Pintoreak

Ribera Sanchis, Carlos

Pintorea eta arte-kritikaria. Carlos Ribera Sanchis Alciran (Valentzia) jaio zen 1906. urtean. 1976ko urtarrilaren 18an zendu zen.

Riberaren aita, Jose Ribera Gomis, 1914. urtean Madrilera joan ostean, Espainiako lehen odontologo eta erradiologoetako bat bilakatu zen.

1920an, zezen-korrida batera joan zen Talavera de la Reinan eta Joselito torero ezaguna harrapaketa baten ondorioz hil zen. Carlos Riberak, garai hartan 13 urte zituela, harrapaketako faseen marrazkiak egin zituen eta Madrilgo egunkari guztietan argitaratu ziren, hori izan baitzen jasotako dokumentu grafiko bakarra.

20ko hamarkadan, medikuntzako ikasketak egin bitartean, ikasketa artistikoak ere egin zituen Madrilgo San Fernando Arte Ederren Akademian. Han garaiko Madrilgo askotariko mundua ezagutu zuen eta Salvador Daliren ikaskidea izan zen. Sarritan joaten zen Unibertsitateko egoitza ezagunera. Bertako zenbait adiskidek mundu mailako ospea lortu dute: Garcia Lorca, Luis Buñuel, Rafael Alberti eta abar.

1928. urtean, bi ikasketak amaitu zituen, medikuntzakoak espediente onarekin eta arte ederretakoak 500 pezetako aparteko sariarekin.

1930ean Donostiara joan zen. Jarduera artistiko handiko garaiari ekin zion, koadro eta marrazki ugari erakusgai jarri zituen eta kubismoa, surrealismoa, naturalismoa, inpresionismoa eta abar probatu zituen. Arteta, Zuloaga, Ortega y Gasset, Picasso eta Einstein ezagutu zituen.

1934an, Tellaeche, Landi, Juan Cabanas eta Jesus Olasagastirekin batera Gu elkarte ahaztezina sortu zuen, garaiko kezka artistikoen kondentsazio donostiarra.

1937an Juanita Azkaraterekin ezkondu zen. 1942an La Voz de España egunkariko arte-kritikari gisa hasi zen 1956 arte. Beste donostiar batzuekin batera, Gipuzkoako Kultura Zirkulua eta Ateneoa eta Gipuzkoako Artisten Elkartea berpiztu zituen. Denboraldi luze hartan erakusketak eta lehiaketak antolatu zituen, hitzaldiak eman zituen eta gazteei orientazioa eskaini zien, hala nola Menchu Gal, Amable Arias, Rafael Munoa eta beste batzuei.

Horrez gain, pintatzen jarraituko du eta Gipuzkoako artisten hainbat erakusketetan hartuko du parte; baita Hispanoamerikako Arte bienalean (1951) ere eta sariak eta ohorezko aipamenak lortuko ditu. Euskal paisaia du gai nagusi, baina baita natura hila, erretratuak eta abar ere. Ehun obra baino gehiago egin zituen.

1956an Donostiako kultura-zinegotzi eta alkateorde izendatu zuten. Ildo horretatik, bere eginkizunarekin jarraitu zuen, udal arte-aretoak antolatzen eta prestigioa ematen.

La Voz de España eta beste hainbat argitalpen idazten ere jarraituko du. Epaimahaiburu izango da eta katalogoetako hitzaurreak idatziko ditu. Humanistikoak eta apur bat ironikoak diren Riberaren askotariko artikuluek (800 inguru) artista handiei eta tokiko eta estatu mailako erakusketei buruzko artea jorratzen dute, oro har, baina baita filosofia, oroitzapenak, elkarrizketak, bidaiak eta abarri buruzko gaiak ere. Euskadiko eta garai hartako giro artistikoaren eta intelektualaren aparteko testigantza osatzen dute.

Bat-batean hil zen 1976ko urtarrilaren 18an, jardueraren erdian. Egun batzuk lehenago hitzaldia emana zuen Jesus Olasagasti bere adiskide minaren omenez egindako erakusketan.

Artistaren heriotzaren ostean, Donostiako Aurrezki Kutxak haren lanaren atzera begirako erakusketa (1976ko maiatzean) eta mahai-ingurua antolatu zituen eta bertan Donostiako hainbat pertsonaiak hartu zuen parte, besteak beste, Jose Berruezo, Jose Luis Banus, Aranaz Darras eta Rafael Munoak. Hainbat aldizkarik eta argitalpenek hitz egin dute Carlos Riberaren lanez eta zenbait lan ere erreproduzitu dituzte: Arte y artistas vascos en los años 30 (Gipuzkoako Foru Aldundia), Argazkiak, IV. liburukia, Fotografias 1951-1960 (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa), Enciclopedia Vasca eta abar.

2006ko azaroan, artistaren jaioterri izan zen Alcirako (Valentzia) Udalak eta Kultura Elkarteak omenezko erakusketa antolatu zuten, artistaren jaiotzaren mendeurrena eta heriotzaren 30. urtemuga zela eta.

2007an, Kutxa Boulevard Aretoak Carlos Ribera Sanchisen erakusketa antologikoa egin zuen. 1976an artista hil zenez geroztik ez zen haren lana erakusgai jarri Euskal Herrian.