituto Vizcaino"-ri atxikitako Bizkaiko Ikastetxe Nagusian egin zituen, bertan bere jakin-nahi eta argitasunagatik nabarmenduz.

Geroztik, Madrilen -gizarte mailan ospetsua zen- ingeniaritzetatik apalena zen industria-ingeniaritza ikasketak egin zituen eta ikasketok Unibertsitate Zentralean Zientzia Doktore tituluarekin osatu zituen.

Bere nota apartek bermatuz, 1863an Frantzian, Ingalaterran eta Belgikan zientzia eta teknika egoitza batzuk bisitatzeko Gobernuaren pentsio bat jaso zuen. Etortzerakoan, Anales de Física y Quimica Pura y Aplicada izenekoan -bere arloan lehen espainiar aldizkaria- bisitatutako laborategiei buruzko (bereziki Pariskoei buruz) gorazarrezko aipamenak egin zituen, bere bizitzan zehar izango zituen hitzaldietan berresanez ekingo zion aipamen mota izanik.

Behin graduatu ondoren, 1865ean, Bikuñak, ingeniaritzari beharrean irakaskuntzari heldu zion, Madrilgo Zientzia Fakultatean irakasle supernumerario bezala jardunaz, eta, 1869an, fisika matematikoari buruzko katedragatiko zudua agertu zuen. Doktoretza irakasgaia zen eta Unibertsitate Zentralean besterik ezin eman zitekeen; Bikuñak plaza atera zuen.

Espainian fisika eta matematikak garai hartan zuten atzerakuntza gorabehera, zientzia horiek nola edo hala landu zituzten -ohikoa zenez, ingeniariek- pertsonaiak ditugu. Hori bai, gizaseme horien irakaskuntza ekimena nolabait azpimarratu beharko balitza, Bikuña barne, hitz molderik egokiena originaltasunik gabekoak izango litzateke. Esleitzen zitzaien lana, eta beraien baliabide urriak eskaintzen zizkiotena, batez ere, irakastea zen, oro har izaera aurreraturik gutxi zuen irakaskuntza, argitalpenen maila eta mota baldintzatzen zuena, argitalpenok atzerriko iturrietatik hartutako materialekin osatutako testuliburuetara mugatzen baitziren. Irakasteaz gain, beste zeregina, hau aukerakoa, beste lurralde batzuetan egindako aurrerapenei buruzko argibideak ematearekikoa zen; eremu honetan izan zen, Bikuña gehien nabarmendu zen arloa, zientzia -teorien hedapenean alegia. Bide horretan bi dira nabarmentzen diren lanak. 1872an termodinamikari buruzko hitzaldi bat eman zuen, Clausius-en gasen teoria azalduz -gaia, orduan, fisika molekularrean gaurkotasunezkoa-, eta lurrun-makinen praxia eta teoriarekin ingeniariek ohitzeko lagungarri izan zena. 1833an, Maxwellen elektromagnetismoa Espainian sartzera datorren lehenbiziko lantzat aintzat hartua den bere Introducción a la teoría matemática de la electricidad, argitaratu zuen. Egia esan, lanon garrantzia ez zegoen beraien modernotasunean, (modernoak -ez gehiegi baina-, batez ere bere garaiko testuliburuekin erkatzen baditugu), fluidoen ezin neurtuzko teoriak azaltzeari utzi eta teoria bateratu modernoengatik ordezkatuak izan zitezen lagungarri izateaz gain teoriok ondorengo urteetan industria-garapena markatuko zuten fisikaren teknika-aplikazioetan indarra jartzean baizik.

Bere garaiko ikerketa-beharrizanen formulazio zehatzentzat onartuta dagoen bere Cultivo actual de las ciencias físico-matemáticas en España, irekiera-hitzaldia ere aintzat hartu gabe ezinezkoa da Bikuñaren nortasunaren nondik norakoa balioestea. Bikuñak 1875-1876ko Unibertsitate Zentraleko ikasturtea zabaldu zuenean, Manuel de Orovio Sustapen Ministro kontserbadoreak Lehen Errepublikan zehar Zientzia Fakultateak modernizatzeko helburua zeukan 1873ko Plan Chao izenekoa kendu berri zuen. Plan hau hiru Fakultate mota sortzearen aldekoa zen: (Matematika, Fisika eta Kimika, eta Historia Naturala), XVIII. mendearen erditik fisika europarra jasaten zetorren matematizazioari erantzunez, ikerkuntzara bideratutakoak. Handik askoz geroagora, XX. mendearen baitan baino ez zen ikerkuntza espainiar unibertsitateek eurei zegozkien eremu guztietan sustatu beharrekoa zuten praktika bezala izan behar zutenik ulertuko. Bikuñaren hitzaldia, zeukan salaketa kutsuagatik garrantzitsua izan zen, azken baten zientzia-praktikaren bitartez europartzearen aldarrikapena egitera baitzetorren. Europartze horrek doktrina eskolastikoaren pean zegoen bigarren mailako irakaskuntza ere berregitea zekarren; horrela alemaniar erako "en cuyos gimnasios se profesan ciencias que aquí se reservan para las Universidades" eta baita Frantzian eta Alemanian zeuden bezalako "Lanbidezko Eskola" sortuz ere premiazko erabateko eraldaketa egitea zegoen.

Fisikaren historiari buruzko esparruan, Bikuña espainiar zientzia-teknika arloaren atzerakuntzarekiko eta gabezia hori atontzeko neurrien inguruko hitzaldi kritiko orekatuagatik batez ere gogoratua izango da. Bere berrogeita hamar urteko bizitzan zehar, hala ere, hamar bat liburu argitaratu zituen eta eduki matematiko garbia zutenetik hasi eta gizarte-ekonomia eta teknologia edukia (eleberri bat ere, La carcoma, egin zuen, bertan Bilbon guda karlistaren ondorengo borrokak eta iskanbilak adieraztera emanez) zuten gai ezberdinei buruzko 70etik gora artikulu ere idatzi zituen. 1882an, gainera, merkataritza eta ogasuna, nekazaritza, arte eta zientzia arloetara bideratutako La Semana Industrial aldizkaria sortu zuen.

Kuriosoa da Bikuñaren izena 1876tik 1890era bitartean, alderdi kontserbatzailearen politiko bezala jardunaz eta bere -eta beste askoren- aurkakotasuna izan arren Euskal Herriko betidaniko Foruak indargabetu (gaiak bere alderdi bereko lehendakariarekin aurrez aurre jardutera ere eraman zuen) ziren aldi baten Balmasedatik hamalau urtetan ahaldun izanaren eraginez politika-historiaren liburuetan ezaguna izatera heldu izana. Madrilen foraltasunaren alde jarduteagatik, Bizkaiko Jaurerriak lurraldeko aita izendatu zuen.