Pintoreak

Tapia Ayestarán, Alejandro

1930eko azaroaren 26an Aginagan (Usurbil) jaiotako pintore gipuzkoarra.

Zaharberritzaile modura hasi zen lanean eta, aldi berean, aire zabalean pintatzen zuen eta Gipuzkoako Artisten Elkartean sartu zen. Bizitzan zehar bidaia ugari egin ditu, esate baterako, Paris, Madril (Arte Ederretako Zirkuluaren Akademia Librera joan zen), Italia, Londres, Belgika edota Holandan barrena.

Ur taldearen kide eta sortzaile izan zen beste pintore batzuekin batera (Javier Arocena, Carlos Bizcarrondo, Jose Gracenea) eta erakusketa ugari egin zituen haiekin 1974. urtera arte.

Sari hauek erdietsi ditu: hirugarren saria Artista Berrietan (Gipuzkoa, 1959); bigarren saria lehiaketa berean (1960); lehen saria lehiaketa berean (1961) eta Donostiako udako sari berezia urte berean, eta ohorezko saria hiri hartako Gabonetako lehiaketan (1962); Lezoko Elias Salaberria memoriala irabazi zuen 1968an, "Gure Artea" lehiaketan accesita 1983an, eta 1986an hirugarren saria lehiaketa berean; azkenik, 1987. urtean Donostiako II. Biurtekoan lehen saria eskuratu zuen eta Zarautzeko aire zabaleko Muralen lehiaketan lehen saria.

Erakusketa ugaritan (kolektiboak zein bakarkakoak) parte hartu du, nagusiki Euskal Herrian, baina beste hiri batzuetan ere izan da ikusgai bere obra, esate baterako, Madril, Paue (Frantzia), Caracas (Venezuela), Praga (Txekiar Errepublika) edo Mexiko Hirian.

Donostiako San Telmo Museoan eta Gasteizko Arabako Arte Ederretako Museoan bere lanak ikus daitezke.


Art Aretoa

Bere obraren lagin bat Euskonews aldizkariaren 526 zenbakiko Art Aretoa atalean ikusi ahal da.