Pintoreak

Sacristan Arrieta, Ricardo

Pintore akuarelista (ezin hobeto identifikatzen duen diziplina) 1921eko abenduaren 8an jaio zen, Gasteizen, eta 1980ko uztailaren 28an hil zen, Gasteizen.

Familia kulturadun eta ugari batean hezi zen, eta lehenengo aholku artistikoak Fernando de Amarica pintore ospetsuarengandik jaso zituen. Bere senidea zen, amaren aldetik. Bere orientazio piktorikoa Arte eta Lanbide Eskolan sendotu zen. Bertan, jada hirurogeita hamar urte beteak zituen Ignacio Díaz Olanoren ikasle izan zen. Maisu zaharrak, zalantzarik gabe, esfortzu pertsonala eta irmotasuna eskaini zizkion mutikoari, pinturaren lanbidean eta gaitasunetan treba zedin. Izan ere, Ricardo Sacristan urte askoan Diaz Olanoren mezenas izandako Felipe Arrietaren biloba zen.

Gasteizen jasotako eskolastika-prestakuntzaz gain, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan jarraitu zuen prestakuntza jasotzen. Hala adierazi zuen Ricardo Sacristanek berak urte batzuk beranduago prentsari eskainitako adierazpen batzuen bidez. Berrogeiko hamarkadan, hiriburura tokialdatu eta bertan finkatu zuen egoitza, behin betiko. Ez zuen, ordea, sekula bere jaioterriarekiko lotura galdu: familiartekoei egindako bisitak eta arrazoi profesionalengatik eta konpromiso artistikoengatik egindako bisitak. Bost urtez Pedro Muguruzarentzat lan egin zuen delineatzaile gisa. Hala, beharrezko baliabide ekonomikoak lortu zituen, bere zaletasun piktorikoarekin jarraitzeko.

Gerraosteko Gasteizko lehenengo ekimen artistikoetan kolaboratu zuen: Arabako Artisten II. Pintura Erakusketan (lehenengoa 1936ko abuztuan egin zen), Olagibel Aretoetan (1944ko abuztua), eta Arabako Artista Berrien I. Pintura Erakusketan (1944ko urria). Bi erakusketetan, pare bat izadi hil aurkeztu zituen. Artista Berrien III. Erakusketan (1946ko urria) zazpi akuarela aurkeztu zituen; paisaiak:-Dehesa Penedillo (Zamora), Gallinero. Sol y sombras, Contraluz, Corraluza abandonada eta El Omecillo (Espejo)- eta natura hilak -Objetos de escritorio y Objetos de tocador-.

Lehiaketaren zazpigarren edizioak (1950) Arabako Pintura Erakusketak izena hartu zuen, eta, bertara, akuarelaz pintatutako lau paisaia bidali zituen: Haro (Orillas del Ebro), Madril (Plaza de Oriente), Valladolid (Mi molino) eta Toledo (Cortij). Askotariko lekuen bidez, bere ezaugarri nagusietako bat erakutsi zuen: bidaiatzeko irrika. Familia-loturarik gabe, sorkuntza plastikoaz gaindiko beste konpromisorik gabe, pintore ibiltaria izan zen. Ia penintsula osoan ibili zen, Portugal barne, eta atzerrira ere maiz egiten zituen irteerak: Afrika Iparraldea, Frantzia, Italia, Erdialdeko Europa eta Amerikako Estatu Batuak (iparraldea).

1952ko apirilean, hiru akuarelekin aurkeztu zen Madrilgo Altamira Galerietan egin zen "Los Pintores de Vitoria" erakusketan. Erakusketa hark bizirik zeuden tokiko pinturako ordezkari gehienak bildu zituen. Okasio hartarako, katalogo bikain eta eder bat editatu zen. Era berean, eta azkeneko aldiz, beste hiru akuarela bidali zituen Arabako XII. Pintura Erakusketara (1955): El último carro, Costa vasca eta Sosiego (Río Pisuerga).

Garai horretan, erakunde ofizialen mendeko lehiaketa eta kultura-programen bidez bere pintura promozionatzeko ideia alde batera utzi zuen, edo gutxienez, partzialki. Banakako erakusketen bidez, ikuslearekin topo egin zuen, berriro, eta bere fruitu onenak eman zituen. Ildo horretan, Ricardo Sacristan nahiko emankorra zen akuarelarekin; erraztasun handia zuen bisitatutako lekuetako bistak apunte azkar eta arinekin jasotzeko. Hala, pintatzen zuen ia guztia saltzen zuen, bere cachea sekula igo gabe. Bizitza osoa pinturan egin zuen lan, mendekotasunik gabe. Lanbidearen eguneroko praktikan eta praktika jarraituan garatutako profesionala zen.

Bere akuarelak konposizio optimistak, alaiak, konplikaziorik gabekoak, eta, beraz, estetika atseginekoak direla esan izan da. Ur-pintura diziplinaren espezializazio honetan esperientzia asko zuenez, denboraren iragankortasuna eta argi-une bateko balio errepikaezinak jasotzen ikasi zuen. Horregatik, bere obrak beti paisaia naturaletan inspiratuta daude; argiarekiko eta atmosferarekiko mirespena sentitzen du.

Bere ibilbidean zehar, estilo klasiko inpresionista mantendu zuen, eta gutxitan aldatzen zuen ikusten zituen gauzen errealitatea. Marrazkilari ona zen, eta lerroaren eraginkortasunak zirriborro eta oreka gisa balio izan zion akuarelaren egitura osatzeko eta deskribapen-gaitasunak ateratzerako. Behin diseinua edo marrazki-eskema zehaztuta, uretan diluitutako kolorezko pigmentuek zentzu emozionala ematen zieten ingurumen-irudiei: atmosfera likidoak, efektu etereoak eta isla garbiak, eta, betiere, sinesgarritasunaz landuta.

Beste ikusmuga eta motibo batzuen artean, hiriko txoko zahar eta bitxiek, landa-panoramika atseginek, euri-uren ibilerek eta kai-irudiek Sacristanen obra funtsatzen dute. Pintore sentikor eta hunkibera zen, eta bere lanek nostalgia eta erromantizismo ukitu bat zuten.

Estilo, kontzeptu eta baliabideak ez zituen inoiz aldatu Gasteizko, Donostiako, Madrilgo, Murtziako eta Lugoko erakusketa partikularretan. Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, argi-akuarelak erakutsi zituen, besteak beste, aipatutako hirietan.

Hil zen urtean, Udal Aurrezki Kutxak erakusketa antologiko bat antolatu zuen Luis de Ajuria aretoan, pintorearen berrogeita hamar bat obrekin. Bi hamarkada beranduago, 2000ko urtarrilaren 4tik 25era bitartean, areto horretan bertan, beste erakusketa bat egin zen, Arabako akuarelista onenetako izandakoaren lana omentzeko.

  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990.
  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. "Ricardo Sacristán". Catálogo Exposición Homenaje, Sala Luis de Ajuria. Gasteiz: Vital Kutxa, 2000ko urtarrilak 4tik 25era.
  • UGARTE, Víctor. "Ricardo Sacristán". Celedón, Revista Gráfica de Fiestas, 58 zbk., Gasteiz, 1976.
  • "Se inaugura, hoy, la exposición antológica del acuarelista vitoriano Ricardo Sacristán". Norte Exprés, 1980ko abenduak 10.