Lexikoa

TUBAL

Bibliako Noe patriarkaren biloba zein, antzinako hainbat egileen arabera, Uholde Handiaren ondoren, Iberia jendeztatu zuen. Flavio Josefok, I. mendeko kronikariak: “Tubalek tubeloak sortu zituen, orain iberiarrak deituak” idatzi zuen. Kontuan izanik bi herrialde iberiar daudela, bat Kaukason (egungo Georgia) eta bestea Europan (egungo Iberiar Penintsula), ordukoa da zalantza exegeta eta historiagileen artean ea zein iberiarrez ari ote zen Flavio, laster ezarriz zenbait teoria bi Iberiarren arteko balizko harremanari buruz. Caro Barojak laburtzen duenez, Tubalkain, Kainen arrazakoa dena eta burdinolen sortzailea, testu klasikoetan Vulkanorekin parekatzen da. Bestea Jafeten semea da (“Genesia” X, 3). Biak metalgintzarekin lotuta daude. “Bigarrenaren  Mendebaldera  etorreraren funtsa zera da San Jeronimok, Ezekielen testu bat (XXXVIII, 2-3) eta Isaiasen beste bat (LXVI, 19) iruzkintzekoan, Valerako Ziprianoren aspaldiko itzulpenaren arabera Magog “Mesek  eta Tubalen leinuko printzea” aipatzen duenean  Italia edo Espainiaz ari zirela pentsatu zuela: “Thubal, sive Tubal aut Italia interpretatura aut Iberia” dio santu jakintsuak.  Ideia San Isidorora iritsiko da, askoz ere erabatekoa, zera dionean (“Etim” IX, 2, 29) “Thubal, o quo Iberi, qui et Hispani; licet quidam ex eo et Italos suspicentur”. Jatorri bibliko eta patristiko hasierako baiespen hauen ondoren mendetan zehar eusko-iberiar eta eusko-kantrabo teoriak ehunduko dira harritzeko moduko bizitza luzea  izango dutenak eta ondorio mardulak ere. Alfontso X.ak jarraituko duen, XIII. mendeko Ximenez de Rada artzapezpikua  izango da zera idatziko duena Tubalen semeak “ begiak erne zituztelarik hainbat eskualde igaro ondoren, mendebaldeko muturrera abiatu ziren eta behin Espainia iritsi zirelarik Pirinioetako gailurretako lehen biztanleak izan ziren eta herri ugari bihurtu ziren hasieran Zetubeleak deituak, Tubalen “coetus” hau da Tubalen aldra. Horrela zetubeleak hedatu ziren herri handiak izan arte eta Espainiako lautadetara jaitsi ziren eta orain Ebro deitzen duten ibaiaren ondoan herria, herrixka eta hiriak sortu zituzten, eta bertan geratu zirenez, lehen zetubalak zeritzanak, Ebro ibaiengatik izena desitxuratuz, zeltiberiarrak deitu ziren”. Gai beraz ari delarik, bi mende beranduago zehaztasun gehiago ematen du Madrigaleko  Alonso exegetak, “Beltzarana” deituak: “Tubal. Zeinen ondorengoak diren espainiarrak; hau Pirinioetako behealdean finkatu zen Iruñea deritzan lekuan. Gero, hauek herri anitzetan ugaritu zirenean, Espainiako zabaldietara jaitsi ziren, eta lur hura latinez, coetus, hau da Tubalen segida deitua izan zen orduan, Cetubalia (In Gen. 10,q. 1. OO I, 154). Honen ondoren, euskaldunak Iberiako lehen biztanleekin eta euskara bertako lehen hizkuntzarekin bat egitea  berehala ondorioztatzen da. Antza denez parekatzea nafarrekin hasten da gero mendebaldera zabaltzeko. Lope Garzia de Salazarrek (XV. mendea) lur baskoietan kokatzen du Tubalen birpopulatzea: “"/ Así ha contado la ystoria cómo / de los siete fijos de Jafet fijo de Noé / se poblaron muchas tierra en Oçi / dente, entre los quales Tubal, que / era quinto fijo, a sus fijos e genera / çiones venjeron en Spaña e pobla / ron en la Ribera de Ebro fasta los / puertos de Aspa e llamaron aquella / tierra toda Carpentanja, e poblaron / en ella quatro çibdades: la primera / fue Oca, que es ençima de los mon / tes de Oca; la segunda es Caloho / rra; la otra es Taraçona; la otra / es Çaragoça. E después tendiéron / se por toda España" (1). Beuter kronikari valentziarrak  (XVI. mendea) Tafalla eta Tuteraren jatorria Tubalekin lotzen du eta nafarrak eta kantabroak gauza bera dela dio. Urte batzuk lehenago Medinatar Pedrok jatorri bera ezarria zuen hiri hauentzako eta Espainiako berezko hizkuntza “euskara” zela ziurtatu zuen. Ez egile guztiek, bereziki errenazimentuaren ondoren, onartu zuten Tubal zela mendebaldeko iberiar ororen jatorria. Maluenda eta Ribera, adibide, beste batzuen iritziaren aurkakoak ziren, hala nola Villapando eta Pineda (“Ioannis de Pineda hispalensis e Societate Iesu. Ad suos in Salomonem commetarios Salomon praevivus, id est rebus Salomonis regis libri octo” (Lyon, 1609) 210 orrialdea (IV liburua, XV. kapitulua, 3-5). Bere ustetan “Tharsis” Hegoaren aipamena da eta “Thubal” Espainia osoarena, hobeto esanda :”Thubal, omnes Hispani, Tharsis, Baetici”. Dirudienez egungo “Genesi” liburuaren iruzkintzaileak Maluendaren idearekin adosago daude, Pinedak honela laburtua (210 orrialdea, 4): “Eadem coniectura ductus Maluenda, refert Thubal ad gentes Aquilonares conterminan Moscovitis, id est, vult esse Iberos, quos appellant Orientales: quod idem observarunt Oleaster, Gen. 10, Ribero Apoc. 20”. Marinez de Zaldibia eta Garibay, euskal-kantabrismoaren aita elikatzaileak, patriarka apur bat Mendebalderago eramaten dute, “Kantabriako lurraldetan eta Nafarroako mendietan” kokatuz. Tubalek, dio Garibayk, “beretarrei naturaren legeak irakatsi zizkien eta ondo bizitzeko agindua eman zien”, eta, gainera, bere Foruak eman zizkien. Geroztik, Poza batxilerrak idatzi zuenez, “bere ondarea, bere hizkuntza, bere ohitura mantendu dute Tubal patriarkatik orain arte”. Aldiz, Oihenart, XVII. mendeko egileak, zein frantziarra izanik, ez zegoen  Inkisizioaren itzalpean, bere “Notitia”(2) liburuan Bibliari dagozkion aipamen oro baztertu zituen greziar-latindarrak aintzakoz hartuz. Beste horrenbeste gertatzen da Marcarekin. Moretek, gipuzkoar eta bizkaitar kantabriazaleak baino askoz ere zuhurragoa, Tubalen tradizioa jasotzen du baino kasurik egin gabe Tutera eta Tafallako etimologia zentzugabeari. Hala ere Nafarroan, herri mailan, Tubal euskal-mendebaleko historiografian erregea izaten jarraitzen du. Beriaintar Joan, Utergako abadea, nafar lizentziadunak Iruñean 1626ean argitaratuko  bere Dotrina Kristaua hizkuntza erromantzean eta euskaraz  idatzitakoan  zera baieztatzen du: “Noe zintzo eta perfektuak erresuma honetan hitz egin eta irakatsi zuen euskara, eta geroztik eta gaur arte, Iruñeako hiri txit noblean mantendu da eta euskal lur osoan”.  Jose Conchillosek 1666ean,  Moret Aitak bere “Investigaciones Historicas….” (2)  liburuan egindako adierazpenen aurka izkiriatuko  idazki historiko eta juridiko laburrean (3) Tutera Tubalek Zeltiberian sortutako moduan aurkezten da. “Propugnaculo” idazkiaren erantzun gisa Moretek, “Bodoque…” (4) izeneko lana argitaratu zuen, zeinetan iseka eta burla doinuan, Tubalen aldeko teoriak zapuzten dituen, eta, era berean “Desagravios….” (5) izenpean ihardetsi zuen kalonje tuterarrak Nafarroko Kontseiluak gaitzetsi zuena “zeren aipatutako liburuak Moret Aitaz egiten dituen laidoez gain, bertakoen artean liskarrak sortu nahi dituelako”. Hori guztia ez da eragozpena izan Tutera hirian mitoari lotutako sormen honen oroigarria jasotzeko bere leloak dion bezala :”Antiquisima, Nobilísima y Muy Leal Colonia de Tubal, la ciudad de Tudela” (6). Erlijioarekin lotutako beste hainbat sineskeria bezala hizkuntzen sormen Babeldarrak, Argien Mendean indarra galdu zuen, desagertu arte, Inkisizioa bera baino lehen, XVIII. mendearen amaieran. Oinordekoak mito erromantiko berriak izan ziren, Aitor, Altabizkar, Navarro Villosladaren mundua, “beharrak sortzen du organoa” aspaldiko baieztapena egia bihurtuz.

Oharrak:

  1. Honela kontatu du historiak nola/ Noeren semea (zen) Jafeten zazpi semeekin/ Oçin lur asko jendeztatu ziren/hauen artean Tubal/ bosgarrena zena bere seme eta ondo/rengoak  Espainiara bidaiatu zuten eta jendez/ tatu Ebroren ertzak Aspako/ bortuetaraino eta deitu zuten/ Carpentanja lur osoa eta jendeztatu zituzten/ bertan lau hiri: lehenengoa/ Oca izan zen eta Oca mendigainean dagoena/ igarrena Calaho/ rra da; bestea Taraçona eta bestea/ Çaragoça da. Eta gero hedatu ziren/ Espainia osoan.
  1. “Notitia utriusque Vasconiæ, tum ibericæ, tum aquitanicæ”. 1638
  1. “Investigaciones históricas de las antigüedades del Reino de Navarra”. Iruñea 1665. Ez dago euskarako itzulpenik.
  2. “Propugnáculo Histórico y Jurídico. Muro literario y tutelar. Tudela ilustrada y defendida”. Zaragoza. 1666. Honetaz ere ez dago itzulpenik.
  3. “El bodoque contra el propugnáculo histórico y jurídico del Licenciado Cochillos”. Kolonia Agripina. 1667. Itzuli gabea.
  4. “Desagravios del Propugnáculo, de Tudela contra el Trifauce Cerbero autor del Bodoque”. Amberes. 1667. Hau ere itzulpenik gabea.
  1. Txit Antzinakoa, Txit Noblea eta Txit Leial Tubalen kolonia, Tuterako Hiria.