Kulturalak

Udaberri Dantzari Taldea

Udaberri Dantzari Taldea bi apaiz sakramentino gaztek sortu zuten 1957an, Tolosan, Xalbador Garmendiak eta Felix Galdonak, hain zuzen ere. Helburua Tolosan garai hartan baztertuta zegoen euskal giroa bultzatzea zen. 10 urteko mutikoek osatzen zuten lehenbiziko harrobi hura eta lehen irakasleak Juanjo Mendizabal eta Joxe Ramon Yarza izan ziren, urte batzuk lehenagoko Tolosako ARITZ dantza taldeko dantzari ohiak. Lehenbiziko emanaldia Sakramentinoetan egin zuten, "Padre Provincial"-en aurrean; bertako gela batean egiten zituzten entsaioak. Hilabete batzuk geroago egin zuten lehenbiziko irteera: Ormaiztegira joan ziren, "Congreso Eucarístico"a zela eta. ARITZekoek utzi ondoren, Donostiako GOIZALDI taldearengana jo zuten apaiz hauek irakasle berrien bila. Handik, Alfonso Gandiaga eta Iñaki Gordejuela etorri ziren eta beraien eskutik zenbait emanaldi eskaini zuten Donostian, nahiz eta gehienak Tolosan eta inguruan izan. Bitartean, Xalbador Garmendiak 1961ean erbesteratu behar izan zuenean (Galdonak lehenago utzi zuen), txistulariek hartu zuten taldeko ardura (Juan Inaxio Elosegi eta Ramon Urruzola). Geroago, OINKARI taldeko Elkanok hartu zuen irakaskuntzaren ardura, beste lokal batera aldatu ziren entsaioak eta irteera gehiago egin zituzten. Aipatzekoa da garai hartan Dantza berrien txapela lortu zutela Ion Oñatibiaren Donibane dantzarekin. Garai berean, herriz herri ibili ziren sortzaile beraren Euskal Show izeneko ikuskizunarekin. Urte hauetan guztietan dantzari, musikari eta laguntzaile mordo bat inguratu zen taldera. Bereziki aipatu behar da 1963an neska talde baten sarrera. Hauek "Corazonistak" elizan ari ziren Jose Ramon Artetaren gidaritzapean eta UDABERRIn sartu eta gero bera izan zen taldeko zuzendaria. Taldearen belaunaldi honek 1969ra arte iraun zuen.