Kontzeptua

Kazetaritza eta hedabideak Euskal Herrian

Kazetaritza, bere horretan, fenomeno modernoa da eta, batez ere, garaikidea. Gaur egungo informazioaren ekoizpen profesionala inprentarekin batera sortu zen eta kazetaritza izendatu dugun jarduera hori XVII. mendean hasi zen egun dituen ezaugarriak baitaratzen. Dena den, aurrez, informazio jakingarriak eskuratzeko premia beste modu batzuetan asetzen zen.

Inprenta berandu iritsi zen Euskal Herrira, hain zuzen, XVI. mendea hasi eta denbora batera. Hori dela eta, ez da harritzekoa ahozko kontakizunekin batera, albiste baten lekukotza gisa balia daitezkeen hainbat eskuizkribu gordetzea.

Pribatuaren eta publikoaren arteko eremuan Lantziego (Araba) herriko erretore Juan de Vallejok, 1564an, hasitako "albistegi" bitxi bat daukagu, 1617ra arte ekoitzi zena. Hala dio izenburuak "bataio-agirien amaieran egindako hogeita bat ohar aipatu urtekoak". Ohar horietako batzuk nazionalak dira eta beste batzuk tokikoak, herriko gertaera nabarmenei buruzkoak. Vallejo hil zelarik, hurrengo erretoreek ekimen horrekin jarraitu zuten, hots, Martin de Forondak eta Martin Perez de Viñasprek, hurrenez hurren.

Euskarari dagokionez, izenburua gaztelaniaz duen arren, la Ystoria de la quema de Salvatierra aipa daiteke. Juan Perez de Lazarragak, Larreako (Araba) dorreko jaunak, osatu zuen euskarazko bertsotan, izenburuan aipatzen den gertaera jazo zen urte berean, 1564an. Eskuz idatzitako kontakizun bat da (ez dakigu zenbateraino hedatuko zen), artzain-nobela baten zirriborroak eta maitasuna eta laikotasuna gaitzat hartuta moldatutako euskarazko hainbat poesia barneratzen dituen koaderno batean paratua. Kontakizuna, itxura batean, Arabako nobleak gazte zelarik idatzi zuen, 1564-1567 bitartean, eta 2004an topatu eta ezagutarazi zen. Euskal lurraldean (eta euskaraz) ekoitzitako kontakizun-balada zaharrenak XIV. eta XV. mendekoak dira, gehienak mendebaldeko euskalkian edo bizkaieraz idatziak: Beotibarko gudu-kantak (1321), Acondia (1390), Urrejola (1388-1401) eta Mungia (Olasoko kanta, 1471); Arrasateko erreketaren erromantzea, ganboatarrek Gipuzkoako herria erre zutenekoa eta ihesean zihoazen oinaztarrekiko lehenengoek hartutako mendekua kontatzen duena (1448); edo Bereterretxeko kanta, herrialdearen ekialdean zuberotarrez osatua, 1450 inguruan, ahozko euskal literaturako adibide liluragarrienetakoa dena eta sarritan "albistegi-erromantze" gisa sailkatu izan dena.