Zinema eta antzeztokiak

Campos Eliseos Antzokia

XIX. mendearen bukaeran, historizismo estiloa gainditu ondoren, modernismo mugimendua indartu zen pixkanaka panorama arkitektonikoan. Lerro kurboak, bihurdura asimetrikoak, eta landareetan eta organiko itxurako formetan inspirazioa dira joera berri honen ezaugarri nagusiak.

Burgesia estilo honen bezero garrantzitsua izanik, arkitekura zibil esparruan era guztietako eraikin berrien beharra sortu zen, hala ere, arreta berezia merezi dute etxebizitza, kafetegia eta antzoki tipologiak.

Euskal Herriko arkitekturari dagokionez, sentikortasun modernista berandu sartu zen eta eraikineko fatxadetan, hau da, azaleko eragina baino ez zuen izan. Beste arlo artistiko batzuetan, berriz, izan zuen eragina sakonagoa izan zen, adibidez, arte aplikatuetan, nabarmeduz, burdinan egindako lanak, beirateak, altzariak, oihalak, apaingarritarako paperak eta iragarkiak.

Hainbat eragin nabaritzen dira korronte arkitektonika berri honetan, bereziki, modernismo frantsesaren indarra baina ahaztu gabe Kataluniako berezko alderdia eta Vienako Sezesioaren oihartzuna. Euskal Herriko hiriburu guztietan modernismoaren inspiraziozko eraikinak altxatu ziren eta, beraien artean, aipatzekoak dira, adibidez, Iruñeko Ogasun Ministerioaren Ordezkaritza, Nafarroan; zenbait etxebizitza Julio Saracibarrek eta Fausto Iñiguez de Betolazak eginak, Araban; eta Donostiako Prim kaleko etxebizitzetako hainbat osagai eta xehetasun (atariak, begiratokiak, azulejoak eta beirateak), Gipuzkoan.

Bizkaiko lurraldean, Bilbon, bi eraikin kontuan hartu behar dira, Montero etxea eta, bereziki, Campos Eliseos Antzokia, Euskal Herriko modernismoren adibiderik onenetarikoa izateagatik.