Eskultoreak

Polan, Paco

1963an Iruñean jaiotako artista nafarra.

EHUko Arte Ederretan lizentziatu zen, Eskulturako espezialitatean (1983-1988). Beranduago, graduondoko bat egin zuen Pariseko École Nationale Superieur des Beaux Arts izenekoan bere ikasketak sakontzeko (1990-1991), Nafarroako Gobernuak emandako beka batek lagunduta.

Bere obrak ez du eskultura soilik jorratzen. Hala, marrazkian eta argazkilaritzan ere aritzen da, eta ezin da korronte artistiko jakin batean sailkatu, izan ere, etengabeko behaketan murgildurik dago.

Erakusketa bakarkako nahiz kolektiboetan parte hartu du. Bakarkako erakusketen artean hauek nabarmentzen dira: Iruñeko Zitadelako Horno Aretoan egindakoa (1988), Basauriko Kultura Aretokoa (1989) Almagroko Fúcares Galeriakoa (1992), Iruñeko Kribia Galerian egindakoa (1994), Bilboko Windsor Galeriakoak (1994, 1998) edota Iruñeko Arte Clio Galerian egindakoa. Muertes construídas izeneko erakusketa, arkitekto ezagunak hildako lekuen argazkiekin osatua, Bizkaiko hiriburuko Windsor Galerian (hainbat urtez), Iruñeako Zitadelan, edo Tolosako Aranburu Jauregian (2006) egon zen ikusgai. Gasteizko Montehermoso Kulturunean Made in Morocco izeneko erakusketa ipini zen 2006an.

Erakusketa kolektiboen artean daude Madrileko Fúcares Galerian egindakoa (1990), Bilboko Windsor Galeriakoa (1992), Bilboko Arsenal Galeriakoa (1997), Berlingo Arte Azokan paratua (1998), Dublinekoa (1998), Belfastekoa (1998), Iruñeko Arte Plastikoen IX. Biurtekoan egindakoa (2003), Iruñeko Moises Perez de Albeniz Galeriakoa (2004) edota Bilbao Exhibition Centre zentroan Fundiarte/el arte en la función izenarekin egindakoa (2005). Gainera, ARCO Arte Garaikidearen Nazioarteko Feriako hainbat ediziotan parte hartu du (1991, 2003, 2005, 2007, 2008) Bilboko Windsor Kulturgintza Galeriarne eskutik.

Sari ugari jaso ditu, besteak beste, Iruñeko Artista Gazteen III. Lehiaketan eskultura arloan jasotakoa (1987) eta Bizkaiko Artea 90 ediziokoa. Mallorcako Palman Joan Miro Fundazioak antolatutako Pilar Juncosa Sari Berezian finalista izan zen eta AENA Fundazioaren Argazkilaritzako Sari Berezia jaso zuen (2005).

Bere obra museo eta bilduma ezberdinetan dago ikusgai, esate baterako, ARTIUM Museoan, Nafarroako Museoan, La Caixa Fundazioan, Coca Cola Fundazioan, Caja Vital Fundazioan, Bizkaiko Foru Aldundian edo Gasteizko Udalean.

2010ean Conversaciones con artistas navarros serieko seigarren liburukia kaleratu zuen Nafarroako Gobernuak bultzatuta, artista esanguratsuen pentsamendua eta obra plastikoa hurbiltzeko xedez.