Petrikiloak

Telleria Uribe, Jose Francisco

Petrikilo. Gipuzkoar sendalaria, familia-tradizio handikoa. Haren ezizena ezaguna egin zen Zumalakarregiren heriotzarekin izan zuen loturagatik.

Zerainen jaio zen 1774an, Arene baserrian. Aitari artzain-lanetan laguntzen zion, eta harengandik ikasi zituen anatomia eta "kirurgia" oinarriak eta botanikari buruzko ezagutzak, gero erabilgarri izango zituenak.

Gaspar de Jauregiren ("Artzaia") gipuzkoar batailoietan petrikilo izan zen Independentzia Gudan, eta Tomas de Zumalakarregi ezagutu zuen, orduan buruzagi gerrillariaren laguntzailea zena. Medikuntzan titulurik gabe jardutea debekatzen zioten salaketa eta agindu ugari jaso zituen; baina ez zien jaramonik egin, eta Napoleonen kontrako gudan zaurituei emandako arretek Gipuzkoa osoan ospetsu bihurtu zuten. 1808 eta 1809 artean, ospitale-mandatari izan zen bere jaioterrian.

Halaber, Zerainen ordezko errejidore joan zen Donostiako Batzarretara, altxorzain izan zen 1814an eta "bula biltzaile" 1817an, eta 1821etik 1823ra, Goierriko hiribilduaren alkate konstituzionala.

1827an, Kirurgiako Errege Batzar Goreneko azpiordezkariak beraren kontrako espedientea abiarazi zuen berriz ere. Aitzitik, Probintziak Telleria babesten zuen, eta haren aldeko adierazpen ugari jaso zituen Batzarrak. Azkenean, lokadurei eta hezur-hausturei buruzko azterketa "euskal hizkuntzan" egitea onartu zuen, hezur-espezialitate horietan baitzen ospetsu Petrikilo. Madrilek ez zuen proposamena onartu, eta berrogeita hamar dukateko isuna ezartzeaz gain, medikuntzan jardutea debekatu zion.

Zumalakarregi jeneralari egindako ebakuntzarengatik gogoratua izan da. Begoñan zauritu zuten 1835eko ekainaren 15ean, karlistek Bilbo setiatuta zutela. Teodoro Gelosek artatu zuen lehenbizi gipuzkoar militarra, Burgess izeneko ingeles kirurgilari batek gero, eta baita Vicente Gonzalez de Gerediaga ejertzitoko medikuak ere. Azken hori izan zen gertakari horiek guztiak jasota utzi zituenak. Hankaren egoerak izuturik, buruzagi karlistak Telleria deitu zuen, harekin konfiantza eta adiskidetasun handiak baitzituen Napoleonen kontrako gerrillaren garaietatik. Petrikilok Boluetako kuartel nagusitik Zegamarako (Gipuzkoa) bidaian artatu zuen Zumalakarregi. Hala ere, bala modu txarrean erauzi izanak eta medikuen trakestasunak jeneralari heriotza eragin zioten.

Petrikilo, bere herrira itzuli, eta bertan beste zazpi urtez bizi izan zen, hil arte. Oñatitik zetorrela, Udanako aldapan zendu zen, 1842ko abuztuaren 11n, Inunziasa izeneko lekuan. 1949an, gurutze bat aurkitu zuten errepidearen arekan, Petrikiloren heriotzaren oroigarri zena. Benito Perez Galdosek Zumalacárregui liburuan aipatzen du (Episodios Nacionales bildumaren III. liburukia, 1892).