Kontzeptua

Erromanizazioa

Erromanizazio hitza, Erromatik kanpo (probintzietan) ezagutzen den erromatar kultura adierazteko erabiltzen da. Hispaniako erromanizazioa edo Britaniako nahiz Afrikako, Brindisiko, Dueroko Haraneko edo beste toki askotako erromanizazioa aipatzen denean, Erromatarren kolonizazioa eta konkistaren eragina azaldu nahi da. Eta hor dago kakoa, zeren ez da gauza bera menperatzea eta erromanizatzea. Are gehiago, erromatarrek ez zuten sekula inor erromanizatu nahi izan. Egia da erromatarrekin bertako ohiturak erabat aldatu zirela; hiri berriak sortu ziren plano erregular batean oinarrituta, eta horiekin batera kale zuzenak, foro eta tenpluak, bainu etxeak, antzokiak, merkatuak, etab. Gainera errepide onak egin zituzten, beraien hiriburua -Erroma- inperioko edozein punturekin lotzeko aukera emanez; zubiak, ostatuak, zaldiak aldatzeko eta postariek atseden hartzeko geltokiak, guztiak ere haien ondoriozkoak; zuzenbide aurreratua ekarri zuten, janari berriak, ezagutzen ez ziren fruituak, mineralak ustiatzeko abangoardiako moduak, teknologia aparta, zergak, txanpon eta neurri batuak, kanpoko jainko eta jainkosak, latinaren erabilpena eta abar, eta abar. Baina hori dena aurrera eraman zuten indar militarrez konkistatutako lurraldeak administratzeko

Puente
-eta horrela beraien menpe luzaro mantentzeko- asmoarekin. Bestalde, erromatarra izateak abantaila asko ekartzen zituen eta indigenak saiatu ziren nortasun juridiko hori lortzen, bai legioak atxikita zituzten tropeletan urte askotan soldaduskan egon ondoren, edo modu batean ala bestean konkistatzaileei lagundu ondoren. Zentzu horretan, erromatar estatuarekiko harremanetan sortutako eraldaketen aldetik, onartutako hitza da (Ortíz de Urbina, 2006, 225 or.), baina gaur egun, erromanizazioa, nahiz eta ohiko hitza izan eta nahiz eta asko erabilia den eta liburu testuetan agertzen den, gero eta baztertuago dago. R. Syme historialari ospetsuak (Syme, 1988, 64 or.), adibidez, argi eta garbi adierazi du hori: "Erromanizazioa hitzaren adierak aldez aurretik landutako asmo politiko bat adierazten du. Baina hori Erromaren jarduna gaizki ulertzea da, bai Errepublika garaiko Erromarena eta bai Inperio garaiko Erromarena. Erromatar gobernuak hiri izaerako bizimodua sustatu zuen, zalantzarik gabe, eta tribuak hiri bihurtu zituen, batez ere administrazio lana errazteko. Baina ez zuen inola ere leku guztietan bertakoak latina erabiltzera behartu nahi izan".



Hori dela eta, Symek argi adierazten du "erromanizazioa" hitza "ugly and vulgar, worse than that, anachronistic and misleading" dela; alegia "itsusia eta baldarra, edo okerragoa, anakronikoa eta engainagarria". Eta asko eta asko dira iritzi hau berresten duten adibideak. Egia da gerrek eta inmigrazioak latina sartu zutela, eta honekin batera erromatarren usadioak eta instituzioak ere heldu zirela. Geroago, erromatarren eta tokian tokikoen arteko bategitea ondorio logikoa izan zen. Baina ez zen hala gertatu beti eta toki guztietan, eta ez zen behartze asmorik izan, salbuespenak salbuespen. Ez zen latinez hitz egitera derrigortzen. Erromatar Egiptoko biztanleek grezieraz hitz egiten jarraitu zuten, eta halaber, haien ezkontza kontratuak eta testamentuak grezieraz sinatzen jarraitu zuten, nahiz eta herrialdean administrazioa erromatarra izan. Kartagoko merkatariek, nahiz eta bere garaian erromatarren arerio galantak izan, oraindik Kristo ondoren bigarren mendean bere kargamentuen zerrenda hizkuntza punikoan idazten jarraitu zuten. Dena den, erromatarrek gogor zapaldu zituzten aurre egin zieten herriak eta beraien lurraldeak. Tácito historialariak Agrícola izeneko bere lanean hala adierazi zuen; bere liburuko britainiar buruzagi batek halaxe zioen: "Lapurtzeari, erailtzeari, bortxatzeari...haiek inperio hitza ematen diote, erabat ezegokia; eta basamortua sortzen duten lekura bakea eraman dutela esaten dute" (ubi solitudinem faciunt, pacem appellant, Tácito). Zalantzarik gabe hala izan zen erromatarrek Iberiar Penintsula menderatzen hasi ziren lehenbiziko urratsetan, lehenbiziko berrehun urteetan, alegia (Urteaga eta Arce, 2011, 23-25 orr.).

Iberiar Penintsulako herri gehienek erromatarrak iritsi zirenean jokaera berdintsua izan zuten, batez ere iparraldeko herriek, Gallaeciatik Kantabriako ekialdeko muga bitartekoek, alegia. Augustok hamar urte behar izan zituen mendialdeko eremuak menderatzeko. Hamar urte eta zazpi legio. Azkenean, garaileak zabaldu zuen propaganda gisako mezua hauxe izan zen: Hispania baketu egin dugu (Hispania pacata, Res Gestae deritzotenetan dioen bezala). Aurreraxeago, erromatar disidente batek pax hori bikain zehaztu zuen: cum domino, pax ista venit ("despotismoarekin bakea iritsi zen" Lucano) Hori zen hain zuzen ere erromatarren bakea: Despotismoaren bakea. (Koch, 1997, 87-92 orr.)

Estela

Ondorioz, mundu erromatarrari buruzko zapalkuntza, menderatzea, eta integrazioa izango ditugu mintzagai. Dena den, zehaztu beharra dago Erromako zein eremu geografikotan eta Historiako zein unetan kokatu behar den fenomeno hau. Ez da lan erraza.

Euskal Herria osatzen duten zazpi edo sei lurraldeak ez ziren erromatar garaian, ezta Euskal Herria bera ere. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa Erdi Aroko dinamika historikoen emaitza dira. Oro har, muga geografiko horiek garai horretan zehaztu ziren, nahiz eta duela ez asko aldaketatxoak izan dituzten. Ingurune kronologikoari dagokionez, erromatar Errepublikaren azken zatitik Mendebaldeko Erromatar Inperioaren suntsipena bitartekoa da. Are gehiago, hurrengo mendeetan ere antzera gertatu zela esan genezake, VIII. mende hasierako musulmanen inbasioa arte.

Badirudi baskoiek okupatzen zituzten lurralde hauen gaineko nagusitasuna Mesalla Corvinus-ek K.a. 28 edo 27an Pirinioez bestaldeko lurraldeak, Akitania alegia, "baketu" edo menderatu zituen garai berean, edo ondoren, gertatu zela, Augustoren garaian.

Hala, kantabriar eta asturiarren aurkako kanpaina militarren atzeguardia antolatu ahal izan zen, bereziki Agriparen agindupeko flotarena. K.a. 19an Kantabriar Gerrak amaitu ondoren erromatarrak gure lurretan finkatu ziren. Gerra honetan lortutako garaipenarekin Erromak Iberiar Penintsula menperatu zuen, eta ondorioz II. Gerra punikoa zela-eta bi mende lehenago hasia zuen konkista burutu zuen.

Puente

Iberia konkistatzea nekeza izan zen, oso luze jo baitzuen, Galietako konkistaren aldean. Galian agintea Julio Zesarrek izan zuen, eta hamar urte baino gutxiagotan lortu zuen garaipena (K.a. 58tik 51ra). Erromatarrak Ampuriasen lehorreratu zirenetik Kantabriar gerrak amaitu ziren arte doan tarte luze horretan (K.a. 218. urtetik K.a. 19. urtera), badira zenbait gertaera adierazgarri Erroma eta Euskal Lurraldeen arteko harremanei dagokienez. Hala bada, K.a. 178. urtean Gracurris (Alfaro) fundatu zuten, eta hiri hau zenbait mende geroago hiri baskoien artean zerrendatu zen; K.a. 70. urtean, berriz, Iruña sortu zuten. Azken honi buruz aipamen berezia egingo dugu, izan ere, batetik, gertaera hori menderatze prozesuan inflexio-puntua izan liteke, eta bestetik, garai hura azaltzeko hartutako bide historiografikoen adierazgarri garbia da.

Inflexio puntua da, izan ere Iruña zenbait gudaren ondorioz sortu zen, ez ordea konkistarekin jarraitu nahian Senatuak emandako agindu bat zela-eta. Sertoriok gidaturiko matxinada militar baten ondorioz baizik (Hispania Citeriorreko gobernatzaileak, alegia). Sertoriok Silaren gobernua legez kanpokotzat zuen, eta Hispaniako zenbait lurraldetan indarra hartu zuen, batez ere Ebro Bailaran. Estatu paraleloa sortu zuen, eta iberiar herriekin harremanak izan zituen, harik eta K.a. 76. urtean Pompeyo Hispaniara etorri arte, azken horrek zenbait operazio militarren bitartez lurraldea menderatu baitzuen. Sertorio zenbait laguntzailek hil zuten K.a. 72. urtean, eta Pompeyok bere jarraitzailea garaitu zuen hilabete batzuk geroago.

Ingurune horretan Tito Liviok Baskoiak aipatu zituen, eta hori da beraiei buruz dagoen aipamenik zaharrena. Tito Liviok Augustoren garaian idatzi zuen, eta hartarako urte-liburuak erabili zituen. Horietan erromatar hiritarrek errepublika garaian zituzten jarduerak erregistratzen ziren, eta kasu honetan Sertorio garaiko gudak aipatzen zituen. Tito Liviok berez ager vasconum aipatu zuen, baskoiak bizi zireneko lurraldearen zati bat.

Salustiok ere, K.a. I. mendeko beste historialari batek, (Salustio), adierazi zuen Pompeyoren gudarostea baskoien lurraldeetara joan zela gariz hornitzeko (K.a. 74-75eko neguan). Estrabonek (III,4-10) aurrerago esan zuen Pompelo (Pamplona) hitzaren adiera "Pompeiopolis" zela (Pompeyoren hiria), eta baskoiena zela. Hortik ondorioztatu da bertan ezarri zuela bere kanpamendua, eta horren kariaz eta baskoiekin zuen adiskidetasuna zela-eta Pompelo sortu zuela (Pamplona deritzona). Dena den Iruñaren jatorriari buruzko zalantza oraindik argitu gabe dago, nahiz eta gehienek uste duten Pompeyoren esku-hartzearekin zerikusia duela (Armendáriz, 2005, 41-64 orr.).

Puente

Dena den, Pina Polok (Pina Polo, 2009, 195-214 orr.) adierazi duen bezala, ez da inon ageri Pompeyok lurralde baskoian zegoen bitartean (K.a 75-74an) sortu zuenik Pompelo. Berak dioenez "aukera handiagoa dago fundazio hori (baldin eta gertatu bazen) Ka. 72-71 urteetako guda bukatu ondoren egina izateko" .Gainera adierazi du ez dagoela frogatuta Baskoiak Erromaren aliatuak zirenik edo Pompeyori Erromaren aurka egiten lagundu ziotenik. Are gehiago, berak dioenez aurkakoa izan zen, Pompelo etsaiaren gainetik gailenduta sortu zen, ez zen Baskoiei emandako saria, ezta gutxiago ere, zigorra zen.

Kontua da erromatarren arteko borroka batean baskoiak ageri zirela tartean. Pompeyoren gudarosteak berriz borrokatu ziren Hispanian beste gerra zibil batean, oraingoan Julio Zesarren gudarosteen aurka, eta Sertoriorenean ez bezala, galdu egin zuten.

Pirinioetatik harantzago, Galiaetako gudan, Crassus-ek, Zesarren ordezkariak, Akitania menderatu zuen K.a. 56-55an. Aurrerago M. Vipsanio Agripparen eta M. Valerio Messalla Corvinoren agindupeko bake kanpainak etorri ziren (c. 38 a.C.eta c. 28 a.C hurrenez hurren).

Azken batean, ez omen zen baskoien aurkako gerrarik izan. Are gehiago, Agriparen flota Akitaniako itsasertzetik Kantabrian zehar abiatu zen, eta kostan lehorreratu zen, inork oztoporik sortu ez ziolarik. Izan ere, lurralde haietako herriek ez zituzten Augusto eta bere legioak aztoratu, kantabriar eta Asturek ez bezala. Behin Kantabriar gerrak bukatuta, K.a. 19. urtean, baskoiak erabat sartu ziren erromatar administrazioaren egituran. Baskoiek ez zituzten erromatarrak larritu hurrengo laurehun urteetan, gutxienez K.o. VI. mendea arte.

Estrabonek, Augustoren garaiko geografo batek, bere Geografia izeneko lana gure aroko hogeigarren hamarkadan edo bukatu zuen, Tiberio Enperadorea zela, eta berak argi eta garbi adierazi zuen erromatarrek ez zutela inolako interes edo kezkarik herri hauekiko. Euskal Herriko tribu horiek honela deskribatu zituen: "ez ditut haien izen guztiak emango, ez dut lan zikin hori hartuko..., nahiz eta batzuek barre egingo luketen Plentauro, Burdietano, Allotrigo edo antzeko izen petralak entzunda, izen hutsalak" (Estrabon). Gaur egungo Euskal Herria osatzen zuten tribuen izenek ez zuten ezta aipatzea ere merezi, ez Estrabonen iritziz, eta ez orduko irakurleen ustean. Hala ere, aipatzen ez dituen arren, argi geratzen da lurralde hau osatzen zuten leinuak asko zirela, eta ez zirela baskoiak bakarrik. Estrabonen lan horretan ageri diren iritziak halakoak izan arren, historialariek baskoien eta haien bizilagunen historia Estrabon, Julio Cesar, Pomponio Mela, Plinio eta Ptolomeo oinarri hartuta eraiki dute. Oro har kronista erromatarrek ez zutelako inolako interesik azaldu esan dezakegu (haiek izaki leinuei buruz dugun iturri bakarra), eta horren ondorioz aipamen hutsala egin zutela.

Hori aski ez dela, oso informazio gutxi dago haiei buruz, izan ere lurralde honen ezaugarrietako bat epigrafia eza baita; adibidez, Gipuzkoan 3 epigrafe besterik ez dago, eta horietan Jainko baten eta 3 pertsonaren izenak baino ez dira ageri.

Argi dagoenez, euskal lurraldearen mapa etnikoa berreraikitzerakoan literatur iturriak eskasak dira. Antza denez, guztietan fidagarriena Claudio Ptolomeok II. mendean egindako "Gidaliburu geografikoa" da (Geographias Hyphégesis). Grezieraz idatzitako lekuen zerrenda da, batez ere hiriena, eta latitude et longitude koordenatuak ere ematen ditu, gradu eta minutuak zehaztuta. Tamalez koordenatu horiek ezin dira gaur egungo mapa batean ezarri, bi arrazoirengatik: batetik, gerta zitekeen jatorrizko datuak aldatzen joatea idazlana idatzi zireneko eskuizkribuetan zehar, eta bestetik, agian berez datuen oinarri ziren topografia erreferentziak akatsak ziren; izan liteke biak gertatzea ere.

Ptolomeoren idatzietatik eta bere adierazpenetatik ondorioztatu da Euskal Herrian Barduliarrak eta Karistiarrak sartzen zirela; Baskoiek gaur egungo mugak gainditzen zituztela Hegoaldetik, eta Ebroren eskuineko aldetik ere bazeudela; ekialdetik, berriz, Jakaraino iristen zirela. Autrigoiak gehienbat Bureba eta Losan zeudela, baina Mendebaldean ere bazeudela (Valdegovian); eta Beroietako batzuk ere (Errioxa) Kantabriako mendilerroaren Hegoaldera ere iristen zirela; eta Pirinioen beste aldeko lurraldeetan Tarbelloak zeudela.

Ptolomeoren Zerrendako Hiri Karistiarrak
HiriaKokapena
SuesatioArkaia
VeleiaIruña Oka
TullicaTuyo? (Zadorra ondoan)

Ptolomeoren Zerrendako Hiri Barduliarrak
HiriaKokapena
GébalaGebara
Segontía ParámikaOkariz?
GabalaikaGalarreta?
Trítion ToubórikonTabuerniga?
ToulónionDulantzi
ThaboúkaPagoeta?
AlbaDurruma
MenoscaKostaldean, Deba eta Oria artean

Ptolomeoren Zerrendako Hiri Baskoiak
HiriaKokapena
ItoúrissaAtabasa, Aurizberri
Namantourístaezezaguna
BitourísBidaurreta?
KournónionLos Arcos?
PompelónIruña
IákkaJaka
AndélosMendigorria, Muruzabal Andion
TerrachaLos Bañales, Sádaba
GrakourísAlfaro
KalagorínaCalahorra
Báskonton-KáskontonCascante
MouskariaTutera ondoan?
ErgaouïaCascantum-en hegoaldean?
SegiaEjea de los Caballeros
AlauonaAlagón
OiassoIrun

Ptolomeoren Zerrendako Hiri Autrigoiak
HiriaKokapena
Uxama BarcaOsma Valdegobia
BirovescaBriviesca
DeobrigaArce-Mirapérez, Miranda de Ebro ondoan
AntekuiaPancorbo ondoan
SegisamoncoulumCerezo del río Tirón
VendeleiaCubo de Bureba
SalioncaPoza de la Sal

Ptolomeoren Zerrendako Hiri Beroiak
HiriaKokapena
VareiaVarea, Logroño
LibiaHerramelluri
Tritium MagallumTricio

Ptolomeoren Zerrendako Tarbelloen Hiriak
HiriaKokapena
Aguae AugustaDax

Jakin badakigu Ptolomeoren idatzietan akatsak eta kontraesanak daudela, berak sortuak edo bere Geografia Gidaliburua egiteko erabilitako iturrietan zeudenak, baina - gure kasuan- bere adierazpenetatik batzuk egiaztatzen dituen iturri bat dugu. Hain zuzen ere C. Moconnio Veroren hileta inskripzioa, Erroman aurkitua (CIL, VI, 1463 = Alföldy, Fasti Hispanienses, pp. 128-129. C. Mocconio/ C. f. Fab. Ver[o]/ praetori, legato pro [pr ] / provincias Achaiae t[r. pl.] / q. urbano III vir. CAPIT[ali] / tribuno laticlavio l[eg ] / Vil). Itxuraz Ipar Afrikakoa zen Senatu mailako gizaseme baten cursus honorum deskribatzen du. Bizitzan zehar izan zituen karguen artean, garrantzi handienekotik beherako hurrenkeran (pretore, herriaren tribuno, hiriko kuestore, vigintirivo), azken tokian legio VII Geminaren tribuno latiklabio kargua aipatzen da; honexekin hasi zuen senatuko karrera.

Tribuno latiklabioak legioaren legatua ordezkatzeko eginkizuna zuen, eta "officium" bat zeukan horretarako; hartarako egin beharrekoetan laguntzen zioten hainbat funtzionario zituen laguntzaile.

Pertsona honek, eta horrexetatik dator inskripzioak duen alderdirik garrantzitsuena, legio VII-ren kargua zuen bitartean egoitza Legion (Leon) zeukalarik baskoien eta barduliarren 24 hiriren errolda (at census accipiendos) egiteko ardura izan zuen.

Ez dago adostasunik bere heriotzaren data finkatzerakoan, baina badakigu Mocconiok 36 urte zituela iritsi zitzaiola; batzuen ustez, inskripzioa I. mendearen azken laurdenean datatu beharko litzateke; beste batzuen iritziz, berriz, Hadrianoren (117-138) edo Antonino Pioren (138-161) garaikoa dukegu (Sayas, 1989, 137-152 orr.).

Erroman, errolda antzinatik egiten zen, eta bertan jasotzen zituzten hiritarren datuak helburu fiskal eta militarrei begira; hauteskunde erabilera ere bazuen, eta bost urtean behin egiten zuten. Instituzio hau Erromatik kanpora ere hedatu zen, eta Errepublikaren garaian orduko probintzia lurralde batzuetan ere egin zuten. Augustoren garaitik aurrera, probintzietako erroldak ohiko bihurtu ziren; probintziako gobernadoreak izan ohi zuen hori egiteko ardura. Pertsonen zerrenda jasotzen zuen, horien adin eta egoitzari buruzko eta jabetza eta fortunaren gaineko xehetasunekin batera; horren guztiaren helburua batez ere fiskala eta biztanleria kontrolatzekoa zen, baina tropak errekrutatzera begira ere bazuen baliorik. Seguruenik sekula ez dugu jakingo Mocconiok, kargu militar batean ari zela, zergatik hartu zuen barduliarren eta baskoien hirien errolda egiteko ardura; edo zergatik egin zituen biak batera, batzuk -barduliarrak- hiriburua Clunian (Burgosko probintzia) zuen conventus cluniensis-ean zeudelarik erregistraturik, eta besteak -baskoiak-, hiriburua Caesar Augusta-n zuen conventus caesaraugustanus-ean. Komentuak barruti fiskalak ziren, baina errolda-barruti gisa ere funtzionatu zutela badakigu. Kontu hauek guztiak alde batera utzita, interesatzen zaiguna erroldatutako hiri kopurua da: barduliarren eta baskoien 24 hiriak alegia. Azken batean Ptolomeok, bere zerrendetan, baskoien 16 hiri (polis deitu zien) eta barduliarren 8 hiri jaso zituela.

Testuek eta arkeologi hondarrek erakusten dutenaren arabera, gaur egungo Euskal Herriko lurraldea agian Ponpeio eta Zesarren garaietan menderatu bazuten ere, Augustoren garaian hasi zen erromatar inperioaren antolamenduan sartzen. Estrabonek Tiberioren agintaldian zehar amaitu zuen bere obra, eta berak idatzi zuenaren arabera Tarraco-tik (Tarragona) abiatzen zen bidea- hots, probintzia hiriburutik- , Ilerda (Lleida) eta Osca (Huesca) hirietatik zehar igaroz Oiasso-raino heltzen zen. Bide honek Mediterraneoa eta Atlantikoa lotzen zituen, biderik motzena eginez, urte batzuk geroago Pliniok esan moduan lurraldea bi itsasoren arteko ziri gisa estutzen den lekuan (NH III. 3.29). Ebroren haraneko bidea izan zen kolonizazio-ardatz nagusia Oiasso inguruan, eta horri emandako bultzada Augustoren erregimeneko jarraibideetako bat izan zen.

Oiassora iritsi eta internum et externum itsasoak lotzen zituen lehen mailako bideak zerikusia izan zuen, itxura, Aiako Harriko zilar ustiategiekin. Erromatarren meatzaritza-lanen hasiera ere Augustoren erregimeneko ekimenen testuinguruan kokatu behar dugu. Izan ere, bide horrek lehorreko irteera bat ematen zien metal preziatuenei; beruna eta burdina, aldiz, batez ere itsasoz garraiatzen zituzten.

Hasieran integrazio hori militarra izan zen, horren adierazgarri dugu Donibane Garazi ondoko Saint-Jean-Le Vieux kanpamendua, eta Oiasso bera; bertan badirudi Legio VI.arekin lotuta dauden aztarnak aurkitu direla duela gutxi (Alkain, 2010).

Monedas

Augustok inauguratutako dinastiako hurrengo enperadoreekin, Tiberio, Kaligula, Klaudio eta Neronekin, gero eta lurraldearekiko interes handiagoa igartzen da. Etapa horretan sortu zituzten arrain-kontserbarako faktoriak, cetaria-k alegia, bai Lapurdiko Getariakoa bai, seguruenik, Gipuzkoako Getariakoa ere. Baina erromatar kolonizazioaren bultzada handia hurrengo dinastiarekin etorri zen, flaviotarrekin, alegia (Vespasiano, Tito eta Domiziano).

Vespasiano enperadoreak, Atlantiko aldea zuzenean ezagutzen zuelarik, Klaudioren agintaldian zehar Britanniaren konkistan parte hartu baitzuen, oro har Hispania bultzatu zuen, eta bereziki Kantauriko itsas hegiko lurraldeak. Ius latii (zuzenbide latindarra) eman zien Hispaniako probintzietako gizon askeei, udalerriak sortzea bultzatu zuen, eta erromatar hiritartasuna eskuratzea erraztu. Kantauriko kostaldean, Oiassotik 140 km mendebaldera, Castro Urdialesen, Flaviobriga kolonia sortu zen.

Gure aroko lehen mendearen amaieraz geroztik, kostaldea establezimenduz josita ageri zaigu; jada aipatutako Irun eta bi Getariari, Hondarribia, Pasaia, Donostia, Zarautz, Ondarroa, Lekeitio, Portuondo, Forua, Bermeo, Bilboko inguruak eta Plentzia gehituko zaizkie. Eta seguruenik hurrengo urteetan beste kostaldeko toki asko gehituko zaizkie, Izan ere, erromatarrei buruzko lekukotasun arkeologikorik eza aurkikuntza faltaren ondorioa izan daiteke besterik gabe, eta ez benetako lekukotasun faltaren ondorioa.

Getariak, esan dugun moduan, arrain-kontserbarako faktoria bat du sorburu, cetaria bat alegia (Antzeko etimologia bat defendatzen da Galiziako Catoira, Siziliako Cetaria, Tajoren estuarioko Cetobriga edota Campaniako Cetararako). Industria hauek antolatzeko aska sail bat prestatzen zuten; hauetan hartzitzen zuten arraina hainbat gatz geruzarekin, hainbat pasta mota prestatzearren. Horietan estimu handiena zuena garum izenekoa zen, plater askotako gozagarri gisa erabiltzen zuten eta; eta Asiako hego-mendebaldeko kulturetan mantendu da, Kanbodian, Vietnamen... Jaime Rodríguez Salisek etnografia konparatuko eta arkeologia esperimentaleko azterlan bat egin zuen, eta honetan erromatarren arrain-pasta eta -saltsa mota desberdinak identifikatu zituen (Rodríguez Salís, 2003, 11.-15 orr.). Lapurdiko Getarian tren geltoki zaharraren ondoan agertu ziren I. Mendearen erdialdeko aska horiek, bertan botatako zaborrez goraino beteta. Data horretan, faktoria suntsitu eta abandonatu egin zuten; ez dakigu, baina, zer arrazoi izan zen horretarako.

Barrengo aldean, Pompelo eta Veleia ziren bide sareko gune estrategikoak, hain zuzen ere aipatutako Tarracotik Oiassora bitarteko bidearen eta Ibañetatik Pirinioak zeharkatzen zituen Ab Asturicam Burdigalam izeneko bidearen ondoan zegoelako. Azken bide hori Araba eta Nafarroatik zehar zihoan, eta bertan beste zenbait kokaleku erromatar ezagutzen dira: Suesatio, Tullonium, Gebala, Alba, Aracelli eta Itourisa.

Gure aroko II. mendea dugu, ostean, erromatar okupazioak gure lurraldean izandako hazkunde eta garapen goreneko epea. Eta oro har bat dator dinastia antoninotarreko enperadoreekin eta aurrekoekin (Nerva, Trajano, Hadriano, Antonino Pio, Marko Aurelio eta Komodo). Baina hazkunde aldi hori ez zen soilik aztertzen ari garen espazio honetan gertatu; hedapen orokorra izan zuen, eta horretan zehar Erromatar Inperioak bere hedapen geografiko handiena erdietsi zuen, Britaniatik Eufrates ibairaino eta Daziatik -Danubion- Saharako basamorturaino. Gainera, ekonomian ere oparoaldia etorri zenez, eskualdeetako ekonomiek aurrera egin ahal izan zuten, mugez barneko bake testuinguru batean.

Giro horretan, Aizkorriko leku ezkutuenetan eta artzain guneetan ere badaude erromatarren bizimoduaren aztarnak. Horren seinale, terra sigillata motako mahai gaineko baxerak: oso baxera zaindua, Arezzo eta Pisan egina eta Galiatik igarota (bertara joan baitziren lehenbizi Arezzo eta Italiako buztinlariak) Hispaniara erromatarrek eramana; Hispanian buztin-tailer nagusiak Tritium Magallumetik hurbil jarri ziren, Najeraren ondoan, eta Citerior probintzia osoa hornitzen zuen, iberiar penintsulatik atzerrira ere saltzen zelarik.

Eskura ditugun datuak oraindik zehatzak ez badira ere, badirudi Goi Inperioko hurrengo eta azken dinastiarekin, severotarrekin (Septimio Severo, Karakala, Eliogabalo eta Severo Alexandro), aldaketa batzuk hasi zirela; horiek hurrengo mendeetan agertu ziren askoz ere argiago. Hain zuzen ere Oiassoko portuan neurtzen da ondoen jarduera ekonomikoa zeramika inportazioen bidez. Ikusten da epe horretan iritsi zirela Afrika iparraldetik sukaldeko produktuak.

Ez dira bakar-bakarrik Oiassoko portuak egiten dituen inportazioak, baizik eta Afrikako probintzien nagusitasun orokorraren adierazgarri bat, dinastiaren sorburu afrikarrak berak babestua eta sustatua (Septimio Severo, fundatzailea, Leptis Magnakoa zen), eta ia-ia inperioko geografiako bazter guztietan ikusten den bera. Hala ere, urruneko harreman komertzialen une hau gainditurik, badirudi portua halako lozorro suerte batean sartu zela, eta jarduera une jakin batzuk izan zituela, erabat abandonatu aurretik.

Oiassoko hiri eremuko beste espazio enblematiko batzuetan ere agerikoak dira gainbeheraren adierazle hauek. Termak abandonatuta daude, eta IV. mendean erabilera prekario batzuk eman zizkieten atzera; eta Santa Elenako nekropolian gauza bera gertatu zen bertako eraikin garrantzitsuenen kasuan.

Calzada

III. mendeko krisialdi deritzona dugu, epe zeharo gorabeheratsu baten emaitza, egoera horren erantzulea: epe horretan zehar, Inperioko lehen bi mendeetako hazkunde eta ongizate ekonomikoa bultzatu zuten bake baldintzen ondotik, eta severotar dinastiako azken enperadorearen hilketaren ondoren, enperadore segida amaigabe bat etorri zen, bere intriga, hilketa, purga, borroka armatu, izurrite hilgarri, inbasio eta istiluekin. Baina III. eta IV. mendeetan Oiasson gertatzen zena gertatzen zela, ez zen Getaria, Zarautzen, Veleian edo Bainonan berdina jazo. Aitzitik, eskura ditugun datuek erakusten dute aztarnategi horietan mende horiek direla, hain justu ere, garapen handienetakoak. Veleian eta Baionan erromatar kokalekua gotortzeko lan itzelari ekin zioten, eta dirutza kosta zitzaien gotorlekua eraiki zuten. Veleiako harresiak 11 ha. zituen, eta Baionakoak, berriz, 5 ha.

Testuinguru horren beste adierazgarri bat Oiasson aurkitzen da: III. mendeko krisiak besteak beste meategi ustiapenaren krisia sortu zuen. Oiassoren oinarria Aiako Harriko meategi garrantzitsuak ziren, eta bertako produkzioa agortu zelarik, asentamenduak galdu egin zuen bere izaera komertzial eta hiritar hori, eta bertako jarduera ekonomikoak izugarri murriztu ziren. V. menderako ia-ia erabat abandonatuta zegoen, antza.

Zarautz eta Getariak, kostaldeko beste toki batzuek bezala, mende horietan zehar eutsi egin zioten itsasoari lotutako dinamikari. Are gehiago, Diocleciano enperadorea zelarik, III. mendearen amaierako berrantolaketa administratiboaren testuinguruan, aurrerapen aukerak ere izan zituzten, antza, harreman politiko eta administratibo estuagoak formalizatu baitziren orduan Iberiar penintsulako iparreko kostaldearen eta Akitania, Galia, Britania eta Germaniako kostaldeen artean; eta horrek guztiak halako oparoaldia ekarri zuen Hispaniako probintzietara IV. mendean zehar.

Novempopulania izeneko probintzia ere berrantolaketa administratibo horren eraginez sortu zela uste da; 9 herrik osatua zen, eta Akitaniako Galoetatik bereizirik zegoen. Hasparneko inskripzioaren arabera, Verus izeneko kargu publiko handia zuen gizaseme batek burutu zituen kudeaketa lanak enperadorearen aurrean. Probintzia berri horretan bizi zen Tarbelloen herrialdea, eta hiriburuak Aquae Augusta izena zuen.

Dioclecianok eragindako berrantolaketak, alegia, probintzia kopurua handitzeak eta Diozesiak ezartzeak, berrantolaketa militarra ere eragin zuen. Hispanian legio bat zegoen, Leonen kantonatutako Legio VII Gemina, eta horrez gain 5 kohorte. Horietako batek Veleian zuen egoitza, I Gallica izenekoak.

Behe inperio garaiko mendeek, lurralde antolamenduari dagokionez, erromatar kolonizazioaren hastapen, finkatze eta abiatze prozesuen aldean jokaera ezberdinak izan zituzten. Gainera, bada kontuan izan beharreko gertaera bat: haitzuloak okupatu ziren.

Behe Inperioaren garaiko lekukotasunak errepikatu egiten dira Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia eta Arabako haitzuloetan, eta kareharrizko mendiguneak dauzkaten beste ingurune menditsu batzuetan ere bai. Horiek azaltzeko unean, argudiatu ahal da babes bila ibili behar izatearen ondorioa direla, epe horretan ezegonkortasun handia baitzegoen, edota artzainen okupazioak direla. Dena den, IV. mendea, dagoeneko esan moduan, garai egonkor eta baketsua izan zen Hispanian (Arce, 1994) eta haitzuloetako batzuetan artzaintzarekin lotutako elementuak agertu badira ere, txintxarriak esaterako, badira horiek azaltzeko beste aukera batzuk. Euskal mitologian bertan haitzuloko kultuen interpretazioek modua ematen digute, hala ere, emankortasunarekin lotutako liturgiak zirela pentsatzen segitzeko. J. J. Satrustegik dioenez (VV.AA., 1997, 66. or.), haitzuloa da lur barneko santutegirako berezko sarrera, eta zeruak lurra ernaltzen duelako nozioari lotuta daude haitzulo-santutegiak; horretatik sortzen da "monumentu hauetan antzina garatzen ziren emankortasun kultuen liturgia".

Erromaren boterea indarrean egon zen azken mendeari buruzko analisia, Iberiar penintsulari dagokionez, ikuspegi apokaliptiko batetik egin izan da oro har, eta horren arabera barbaroek kaosa eta izua zabaldu besterik ez zuten egiten. Baina, azken azterketek erakusten dutenez, V. mendea trantsizio mendea izan zen, gizartea, eta egitura politiko, administratibo eta ekonomikoa, hiria, eta erlijio sinesmen eta ohiturak aldatu egin baitziren, nahiz eta alderdi askotan jarraitasuna, iraunkortasuna eta irauteko joera ikusten den (Arce, 2005). Eta ikuspegi hori gure lurraldearen kasuan ere aplika daiteke, VI. eta VII. mendeetara luzatuta, gainera.

Bigarrenik, kostaldean aurkitutako datuak ere adierazgarriak dira. Hala, Zarautz eta Getariako eremu induskatuetan ikusten da okupazioak nabarmen egiten zuela atzera, eta habitat modu prekario gauzatu zirela; baina kostaldean badira oraindik indarrean dauden urruneko merkataritzaren loturen frogak. Ildo horretatik deigarria da Mediterraneo ekialdeko ardo anforak aurkitzea Bidasoaren bokalean, VI. eta VII. mendeetan datatuak, (Benito, 1989, 123.-163. or). Anfora horiek zail dira interpretatzen, batez ere urpeko lanetan berreskuratu direlako eta beste inolako frogarik eskain dezakeen testuinguru arkeologikoa ere falta zaielako.

Edonola ere, gertakari horiek trafiko komertzial bat bazela dioten interpretazio berriekin lotu daitezke; horien arabera, neurriz txikia izan arren, epe horretan zehar bazen Konstantinopla ingurutik abiatzen eta frankoen erresumara iristen zen trafiko komertziala (Hodges, 2003).

Hirugarrenik, aipagarria da 1995ean Azkoitiko Iraurgiko San Martin ermitako indusketetan agertu ziren kutxen multzoa, errausketa hondarrak zeuzkan hura (Urteaga, 1999, 22.-28. or.). Kutxa horiek egiteko, Bizkaiko golkoa motako erromatar garaiko zeramika arruntaren buztingintza tradizioari segitzen zioten zeramika oreak eta formak baliatu zituzten. Bizkaiko golkoa motako zeramika arrunta da Gipuzkoako aztarnategietako arkeologi erregistrorik ugariena; horren ezaugarria neurri handiko inklusio ugariz prestatutako ore batez eginda egotea da, kuartzoak nabarmentzen baitira, Irun, Oiartzun, Bera eta Lesakako udalbarrutiei dagokien Aiako Harriko granitozko mendigunekoak. Zeramikaren manufakturan buztinezko txurroak erabiltzen dira, horiek azkenean eskuko tornua erabiliz moldatzen baitira, harik eta prozesu honetan behin betiko forma hartzen duten arte. Mota bakarrak platera, goporra, eltzea eta estalkia dira, eta elementu sorta murritz horren bidez betetzen dituzte mahai, sukalde eta ontzi beharrak. Forma aldetiko berezitasunen artean, eltzeetako ertz lauak nabarmentzen dira, uhin-formako ebaki paralelo sortaz apainduak berak; ebaki paraleloz osatu zerrendak ere ohikoak dira ontzien gorputzetan ere (Urteaga eta Amondaray, 2003, 59.-104. or.).

Forma aldetiko itxura alde batera lagata -erromatarren garaiko produkzio aipatu horiekin nahas daiteke-, deigarriena ehorzketen kronologia da, zeren eta VII. eta VIII. mendeen inguruan datatu baitira karbono-14 bidez. Errekuntzaren (edo errausketaren) erritua ez zen hilobiratzearen aurrean erabat desagertu kristautasuna iritsi zenean; biak izan ziren batera, harik eta VIII. mendearen amaiera inguruan (775-790eko urteetan) errekuntza legez kanpo utzi zuten arte Karlomagnoren De partibus Saxoniae kapitularraren bidez; horren xedea saxoniarrak zapaltzea zen, orduko enperadore karolinjioaren etsaiak baitziren.

Eta azkenik, castella izenekoak. Azken urteotan beste eredu bat ote zegoen proposatu da: lautadetan zeuden hiriak utzi eta haien inguruan goi aldean zeuden lekuetara joan eta gotorlekuak eraikitzen zituztela dioena. Gotorleku horiek erakunde funtzioak hartu zituzten, eta erdi aroan berezko nortasuna izan zuten.

Bertakoak ez ziren erromatarren gizartean era bakar, homologatu eta orokorrean sartu. Ez ziren berdin sartu herrietako goi mailakoak, mendi aldekoak, gudariak, zerbitzariak, gizonak eta emakumeak. Bai, hala da: ez da harrigarria generoak erromataratze prozesu horretan ere izan zuen aldea. Izan ere, bertako goi mailako gizasemeak izan ziren erromatar boterearen egituretan sartu ziren lehenbizikoak: hasieran, erromatar agintearen pean lurraldeak administratzen jarraitu zutelako, eta geroago hiritarren gobernu organoetako partaide izan zirelako, erromatar erakundeak imitatuz. Horri dagokionez baliabide eraginkorrenetako bat bertakoei hiritar eskubideak ematea izan zen, hala Erroma edo Italian jaiotakoen pare izatea lortzen baitzuten.

Vespasiano enperadoreak, Ius latii (zuzenbide latindarra) hedatu zuen Hispanian 73-74 urteetan. Emakida horien ondorioz, Hispanian Vespasianoren ediktuaren onuradun suertatu zen edozein hiri, zuzenean komunitate latindarra bihurtu zen; ondorioz, estatutu pelegrinoa izateari utzi eta antolamendu juridiko erromatarra izatera igaro ziren. Atxikitako kokaleku horietako nagusiek, erromatar hiritarrak izateko, udalerrian magistratu izan behar zuten: civitas per honorem; hala erromatar eskubideak eskuratzen zituzten erabat. Caracallak 212an Inperioko gizon guztiei erromatar eskubidea eman zien.

Erromatar hiritartasuna eskuratzeko beste modu bat erromatarren gudarostean sartzea zen. Jakina da baskoi eta barduliarrak gudariak izan zirela erromatar gudarostean tropa osagarri gisa. Tazitok bere Historietan (Historiae) azaltzen du Galbak baskoi kohorte batzuk errekrutatu zituela Hispanian (K.o. 60-68 inguruan), eta horiek Rhinera eraman zituztela Julio Civilis-en errepresioan parte hartzeko. Tropa baskoiek ikaratu egin zuten etsaia (beharbada zalaparta eta iskanbila batean hasten zirelako borroka egiten), eta hauen presentzia erabakigarria izan zen gudan garaipena erdiesteko; izan ere, eginak civium romanorum (Erromako hiritar) titulua ekarri zien sari. Erromatar kohorte bakoitzak 600 bat gizon zeuzkan, eta Tazitok kopuru zehatzik ematen ez badu ere, plurala erabiltze horrek hiru edo lau zirela adieraz dezake; hala, 1.800 edo 2.400 bat gizon errekrutatu ziren. Hori gizon kopuru handi samarra da, garai hartako biztanleria parametroen barnean. Trajanoren garaian baskoi kohorte bat eraman zuten Britaniara -cohors II vasconum civium romanorum-, eta hantxe segitzen zuen Trajanoren ondorengo Hadrianoren garaian ere.

Beste inskripzio batek Britannian cohors II vasconum equitata-ren prefektu eta geroago Mauritania Tingitanan legio II Augusta-ren tribuno izandako pertsona bat gogorazten digu (Hori guztia lizentziamendua zela-eta Erroman lagatako "diplomata militaria" horiei esker dakigu: cfr. CIL, XVI, 51 eta 69, hain zuzen 105eko urtekoak -Trajano- eta 122koak -Hadriano.), eta beste batek, Germaniako Nemaususekoa hau, L. Scimmius Aemilius aipatzen du, Vasconum civium romanorum II. kohorte hispaniarraren prefektua. Era berean, Britanian (High Rochester) egoitza zuen Vardulorum I Cohorte baten berri ere badugu, Septimo Severoren garaian (K.o. 210/211), cohors I fida vardulorum civium romanorum izena eskuratu zuena, haien fideltasuna zela-eta lizentziatzerakoan erromatar hiritartasun-adierazgarria lortu zuten seinale (Roldán, 1974, 145. or). Tropa horiek Erromaren armadan sartzea funtsezko gertakaria da, zeren eta lizentziatu ondoren itzuli zirelarik, gizon horiek beren herrian Erromako ideiak zabaltzeko bide izan ziren.

Erromatar Enperadoreak
Hemen erromatar enperadore nagusien zerrenda selektibo bat ematen da
Augusto (Imperator Caesar Augustus)K.a.27-K.o.14
Tiberio (Tiberius Caesar Augustus)K.o.14- K.o.37
Klaudio (Tiberius Claudius Caesar Augustus Germanicus)41-54
Neron (Imperator Nero Claudius Caesar Augustus)54-68
Galba (Ser. Sulpicius Galba)68-69
Vespasiano (Imperator Caesar Vespasianus Augustus)69-79
Tito (Imperator Tius Caesar Vespasianus Augustus)79-81
Domiziano (Imperator Caesar Domitianus Augustus)81-96
Trajano (Imp. Caesra Nerva Traianus Augustus)98-117
Hadriano (Imp. Caesar Traianus Hadrianus Augustus)117-138
Antonino Pio (Imp. Caes. T. Aelius Hadrianus Antoninus Pius)138-161
Marko Aurelio (Imp. Caes. M. Aurelius Antoninus Augustus)161-180
Septimio Severo (Imp. Caes. L. Septilius Severus Pertinax Augustus193-211
Karakala ( Imp. Caes. M. Aurelius Antoninus Augustus)198-217
Diokleziano (Imp. Caes. C. Aurelius Valerius Diocletianus Augustus)284-305
Konstantino ("Handia") (Flavius Claudius Constantinus Augustus)307-337
Teodosio (Flavius Theodosius Augustus)379-395
Honorio (Flavius Honorius Augustus)384-423

  • ALKAIN, Pía (2010). Aportaciones al conocimiento de las primeras etapas de ocupación de la aglomeración urbana romana de Oiasso, siglos I a.C. y I AD. Los materiales itálicos de la excavación de Bidasoa-Santiago. Irun.
  • ARCE, Javier (1994). El último siglo de la España romana. Madril: Alianza, Madril.
  • ARCE, Javier. Bárbaros y romanos en Hispania (400-507). Madril, 2005.
  • ARMENDÁRIZ MARTIJA, Javier (2005). "Propuesta de identificación del campamento de invierno de Pompeyo en territorio vascón". Trabajos de arqueología Navarra, 18, 41-64 orr.
  • BENITO, Ana María (1989). "Cerámicas del yacimiento submarino del cabo de Higer (Hondarribia)". Munibe (Antropología y Arqueología), 40, 123.-163. or.
  • ESTRABON. Geografia. III,3, 7.
  • HODGES, Richard (2003, 2005). "King Arthur's Britain an the end of the Western Roman Empire". URTEAGA, María Mercedes; NOAIN, María José (arg.). Mar Exterior. Nazionarteko Biltzarraren aktak "Mendebaldeko atlantikoa erromatarren garaian". Nazioarteko Biltzarra, Pisa, Santa Croce in Fossabanda, 2003ko azaroak 6tik - 9ra; Escuela Española de Historia y Arqueología en Roma-CSIC Roma, 2005. 179.-186. or.
  • KOCH, Michael (1997). "La doppia faccia della pax Romana in Hispaniis". ARCE, Javier; ENSOLI, S.; LA ROCCA, E. Hispania Romana. Da terra di conquista a provincia dell'Impero. Roma: Electa. 87-92 orr.
  • LUCANO. Phar. I 670.
  • ORTÍZ DE URBINA, Estíbaliz (2006). "Organización político-administrativa romana en los ámbitos provincial, intraprovincial y local". BARRUSO BARÉS, Pedro; LEMA PUEYO, José Ángel (argit.). Historia del País Vasco I. Prehistoria y Antigüedad. Donostia: Hiria. 225 or.
  • PINA POLO, Francisco (2009). "Sertorio, Pompeyo y el supuesto alineamiento de los vascones con Roma". ANDREU, J (ed.). Los Vascones de las fuentes antiguas. Barcelona: Instrumenta, 195-214 orr.
  • RODRÍGUEZ SALÍS, Jaime (2003). "La fabricación de garum: un ejemplo de etnoarqueología". Arkeolan aldizkaria, 11, 11.-15. or.
  • ROLDÁN, José Manuel (1974). Hispania y el ejército romano. Salamanca, 129. or. eta hur. eta 145. or.
  • SALUSTIO. Historiae, II. 93.
  • SAYAS, Juan José (1989). "Ad census accipiendos de ciudades vasconas y várdulas y la legatio censualis de un pamplonés". Espacio, Tiempo y Forma, Serie II, Hf Antigua, t II, 137-152 orr.
  • SYME, Ronald (1988). "Rome and the Nations". Roman Papers, IV, Oxford. 64 or.
  • TÁCITO, Publio Cornelio. Agricola. 30.7.
  • URTEAGA, Mertxe (1999). "El ondarelekua de San Martín de Iraurgi". Arkeolan aldizkaria, 6, 22.-28. or.
  • URTEAGA, Mertxe; AMONDARAY, L. (2003). "Estudio de la cerámica procedente del puerto romano de Irun. Avance de las investigaciones". Arkeolan aldizkaria, 11, 59.-104. or.
  • URTEAGA, Mertxe; ARCE, Javier (2011). Erromatar Arkeologia Gipuzkoan. Donostia, 23-25 orr.
  • VV.AA. (1997) "El mundo subterráneo en las tradiciones populares". UGALDE, Tx (arg.). El Mundo subterráneo en Euskal Herria. Donostia, 66. or.
  • BARANDIARÁN, Ignacio; MARTIN BUENO, Manuel; RODRÍGUEZ SALIS, Jaime. Santa Elena de Irún. Excavación arqueológica de 1971 y 1972. Donostia, 1999.
  • BESGA, Armando. Domuit Vascones. El País Vasco durante la época de los reinos germánicos: la era de la independencia (s. V-VIII). Bilbo, 2001.
  • CARO BAROJA, Julio. Los pueblos del Norte. Donostia, 1973.
  • CARO BAROJA, Julio. Los vascones y sus vecinos. Donostia: Estudios Vascos, 1985. Tomo XIII.
  • COLLINS, Roger. Los Vascos. Madril: Alianza, 1989.
  • IBÁÑEZ ETXEBERRIA. A. SARASOLA ETXEGOIEN, Nerea. "El yacimiento arqueológico de Santa María la Real de Zarautz (País Vasco)". IBÁÑEZ ETXEBERRIA, A. "Santa María la Real de Zarautz (País Vasco) continuidad y discontinuidad en la ocupación de la costa vasca entre los siglos V a.C. y XIV d.C.". Munibe (gehigarria) 27, 2009, 12.-84. or.
  • KOCH, Michael ."La doppia faccia della pax Romana in Hispaniis". ARCE, Javier; ENSOLI, Serena; LA ROCCA, Eugenio. Hispania Romana. Da terra di conquista a provincia dell'Impero. Roma: Electa, 1997, 87-92 orr.)
  • MICHELENA, Luis. "Guipúzcoa en la época romana". Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, año XII, 1965, 69.-94. or.
  • OCHARAN, José Antonio; UNZUETA, Miguel, "Andagoste (Cuartango, Álava): un nuevo escenario de las guerras de conquista en el norte de Hispania". MOREILLO CERDÁN, Angel (koor.). Arqueología militar romana en Hispania. Anejos de Gladius 5, Madril, 2002, 311.-325. or.
  • PÉREX, María Jesús. Los Vascones (el poblamiento en época romana). Iruñea, 1986.
  • PÉREZ DE LABORDA, Alberto. Los campesinos vascones. Donostia: Txertoa, 2003.
  • RAMIREZ SÁDABA, José Luis. "Los topónimos de las ciudades vasconas". ANDREU PINTADO, Javier (arg.) Los Vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular. Bartzelona, 2009, 127.-143. or.
  • SANTOS YANGUAS, Juan. "Un ejemplo de colonización en el Atlántico: los pueblos indígenas del Golfo de Bizkaia". Mar Exterior. Nazionarteko Biltzarraren aktak "Mendebaldeko atlantikoa erromatarren garaian". Escuela Española de Historia y Arqueología en Roma-CSIC Roma, 2005. 41.-52. or.
  • SATRUSTEGI, José María. "El mundo subterráneo en las tradiciones populares". UGALDE, Txomin. (arg.). El Mundo subterráneo en Euskal Herria, 1997.
  • SAYAS, Juan José. Los vascos en la Antigüedad. Madril, 1994.
  • SYME, Ronald. "The Conquest of North-West Spain". Roman Papers, II. Oxford: E. Badian arg., 1979, 825.-854. or.
  • URTEAGA, Mertxe. "El Vasconum Saltus y Oiasso". Arkeolan aldizkaria, 15. 2008, 173.-188. or.
  • URTEAGA, Mertxe. Erromatar Garaia. Donostia, 2002.