Monarkia eta noblezia

Petri Santxez I.a

Aragoiko eta Iruñeko erregea (1094-1104).

1068 inguruan jaio zen. Antso V.a Ramirez erregearen eta Urgellgo Elisabet erreginaren -Urgellgo Ermengol III.a kondearen alaba- oinordeko semea zen. Gerora aitaren tronua hartu zuen. Anaiorde izan zituen haren aitak Roucyko Felizia bigarren emaztearekin izandako Alfontso eta Ramiro infanteak.

Petri Santxez I.a, Petri I izenarekin eta "katolikoa" ezinenarekin ere ezaguna izan zen. 1086ko urtarrilean ezkondu zen Ines de Poitiers-ekin, Akitaniako Gilen VIII.a dukearen alabarekin. 1097ko abuztuaren 16an bigarren aldiz ezkondu zen Berta andrearekin, ustez italiar jatorrikoa. Lehenengo emaztearekin bi seme-alaba izan zituen: Petri, 1104an hil zena oinordekorik gabe, eta Elisabet, 1103an hil zena.

Aragoiko eta Iruñeko errege izatera heldu aurretik, Sobrarbeko eta Ribagorzako errege izan zen 1085az geroztik, aitak aginduta eta Monzongo errege-titulua ere aitarengandik jaso zuen, postua 1089an konkistatu ostean.

Era berean, errege izendatu aurretik, aitak bidalita Alfontso VI.aren kanpainan lagundu zuen Zaragozaren aurka (1086) eta musulmanen aurka borrokatu zuen Tortosako eta Sagrajaseko lurretan, Estada (1087) eta Monzon (1089) konkistatzeko. Hiru urte beranduago Zaidin hartu zuen, Fragatik (1092) gertu, eta urtebete beranduago Almenar (1093) hartu zuen. Garai hartan ahalegindu zen Lleida (1092-93) hartzen eta Huescan sartu zen (1094); orduan gertatu zen aitaren heriotza.

Huesca inguratzen hasi eta aita, Antso V.a Ramirez, hil ostean, Petri I.a errege izendatu zuten gudu-zelaian bertan eta hala, aitaren ondorengotza hartu zuen Aragoiko eta Iruñeko erreinuetan. Gertatutakoa ikusita, setioa bertan behera utzi ordez, Petri I.ak hiria setiatzen jarraitu zuen. Huesca bi harresirekin gotortutako plaza zen; kanpokoa lurrezkoa zen eta barrukoa harrizkoa. Setioa estutu aurretik, Rodrigo Diaz de Vivar-ekin, "Cid", laguntasun-hitzarmena berritzea nahiago izan zuen eta, horretarako, bisitan joan zitzaion Burrianara (Castello hegoaldeko kostara). Han bere aitak egindako hitzarmena berretsi zuen eta Huescara itzuli zen.

Huescako setioa Montearagonen oinarritik (1089an hartutako tokia) eta "Pueyo de Sancho" muinotik egin zitekeen eta horren aurrean, Zaragozako Mustain erregeak laguntza eskatu zion Gaztelari, Alfontso VI.ak Zaragozako eta Huescako musulmanekin hartutako konpromisoei jarraiki. Gaztelako erregeak tropak bidali zituen Naiarako Garcia Ordoñez kondearen agindupean eta horiek bat egin zuten Zaragozako armada musulmanarekin. 1096. urtearen erdialdera, musulmanak eta Gaztelakoak Huescarantz abiatu ziren. Petri I.a Alcoraz delako eremuan zegoen, hiriaren mendebaldean eta etsaietatik ez oso urrun.

Bi armadek elkarrekin topo egin zuten. Aragoiko eta Iruñeko abangoardiek Alfontso infantea zuten buru eta haien erasoak zalantzan jarri zuen etsaia. Gatazka hartan, Naiarako kondea, Garcia Ordoñez, preso hartu zuten eta batailak nahaste-borrastean jarraitu zuen iluntzera arte. Azkenik, Aragoikoek eta Iruñekoek garaipena lortu zuten Alcorazen, azaroaren 18an, eta horren ostean, Huescako hiria garaileen mende jarri zen. Bi urte eta erdiko setioaren ostean, 1096ko azaroaren 25ean sartu ziren tropa garaileak hirian.

Petri I.a erregeak hartutako lehen neurrietako bat meskita gisa erabiltzen zen katedral zaharra berritzea izan zen. Katedralaren zaharberritzea eta Huescako apezpikutzaren sorrera ekitaldi ospetsuan egin zen; meskita garbitu eta kristau kultua berrezarri zen hauen guztien aurrean: erregea, hainbat jauntxo, Tarragonako Berenguel eta Bordeleko Amato artzapezpikuak eta Iruñeko Pedro, Bartzelonako Folch, Leskarreko Sancho eta Jakako Pedro apezpikuak. Musulmanen eskuetan ia lau mende igaro ondoren, Jesus Nazareno deiturarekin sagaratu zen eta Jakako apezpikuak hartu zuen Huescako aulkia, Jakako egoitza bertara eramanda.

Petri I.ak adiskidetasun-jarrera hartu zuen Cid-ekiko eta leialtasun-jarrera Alfontso VI.arekiko, musulmanekin eta almorabideekin hitzarmenak izan arren.

1096. urtean, biak monarkaren laguntza eske joan ziren. Petri I.a hiriko bizimodua berrezartzen lanpetuta zegoen Cid-en premiazko laguntza-eskaera heldu zitzaionean; izan ere, Cid-ek Valentzia inguratuta zuen. Valentziaren konkista eginkizun ausarta zen eta erregeak begiz jotako eta bere lurretatik desterratutako partikular batek hartu zuen bere gain. Une desegokia izanik ere, eta Aragoiko eta Iruñeko nobleek erreparoak zituzten arren, erregeak ez zion uko egin nahi izan konpromisoari.

Hilabete beranduago, 1097ko urtarrilean, Aragoiko eta Iruñeko indarrek, erregeak eta haren anaia Alfontsok zuzenduta, Valentzia hegoaldeko Cadiella haitzeko mugako posizioari laguntza eman zioten eta almorabideen aurka borrokatu ziren Bairengo batailan. Almorabideak, Yusuf emirraren iloba Muhammad-ek zuzenduta, itsaso gainean kokatutako Bairengo gazteluan kokatu ziren, kristauei Valentziara itzultzeko bidea moztuz. Kasu hartan, gotorlekua hainbat ontzik itsasotik defendatzen zuten eta Muhammaden tropa musulmanek goialdetik. Tropak itsasoraino hedatzen zen Monduber mendiaren oinean kanpatuta zeuden. Bairengo batailan almorabideak garaituak izan ziren eta Cidek Aragoiko eta Iruñeko laguntzaren ordainetan Petri I.ari lagundu zion matxinatutako Montorneseko gaztelua menderatzen.

Hilabete beranduago, Petri I.a Alfontso VI.ari laguntzera joan zen, Gaztelako erregeak bere aurka esku hartu arren, Zaragozako eta Huescako errege musulmanei lagunduz. Alfontso VI.a Consuegran garaitua izan zen eta Toledo mehatxatuta ikusten zuen. Petri I.ari lagundu zioten espedizio horretan Nafarroako Antso Santxez kondeak, Huarte, Echauri, Salazar, Funes eta Arguedas, Ruesta eta Uncastillo jauntxoek eta Aragoiko hainbat jauntxok. Anaiak, Nafarroako Ramiro infanteak, ez zion lagundu; izan ere, garai hartan, 1096 eta 1099 artean hain zuzen, Lurralde Santurako gurutzada zuzendu zuen, nafarrek, gaskoiek eta akitaniarrek osatutako armadaren buru izanik. Azkenik, Petri I.aren esku-hartze armatua ez zen gertatu, almorabideek Toledorekin zituzten asmoak albo batera utzi zituztelako eta Levante aldera joan zirelako. Petri I.a erreinura itzuli zen tropekin.

1098. eta 1099. urteen inguruan, Huescako muga borrokaldien eszenatokia zen eta konkista Barbastro aldera bideratu zen. Bien bitartean, Nafarroako Erribera aldean, Tutera ondo babestutako herri iruindarrez inguratuta zegoen. Hauek ziren leku horiek: Funes, Faltzes, Azkoien, Arlas, Uxue, Arrada eta Arguedas. 1098. urtean, Petri I.ak postu militarra finkatu zuen Milagroko talaian Tutera zaintzeko eta hiriaren inguruan "Pueyo de Sancho" delako beste gotorlekua eraiki zuen. Funesko harana eremu gatazkatsua zen, Tuterarekin zuen hurbiltasunagatik batik bat, eta bertako arriskua areagotu egin zen hiria indartzen zihoan heinean. Bardeetako basamortu-eremuan, Martzillako bizilagunek zaintzako dorrea eraiki zuten. Defentsa-lerroa Caparrosoko eta Santakarako -bi leku horiei foruak eman zizkien erregeak 1102. urtean- biztanleriaren hazkundearekin osatu zen.

Petri I.aren hedapena Barbastroraino heldu zen. Plaza hori musulmanen domeinukoa zen, Antso Ramirezen garaietan irabazi eta galdutakoa. Musulmanei zaila egiten zitzaien defendatzea, gotorleku kristauen hurbiltasunagatik eta beste plaza musulman batzuen urruntasunagatik, hala nola Fragakoa eta Lleidakoa, laguntza behar izanez gero, urrun baitzeuden.

Petri I.a estrategikoki kokatutako Ribagorzako Calasanz herri aldera joan zen lehenik eta behin; Monzon hartu zenetik, tropel kristauetarako igarobidea ixten zuten. Calasanzek une hartan ohiko horniduraz gain, errendizioaren ostean Huescatik iritsitako musulman ugari zituen.

Hurrengo urtean, 1099an, Petri I.ak, handik gertu, Pueyo de Barbastro gotortu zuen. Plaza hori hartu aurretik, erregeak, konkista lortuko zuela sinistuta, Pontzio de Roda apezpikua Erromara bidali zuen, Rodako elizbarrutiaren egoitza Barbastrora eramatea kudeatzeko. Erregeak handik gertu zeuden indarrak bildu zituen plaza hartzeko, elikagaien hornidura eten zuen eta Zaragozatik erasotzaileen arreta erakartzeko bidalitako ejertzitoa menderatu zuen. 1100eko urrian, Barbastro iruindarren eta aragoiarren eskuetan erori zen. Erregeak gotzain-hiri ohorea itzuli zion tokiari, Antso Ramirezen garaietan gozatu zuen ohorea, hain zuzen, eta Pontzio apezpiku izendatu zuen.

Barbastro konkistatu ostean, Petri I.ak Cinca ibaiaren bi ertzak indartu nahi izan zituen, Lleidako botere musulmanari aurre egiteko eta, hortaz, Velilla del Cinca, Pueyo de Santa Cruz eta Peña de San Salvador gotortu zituen.

Erregea 1104ean hil zen, Aran bailaran, bere aitak Pirinioen bestaldean hasitako hedapen-politikari jarraiki eta San Juan de la Peñan hobiratua izan zen. 36 urte inguru zituen eta ez zuen oinordekorik; bere bi seme-alabak bera baino pixka bat lehenago hil ziren.

Berehalako oinordekoak Alfontso eta Ramiro anaiordeak ziren. Bietan zaharrenak hartu zuen tronua eta Alfontso I.a "Borrokalaria" gisa ezagutzen da.

  • ALVAREZ PALENZUELA, Vicente Angel (koord.). Historia de España de la Edad Media. Bartzelona: Ariel argitaletxea, 2008. 3. arg.
  • ARCO Y GARAY, Ricardo del. "La mezquita mayor y la catedral de Huesca". Argensola. Revista de Ciencias Sociales del Instituto de Estudios Altoaragoneses, 5. zbk., 1951, 35-42 or.
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia política del reino de Navarra: desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Iruñea, 1972.
  • LADERO QUESADA, Miguel Angel (koord.). La Reconquista y el proceso de diferenciación política (1035-1217). Madril: Espasa Calpe, 1998.
  • REILLY, Bernard F. "Cristianos y musulmanes (1031-1157)". Historia de España, VI. Bartzelona: Critica, 1992.
  • UBIETO ARTETA, Antonio. "Las Fronteras de Navarra". Príncipe de Viana, XIV. urtea, 50-51 zbk., 1953. 61-96 or.