Arkitektura

Tola Jauregia. Elorrio

XVII. mendeko arkitektura zibilaren esparruan, eta zehazki barrokoa bezala izendatzen dugun estiloan, jauregia izan zen eraikin eredu nabarmenetako bat.

Tipologia honetan, Bizkaiko lurraldean, adibide garrantzitsuak aurkitzen dira, esate baterako, Elorrio hiribilduan. Jakina denez, XVII. mendeko hasieran eman zitzaion hasiera harresiz kanporako hedapenari eta honekin batera hirigintzaren garapenari. Ekonomikoki, bai Ameriketatik ekarritako ondasunei esker, bai Madrilgo administrazioan lan egiteari esker -Austriarren garaian-, Elorrioko familien aberastea hasi zen. Hau guztia islatzen da arkitektura zibilaren hedapenean, bereziki, Tola bezalako jauregietan.

Elorrioko adibideen artean Tola jauregia eraikin interesgarrienetako bat da. Elorrioko bidegurutze batean kokatzen da, Arkitekto Kapelastegi, San Vicente eta San Juan kaleen artean, hain zuzen ere. Jauregiko orubea leku pribilegiatu batean aurkitzen da, izan ere, landa inguruek eta Orrio errekak mugatzen dute kokalekua, hiribilduko sarreran.

Betidanik, Tola orubea oso preziatua izan zen Elorrio hiribilduan. Jauregia eraiki baino lehen, XVI. mendean, bertan Urkizu leinuaren dorretxe bat zegoen eta XVII. mendean, 1680.ko hamarkadan zehazki, Agustin de Urkizu Kapitainak bultzatu, sustatu zuen jauregi berri honen eraikuntza.



Estiloari dagokionez, Tola jauregiaren eraikuntzan, beste jauregi batzuetan gertatzen den bezala, Erdi Aroko dorretxeen ezaugarriak eta berpizkundeko osagai estrukturalak konbinatzen dira baina, XVII. mendean eraiki arren, ez dira agertzen barrokoaren berezko dekoraziorik eta egitura elementurik, barruko eskailera nagusian izan ezik. Ondorioz, monumentaltasuna eta apaingarri gutxikoa izatea dira bere ezaugarri nabarmenenak.

Etxaleku hau tamaina handikoa da (420 metro karratu inguru eraikita), eta orube itxita batean altxatzen da, alegia, jauregiaren alde guztiak libre daude, horregatik eraikuntza solte handi bat da. Tola jauregiak oinplano karratua dauka eta Euskal Herriko iparraldeko tradizioari jarraiki, ez zen barneko patiorik egin, hortaz, bere egiturari dagokionez, oinplano aglomeratu eta karratukoa da. Hiru solairutako prisma kubikoa da, lau isurialdeko teilatuz eta argizulo karratu batez estalita.

Euskal Herriko iparraldeko jauregi gehienetan harria da eraikuntza material nagusia eta kasu honetan ere hala da. Esan daiteke harlanduzko egitura bikaina duela, bereziki, fatxada nagusian eta hegoaldera begira dagoen fatxadan, aparailua isodomoz egina baitago. Beste biak, aldiz, harlangaitzez gauzatuta daude baina, oro har, eraikina osoa kalitate maila altuaz landuta dagoela nabaritzen da. Kanpotik jarraituz, bere elementu nabarmenenak dira Erdi Aroko dorretxetan jatorria duten angeluetan kokatutako lau garitoi zilindrikoak.

Dena den, ezaugarri adierazgarrienak fatxadan biltzen dira, bereziki, fatxada nagusian. Aipatu dugun bezala, hiru pisu ditu eta solairuak horizontalki harlandu lauzen moldurei esker bereizten dira. Lehenengo pisuan bi bao angeluzuzen eta ataria edo eraikinaren sarbidea kokatzen dira; bigarrenean, hau da, planta noble dena, forjaz eginiko hiru balkoiak ateratzen dira, balkoi nagusia nabarmenduz, hiru baokoa baita eta familiaren armarria bere gainean baitago kokatuta; eta hirugarrenean, beste hiru bao angeluzuzen irekitzen dira. Hortaz, fatxada honek hiru ardatz dauzka bertikalean eta beste hainbeste horizontalean, hiru bider hiruko sare bat osatuz. Antolaketa honetan erdiko ardatz bertikala da nabarmenena, ataria-balkoia-armarriaren bidez osatuta dagoena. Beste osagai deigarri bat aurreratzen den teilatu hegala da, zurburu landutaz egina dagoena. Fatxada honen aurrean burdinesi batez babestutalorategi bat kokatuta dago.

Hegoaldeko fatxadak beheko solairuan erdi-puntuko arku bikien zatien arrastoak ditu sarbidean, baserrietan zabaltzen ziren bezalakoak, baina gaur egun erabat moldatuta daude, moztuta eta angeluzuzen agertzen baitira. Bigarren solairuan, kantoiko balkoi irtena eta bertan izugarrizko kalitatea duen forjaz eginiko lanak dira osagai aipagarrienak. Hirugarren solairuan berriz, osagai bereizgarriena erdian kokatzen den loggia edo galeria da, toskanar ordenako zutabeen gainean dauden hiru arkudunen bidez zabaltzen dena. Fatxada honen aurrean jauregiko lorategi nagusia hedatzen da, barroko garaiko arauei jarraiki. Beste bi fatxadak xumeagoak dira, harlangaitzez eginak, eta bao angeluzuzen simetrikoez antolatuta, apainketarik gabe.

Barrokoko eraikuntza askotan gertatzen den bezala, jauregiaren barruan, erdian kokatutako eskailera da barnealdeko gelak antolatzen dituen osagaia. Dena den, gaur egun Tola Jauregian dagoen eskailera ez da berezkoa, XVIII. mendean moldaketa batean egina baizik. Eskailera estaltzen da koloretako argizulo karratu baten bidez eta teilatuaren gainean beste argizulo bat zabaltzen da.

Gaur egunean, Tola etxalekuaren kontserbazio egoera ona dela esan daiteke. XX. mendean, 1918 urtean, jauregia Tola Gaytán leinura pasa zen eta gaur egun haren jabetzan jarraitzen du; eraikina Monumentu Historiko Artistikotzat jo zuten 1978. urtean. 1920 urtean birmoldatu zuten eta lan hauen emaitza nabaria da barnealdeko espazioetan, batez ere, eskailera nagusian. Barruko elementuek, hau da, eskailerak, altzariak eta osagai apaingarriak, etxekoen handitasuna adierazten dute, baina antzinako handitasunaren arabera, alegia, neurritasun handiz eta gustu onarekin. Hau guztiagatik, Tola jauregia Bizkaiko arkitekturako altxorretako bat dela esan daiteke.

Tipologia honetan, Bizkaiko lurraldean ere beste adibide garrantzitsuak aurkitzen dira, esate baterako, Hurtado de Amezaga Gueñesen, Solartekua Markina-Xemeinen, Urrutia jauregia Balmasedan, Uriarte jauregia Lekeition eta Valdespina jauregia Ermuan. Elorrion bertan ere nabarmendu beharrekoa da, Tola jauregiaz gain, Arespakotxagak, Casajarak, Urkizuk, Araiok, Lekerikak, Larizek, Arriolak eta Iturrik, besteak beste, osatzen duten zerrenda.

  • BARRIO LOZA, J. A. (Dir) Bizkaia. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura histórica. 3 volúmenes. Bilbao. 1989-1991.
  • BARRIO LOZA, J. A. (Dir) Monumentos nacionales de Euskadi. Tomo III: Vizcaya. Departamento de Cultura del Gobierno Vasco. Zamudio: Elexpuru, 1985.
  • FERNÁNDEZ ALTUNA, José Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • LEIS ÁLAVA, A. I. "Arquitectura residencial culta en la villa de Elorrio". Cuadernos de Artes Plásticas y Monumentales. Ondare 24. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2005.
  • VV. AA. Guía del patrimonio histórico artístico y paisajístico. Editorial Etor.