Marrazkilariak

Bartolozzi Sánchez, Francis

Marrazkilaria eta ilustratzailea, muralista eta eszenatoki apaintzailea. Madrilen 1908an jaioa eta Iruñan 2004ko azaroaren 8an zendua.

Salvador Bartolozziren marrazkilariaren alaba zen eta Pedro Lozano de Sotes marrazkilari nafarraren emaztea. Ikasketak Madrilgo San Fernando Arte Ederren Goi Mailako Eskolan burutu zituen.

Blanco y Negro, Gente Menuda eta Crónica aldizkarietan marrazten hasi zen, haurrentzako bi pertsonai sortuz, Canito eta Peladilla alegia. Haurrentzako ipuinak ere idazten ditu. Komikietarako sortuak izan baziren ere, Capitan Trompeta eta Marino Trompetin pertsonaiak Rambal konpainiaren eskutik Infanta Isabel Antzokian, Madrilen, antzerki lan bezala estreinatuko dira. Bazar, Teresa eta antzeko aldizkarietan haur-ipuinak argitaratuko ditu. Pedagogia gaiei buruz Aurora Medinak idatzitako liburuetan ilustrazioak burutzen ditu, baita beste egile batzuen ipuinetan ere.

Bereak dira Madril, Iruña eta Corellako hainbat haurtzaindegitako horma-irudiak. Bestelako muralak ere egin ditu zenbait tokitan, esaterako: Eugi, Elkoaz, Garralda, Uterga, Arnotegi eta Irati mendian dagoen Edurretako Amaren Baseliza, Eibarko Arma Eskola eta Iruñako Nekazal Peritu Eskola.

Hainbat egunkarietan ere esku hartu du emakumezkoei buruzko hitzaldiak emanez. Iruñan 1955an eta 1963an hainbat erakustaldi egin izan ditu. Duguna eta Misterio de Obanos, San Guillen y Santa Feliciako irudiak ere berak egindakoak dira.

Nafarroako Museoak, 1999. urtean atzera-begirako erakusketa eskaini zion. Urte berean, Madrilgo Juan Bravo aretoan bere lana erakustera eman zen.

  • LOZANO BARTOLOZZI, Pedro. Pedro y Pitti. Iruña: Iruñako Udala, 1986.