Kontalariak

Vélez de Mendizabal Azkarraga, Josemari

Mendiaga

Arabako Aramaion jaioa 1949ko irailaren 27an.

Donostiako ESTE-ren Enpresa Zientzietako Lizentziatua (1972) eta Deustuko Unibertsitatearen Ekonomia Lizentziatua (1979) Arrasaten bizi da.

ESTE-n ere ekin zion euskara ikasteari eta ordudanik euskarazko ekoizpen literarioaren inguruan ibili da. 1973-1976 urteetan Arrasateko Gau Eskolan irakasle lanetan ihardun zuen.

Zenbait enpresatan lan egin ondoren 1975ean Arrasateko Unión Cerrajera S.A-ra igaro zen eta bertako Zuzendari izendatu zuten 1987an.

Eusko Jaurlaritzaren lehen Kultura Sailburuordea izan zen (1983-1985), Euskararen Aholku Batzordeko kidea (1983), Euskaltzaindiko Euskaltzain Urgazlea (1983), Euskal Idazleen Elkartearen sortzaileetariko bat eta lehen Idazkaria (1981), Euskal Idazleen Elkarteko Lehendakaria (1985-1989), EHAE-RSBAPko kidea (1988), Aramaioko Seme Kuttuna (1998).

Eusko Ikaskuntzaren Zuzendari Kudeatzailea izan da (1994-2010). 

Zeruko Argia aldizkarian hasi zen publikatzen bere artikuluak 1974an, Mendiaga izenordearekin, eta ordudanik Euskal Herriko ia-ia aldizkari eta egunkari guztietan idatzi ditu, baita kanpoko batzuetan ere bai. Ehunka artikulu argitaratu ditu, gehien bat euskal kulturari buruz.

Irun Hiriaren 1976an Epaia bere idazlan laburrarekin bigarren saria eskuratu zuen.

Harrez geroztik publikatu ditu:Sebero Altube (1979), Iokin Zaitegi (1981), Pedro I de Barrutia (1983), Zeu zara, Carmen (1984), Laionepan kantari (1984), Euskal Idazleen Katalogoa (1987) Amuarrantza (1987), Sixties (1988), Gure aitaren etxea (1988), Eduardo Chillidarekin lankidetzan; Yehuda (1992), Moskuko Gereziak (1995), Gerardo López de Gereñu (1995), Nire haurtzaroko Arrasate (1995), Gaizka Barandiaran (1997), Samurai berria (1998), Mende laurdenean (1999); Maalako errebala (2000), Bizi izan juat (2000); Sebero Altube (2001) José Mari Azkarraga Mozo "Lurgorri", bere bizitza eta idazlanak (2003), Aramaio eta Arrasate (2003), Ullibarri Ganboa (2005), Juan Garmendia Larrañaga. Solasean (2005), Jose Luis Iñarra. Arrasateko erretorea (2006), Ama Cerrajera (2007), Sabin Salaberri (2008), Badok 13 (2008), 1949 urtea, Arrasate eta mundua (2009), Odon Apraiz (2010).

Bestalde, antzerkirako lan bereziak idatzi ditu. Eskuak elkarri (2004an antzeztua), Iragana iragan (2010an antzeztua). Eta egokitu zuen Barrutiaren Actto para la Nochebuena (2006 eta 2007an antzeztua).

Arrasate Press y Arrasate Telebista-ren gisako proiektuetan parte hartu zuen hastapenetatik. Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa eta Euskomedia Fundazioa sorrarazi zituen 2001ean.

Eusko Ikaskuntzaren Euskonews aldizkari elektronikoaren sortzailea izan zen 1998an eta zuzendaria.