Arkitektura

Nautiko Elkartea. Donostia

Nautiko Elkartea Donostia hirian kokatzen den eraikuntza dugu, zehazki hiriko Kontxa badiaren ekialdeko muturrean, albo batean Kontxako hondartza egonik eta beste alboan Donostiako itsas portua, eta atzekaldean udaletxea.





Eraikuntza 1929koa bada ere, elkartea aurretik sortua zegoen, eta orain Nautikoko Elkartea kokatzen den leku berean beste eraikin bat zegoen baina oso xumea, solairu bakarrekoa. 1928an Elkarteak egoitza berri baten beharra aurreikusi zuen, funtzio gehiago eta berriak jasotzeko asmotan -bazkidentzako aretoak, idazkaritza, biltegiak, joku gelak, taberna, jatetxea, edota eguzkia hartzeko terrazak-. Elkarteko zuzendaritzak eraikin berri hori altxatzeko asmoa hartu zuen eta, lehiaketarik antolatu gabe, elkarteko kide bati eskaini zitzaion aukera. Aurrena elkarte berrirako proiektu bat diseinatu behar zuen eta, behin zuzendaritzak aztertu eta onartu ondoren, eraikina altxatu.



Elkarteko kide hau Jose Manuel Aizpurua donostiarra zen, 1927tik hirian lanean ari zen arkitektoa, Madrilgo Arkitektura Eskolan titulua jaso ondoren Joaquin Labayen tolosarrarekin batera. Bi arkitekto gipuzkoar hauek gure lurraldeko arkitektura garaikidearen historian oso garrantzitsuak izango dira, beraiek izango baitira Euskal Herrira modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko guztizko apustua egingo duten lehen arkitektoak, estilo honen aldeko apustu argia eta zuzena eginez. Berez, beraiek ez dute, garaiko beste arkitekto batzuk bezala, arkitekturan hizkuntza desberdinak erabiltzeko aukera zegoenik pentsatuko. Beraientzat arkitekturak eta etikak bat egiten dute eta, ondorioz, arkitekturarekin batera bizitzarekiko jarrera zehatz bat defendatuko dute, arkitektura eta gizartea elkartuz, gizartea eta politika ere harremanetan ipiniko duten heinean.

Beraz, Aizpuruak eta Labayenek defendatuko duten arkitekturan, dekorazioa baztertzeaz gain, eta forma soil eta sinpleen aldeko apustu bortitza egitez aparte, garai berriei zuzendutako arkitektura defendatuko dute. Horren arabera, nahiz eta alde batetik funtzioak formari jarraitu behar zion, bestetik formak adierazkorrak izan behar ziren, garai berriak islatuz. Eta garai berriekiko irudi edo sinbolo ezagunetakoa itsasontzi garaikideak ziren neurrian, Aizpuruak eta Labayenek hauxe erabaki zuten: Nautiko Elkarteko egoitza berrian, itsas munduarekin lotura zuzena zuenez, itsasontzi modernoen sabaiak eta kolorea erabiltzeaz gain -txuria- forma garaikideak ere erabiltzea. Horrela sortzen duten eraikina xumea, sinplea eta soila bada ere, era berean adierazkorra eta muturrekoa da, batez ere udaletxe berriaren eraikinarekin konparatzen bada, azken hau eklektizismo historizistan altxatu baitzen urte batzuk lehenago.

Nautiko Elkarteko eraikin berria hiru solairuetan antolatuko da, lehenengoan bulegoak, biltegiak, sukaldea eta dantza aretoa bilduz, bigarrengoan sarrera nagusia, liburutegia, taberna, joku aretoa eta terrazak, eta hirugarrengoan jatetxea, beste taberna bat eta terraza gehiago. Ondorioz, eraikina Kontxako hondartzara begiratzen duen alboan mailakatu egingo den neurrian, elkartearen erabiltzaileei terrazak eskainiko dizkio eguzkiaren izpiak mendebaldean bilatzeko. Ekialdean berriz eraikina bloke bakar batez osatzen da, elementu esanguratsuena azken solairuan kokatzen zen jatetxea izanik. Izan ere, espazio honen forma kurbaduna da eta fatxadako horma nagusia leiho zabal batekin zulatzen da erabilitako materialak eta eraikitzeko teknikak horrela ahalbideratuko dutelako; horrela eraikinaren irudi ospetsuena osatuko da, itsas portuari begira besteekin batera beste itsasontzi bat izango balitz bezala. Beste bi alboekiko, hegoaldera eraikina berriro ere ireki egiten da itsasoak eta badiak eskaintzen duten paisaia eraikinaren barnealdean sartu nahian, eta iparraldera, bestalde, itxi egiten da, udaletxeari bizkarra eman nahian eta soilik pasealekura eskailera ikusgarri bat eskainiz, beheko solairutik goiko solairura abiatzen dena.

Solairuen barne antolamenduari dagokionez, nahiz eta funtzio desberdinak eskaini, espazio jarraiak sortzen saiatuko dira, funtzioak hormak ez diren beste elementuen bitartez bereiztuz. Horretarako berebiziko garrantzia izango du eraikuntzarako aukeratuko diren altzariak, Thonet etxekoak, modernoak eta praktikoak izateaz gain mantentzeko errazak. Beste aldetik, lehen aipatu den bezala, argia ere oso garrantzitsua izango da eraikina diseinatzeko orduan. Bi arkitekto gipuzkoarren ardura eta kezka nagusia hori izango da: argia lortu, eguzkia bilatu, badian kokatu, itsasoarekin bat egin.

Tamalez hau izan zen bi arkitekto gipuzkoarrek elkarrekin egin zuten lehen eta azken lana, gero bakoitzak bere ibilbideari ekingo ziolako -Jose Manuel Aizpurua Gerra Zibilaren hasieran hil egingo dute- eta paperean elkarrekin egindako beste hainbat proiektu geratu baziren ere, honako hau eraiki zen bakarra izateaz gain garrantzitsuena izan zen, ez bakarrik beraien ibilbidean baizik baita ere Euskal Herriko arkitekturaren historian, eraikin honekin fase berri bat hasiko baita, arkitektura garaikidearena.

  • ARSUAGA, Miguel; SESE, Luis. Donostia-San Sebastián: Guía de Arquitectura. Donostia: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 1996.
  • AZPIRI, Ana [et al.]. Gipuzkoa. Guía de Arquitectura de 1850-1960. Donostia: Nerea-Gipuzkoako Foru Aldundia-Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala Gipuzkoa, 2004.
  • FERNANDEZ ALTUNA, Jose Javier. Euskal Herriko Arkitektura. Bilbao: Ibaizabal, 2004.
  • MEDINA MURUA, José Angel. ¿Cuándo habrá arquitectura? Jose Manuel Aizpúrua y Joaquín Labayen. Donostia: Koldo Mitxelena, 2012.
  • MENDIETA, José María; OLAZABAL, Manuel; SANZ ESQUIDE, José Angel. Archivo de arquitectura en el País Vasco años 30. Bilbao: Gobierno Vasco-Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, Delegación de Bizkaia, 1990.
  • MOYA, Angelina; SAENZ DE GORBEA, Xabier; SANZ ESQUIDE, José Angel. Arte y Artistas vascos en los años 30. San Sebastián: Diputación Foral de Gipuzkoa, 1986.
  • SANZ ESQUIDE, José Angel. Real Club Naútico de San Sebastián. 1928-1929. Almería: Colegio de Arquitectos de Almería, 1995.
  • URRUTIA, Angel. Arquitectura española siglo XX. Madrid: Cátedra, 1997.